Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Ikusi izan banu

2019ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Hamalau bat urte izango genituen. Bagenuen, behingoz, eskolak eteteko aitzakia ofiziala. Egun batzuez sexu heziketako ikastaroa izango genuen institutuan. Hamahiru urte—krak egin dit zerbaitek hau idaztean— pasatu dira ordutik, baina gertaera gogoangarria izan zen itxuraz: hezitzailearen izena gogoratzen dugu oraindik. Hura zen hura aztoramena. Puztutako kondoiak batetik bestera hegan;irri lotsati etengabeak, egia puztuegiak eta gezur nabariak klasekideon aho urdurietan.

Ez dakit beste institutuetan nola izango zen, baina gurean behintzat, saio horiek ziren genero-rolek —orduan ez genekien feminismoa bazenik ere— zuten zamaren froga definitiboa. Ziur asko, ordurako gehientsuenok hasiak ginen gure sexualitatearekin jolasean —zer diren masturbazioa ez esateko eufemismoak— baina neska edo mutilen multzoan kokatua izan, oso bestelakoa zen saio haietan hartzen genuen jarrera. Mutil gehienok harrokeriaz kontatzen genituen gure ustezko balentriak. Neskek, aldiz, irmoki ukatzen zituzten. Gure sexu bizitza hasiberriaren berri anonimoki eman genuenean ere, argiak ziren estatistikak: neskak ez ziren masturbatzen, eta mutilak, aldiz, bai, konpultsiboki. Gerora kintako bazkari nostalgikoetan hitz egin izan dugu inoiz, eta argitu dugu kontua: proiektatu behar genuela sentitzen genuenaz gehiago esaten zuten zenbaki horiek, gure orduko praktikez baino.

Hamahiru urte joan dira ordutik; gaurko nerabeek akaso beste modu batera biziko dute. Ez da alferrik egin rol horiek hausteko ahalegina hainbat lubakitatik. Baita fikziotik ere. Besteren artean, bi telesailek lortu dute edukiak funtzio pedagogikoa bete behar duenean ia ezinezkoa izaten dena: bestela ere arretaz eta plazerez ikusteko modukoa den zerbait sortzea. Sex Education ingelesa da bata: esperientziarik ez duen arren ikaskideei sexu-hezitzaile zerbitzuak eskaintzen dizkien nerabe lotsatiaren istorioa du ardatz. Big Mouth animaziozko telesaila bestea: eskatologia eta eduki (ustez) hezitzailea uztartzen ditu, pubertaroan dauden nerabeen gorabeherak umorez kontatuz. Ez ditut (oraindik) osorik ikusi, ez dakit institutuetako estatistikak aldatuko ote dituzten... Baina horiez hizketan, adinkide bati baino gehiagori entzuna diot azken asteetan: ai, hau bere garaian ikusi izan banu...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.