Mikel Zumeta.
HERTZAK

Paduraren edertasuna

2022ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Lokatza, likido lodi eta opakua da; likatsua, zikina, narrasa, desiragarria ez den zerbait. Lokatzetan murgiltzea inori opa ez zaion zerbait da. Zaila da lokatzetan mugitzea, zaila bertatik irtetea, eta estigmarekin lotzen da.

Lokatza EITB Podkastek uhinetan kodetu duen deskodetze aldarria da. Bertan, Ainara Lasa, Amagoia Gurrutxaga, Idurre Eskisabel eta Lorea Agirre ditugu murgilduta. Ilun, itsaskor eta likatsua den mundu patriarkal eta heteronormatiboaren alkimia burutzen. Elementu lohitsua eraldatzeko asmoz, gardentasunaren bila, hitzaren bitartez, likido arin eta gardena bilaka dadin, kristalinoa, argia pasa dadila, igarogarria izan dadin bizitza, putzura jaurti nahi gaituzten guztioi.

Podcastak zortzi atal ditu sarean, 45 minutu eta ordu eta laurden bitartean dabiltzanak. Bakoitzean gai desberdin bat aletuko dute, eskuetan lokarri jokoa bezala, askatu korapiloa. Tolestu testua paperean, egizu origamizko beltxarga, hegaldatzeko, igeri egiteko fluxuan, arin.

Lana gauzatzeko parte-hartzaile bilduma altxortu dute; aipu literarioak, politikoak, intelektualak. Laguntzaile luxuzkoak dituzte, gutizia bat, ahotsa jartzen ahots ozenez egiten den hausnarketari.

Nola ematen da boterea? Nolakoak dira botere harremanak emakumeari dagokionez? Sormena? Gatazka? Zein da etxearen eta emakumearen arteko lotura? Zein da emakumeen ahotsa? Nola isilarazi egin da urtez urte, ahotsa? Nolako bitartekaritzaz?

Jule Goikoetxea, Alejandra Pizarnik, Marina Sagastizabal, Itziar Ituño, Simone de Beouvoir, Paquita La del Barrio, Begoña del Teso, Gautxoriak, Desireless, Beethoven eta Europa bahitua, Maite Arroitajauregi Mursego, Xukare Otero, B.A.L.A, Miren Aire eta beste hainbeste. Ezagunagoak eta anonimoagoak poliedro aldeaniztuna osatuz, ispilu ugari dira ageri, begiratu gaitezen bertan.

Lokatza podcastak Espainiako Ondas sarietako bat irabazi berri du. Pozgarria da oso, merezimenduak baititu saioak. Sariek, laudorioaz gain, oihartzun funtzioa betetzen dutelako, eta laukotearen lana ezagutzen ez duenari jakin-mina pizteko aukera ematen dutelako.

Gonbidatzen zaituztet, bada, murgiltzera, eta zikintzera, lokaztera zentzumenak, dastatzera emakumearen errealitatearen erradiografia, 320 Kbit/s-ko frekuentzian doitua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.