Tomas Sobrino. Margolaria

«Pintura arrazoiaren eta emozioaren arteko oreka da»

Bulegoko lana utzi eta soilik margolari aritzeak bizitza erabat aldatu zion Sobrinori. Naturan margotzen du, emozio iturri agorrezina baitu. Bidasoko eskolan kokatzen du bere burua.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Elizondo
2022ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Udaberriaren hasieran berde anitz ditu Baztanek (Nafarroa). Eta beste kolore batzuk ere bai. Horiei so aritzen da Tomas Sobrino margolaria (Elizondo, Nafarroa, 1953), begirada mantsoz, eta pintzelarekin harrapatzen ditu naturak pizten dizkion emozioak. Udaletxearen atzean duen tailerrean pilaturik ditu emozio horiek biltzen dituzten koadroak. Han aritu da solasean, Bidasoa ibaiaren inguruetako pinturaz batik bat.

Nondik heldu zaizu pinturarako zaletasuna?

Haurra nintzenean bati aritzen nintzen marrazten. Amak errieta egiten zidan gosaltzen nuen bitartean sukaldeko marmolezko mahaian marrazten nuelako, eta, noski, gero espartzua pasatu behar zuen garbitzeko.

Marrazkietatik margora noiz egin zenuen salto?

18 urte nituenean, Angel Rivas margolaria Elizondora etorri zen. Donostian sortua zen, eta gerran Miarritzera joan zen. Nire marrazkiak ikusi zituen, eta asko gustatu zitzaizkion. Galdetu zidan ea zergatik ez nuen margotzen. Margoak errespetu handia ematen zidan, baina hark egurrezko puru kaxa bat oparitu zidan tutuekin eta pintzelekin, probatzeko. Gizon jantzia zen; harekin hitz egitera joaten ginen Kepa Arizmendi eta biok. Pinturaz eta arteaz hitz egiten zigun, eta artearen inguruko jakin-mina piztu zigun. Hasi ginen haren etxeko sabaian margotzen, esperimentuak egiten, natura hilak pintatzen...

Margotzen nola ikasi zenuen?

Marrazketa artistikoko eskolak hartu nituen Donostian, baina gainerakoan nire kabuz ikasi dut. Zorte handia izan nuen Baztanen margolari talde bat ezagutu nuelako, eta haiekin asko ikasi nuen: Ana Mari Marin, Jose Mari Apezetxea... eta Baztanera etorri ziren margolariekin ere: Fidalgo, Bañales, Ibaizola... Zorte handia izan genuen haiekin une haiek bizita; hor ikasten duzu nondik margotzen duen bakoitzak. Ez da irakaskuntza akademikoa, baina bada norberaren margoa non sortzen den ikasteko modua: zerk hunkitzen duen, zerk eramaten duen margotzera.

Zer giro zegoen Baztanen garai hartan pinturari zegokionez?

Ana Mari Marinek eta Apezetxeak margotzen zuten. Zigak ere bai, udak hemen pasatzen baitzituen. Garai hartan erakusketa bakarra egiten zen, bestetan; Marinek antolatzen zuen, udaletxeko sotoan. 1970az ari naiz, ez zegoen kultur etxerik ere. Geroago etorri ziren pintura eskolak-eta.

Bidasoan margolari anitz izan dira aspalditik.

Gure pintura Bidasoko eskolari loturik dago. Bidasoan jarduera piktorikoa hasi zen XIX. mendearen bukaeran zenbait margolari ibai ahoan margotzen hasi zirelako. Gero igoz joan zen: Beran barojatarrak, Larramendi... eta Baztango margolariak. Naturan pintatu dugun margolariak gara.

Bidasoak zer du margolari eskola sortzeko?

Paisaia liluragarri bat du; hori horrela da. Ez dakit zergatik dauden margolari gehiago, ez dut uste arrazoi bakarra dagoenik. Hemen musika garrantzitsua izan da, eta jendeak badu nolabaiteko sentsibilitatea, elikatuz joan dena, eta horrek arte guzietarako balio du.

Eskola egiten jarraitu zenuten, ikastaroak antolatuz.

Eskolak ematea erabaki genuen Apezetxeak eta biok, 1995ean. Jendeari lotsa ematen zion karrikan astoa paratu eta jendeak ikusteak. Guk nahi genuen hemengo jendeak Bidasoko margolarien bideari jarrai ziezaion, naturalean margotu zezan. Urte luzez, udalak antolatu zuen ikastaroa; gero utzi egin zion, eta nik jarraitu nuen, Apezetxea zahar zegoelako eta harentzat fisikoki esfortzu handia zelako. Erratzura joaten ginen lagun ziezagun.

Taldean margotzea nahiago duzu? Ezberdina da?

Pintura intimoa da; sorkuntza prozesuak intimitatean egiten dira. Baina kanpoan margotzea ere nahiko pribatua da, bakoitzak bere txokoa baitu. Kontua da margotu ondoren partekatu egiten dela, eta horrek laguntzen du. Izan ere, koadroa itzuli egiten zaizu beste norbaitek ikusten duenean eta horri buruz hitz egiten duenean. Norbera ez da izaten bere lanaren epaile oso ona. Beti behar da beste begirada bat.

Karrikan margotzeak ere baditu alde txarrak, ezta? Eguraldiak baldintzatzen du.

Tailerreko lana erosoagoa da, dena duzu eskura; baina batzuetan ezerosotasun horri esker koadroa freskoagoa da, ez hain pentsatua, bat-batekoagoa. Baina ez dut esanen dena karrikan margotu behar denik, ezta dena tailerrean ere. Biak egin daitezke. Nik tailerrean ere margotzen dut, baina karrikara atera beharra dut emozio batzuk jasotzeko. Askatasuna ematen dit, emozioa; tailerrean hausnarketa gehiago dago. Pintura arrazoiaren eta emozioaren arteko oreka da. Emozio gehiegirekin eromena da, eta arrazoi handiegiarekin, heriotza.

Gogoan duzu margotu zenuen lehenbiziko koadroa?

Rivasek oparitutako tutuekin, udaletxeko karrika eta fatxada margotu nituen, olioz, postal bat kopiatuz.

Noiz erabaki zenuen pintura zure lanbidea izatea?

Lesakako Laminacionesen lan egiten nuen, bulego batean; beraz, asteburuetan margotzen nuen. Ikusi nuen ezin nuela horrelako zaletasun bat erdizka egin. 1993an erabaki nuen fabrika utzi eta honetan aritzea. Jendeak beti esaten zuen erretiroa hartzean zer eginen zuen, baina erretiroa 40 urterekin oso urruti dago; beraz, saiatzea erabaki nuen. Amildegian behera salto egin nuen, manera oso intuitiboan, ez bainuen inolako segurtasunik. Erabaki emotiboa izan zen, baina erabat asmatu nuen, inoiz ez bainaiz damutu.

Zer ekarri zizun aldaketak?

Pinturak dena eman dit; nire bizitza erabat aldatu zen. Ez banintz pinturan ariko, ez nuen Jorge Oteiza hainbeste ezagutuko, lantegian lanean ariko bainintzen. Denbora nuelako, jende asko ezagutu dut, lagundu nautenak.

Nolako harremana zenuen Apezetxearekin?

Nire aita espirituala izan zen. Han nuen, eskura: beti zegoen etxean. Denda zuen, eta baserrietan saltzera joaten zenean margoak eramaten zituen. Margotzeko zerbait ikusten bazuen, salmenta beste egun baterako uzten zuen. Oso maiz elkartzen ginen margotzeko, eta asko solastatu gara, asko partekatu dugu. Bestalde, haren inguruan zen Fidalgo. Fidalgo garrantzitsua izan da ibar honetan; pintura berriagoa, freskoagoa eta modernoagoa ekarri baitzuen.

Eta zer esan zenezake Marin margolariaren inguruan?

Oso pertsona eskuzabala zen, eta beti ematen zuen ahal zuen guzia. Baztan toki guzietara eramaten zuen: gure enbaxadorea zen. Harreman oso polita izan genuen.

Nola aurkitu zenuen zure estiloa edo zure tokia pinturan?

Ez duzu horretan pentsatzen; margotzen duzu, eta prozesu horretan ateratzen da. Idaztea bezala da: idatzi eta idatzi, zure letra ateratzen da, ezin duzu saihestu. Estilo bat izan nahi baduzu, ez duzu lortuko; kaligrafia eginen duzu. Hasieran, horrekin kezkatzen da jendea: nahi du kolpean ezagutu dezaten. Lasai, aterako da.

Zer kolore du Baztanek?

Baztan mila kolore da. Batzuek diote «Baztango berdea», baina zer egunetan eta zer ordutan? Hau segundoero aldatzen baita. Hemen bizita, zortea dut, prozesuak modu motelean ikusten ditudalako. Egunero paseatzen naiz, eta aldaketak ikusten ditut. Udazkena maite dut, kolore besta delako; eta udaberria ere bai, udazkena bezalakoa baita, baina suabeagoa, delikatuagoa. Oraintxe tonu anitz daude: berde anitz. Hemendik hamar egunera botako dute pintura potea, eta berde guzia oso berdina izanen da. Egun batzuk irauten du aniztasunak, eta hori da politena, bukatzen dela, eta agudo ibili behar duzula, edo heldu den urtera arte itxaron. Neguak ere baditu ñabardurak, gris tonalitateak, elurra...

Sentimenduen eta arrazoiaren arteko oreka aipatu duzu. Mihisearen aurrean zaudenean, bietako batek irabazi ohi du?

Saiatzen naiz oreka bilatzen, baina beti behar dut hunkitu. Zailtasunetako bat da paisaia ezagutzen duzunean batzuetan ez zaituela harritzen. Behar duzu sorpresa faktore hori, argi une hori. Argia batez ere: hori da ia dena aldatu eta erabakitzen duena. Eta zain egotea, ehiztariak bezala.

Zure pinturan zer eragin izan dute aipatu dituzun pertsonek?

Norbaitekin harreman pertsonala baduzu, eta ikusten baduzu nola pintatzen duen egunerokoan, ikusten duzu nondik margotzen duen. Noski, formalki ere seguru eragin didatela. Gustatzen zaigun guziaren batuketa gara artistak. Ikasteko, atzera begiratu behar da. Zure lanetan beste margolarien arrasto ikusgarriak badaude, ongi ari zaren seinale.

Zuk nondik margotzen duzu?

Naturak hunkitzen nau: ez zait inoiz bukatzen. Hain da handia eta jakintsua; emozio guziak aurkez diezazkizuke. Garai hauetan dena agudo doa, eta ez dugu deus ikusten. Pinturak gelditzera behartzen zaitu; lengoaia motela da. Orain denek egiten dituzte argazkiak uste dutelako kamera on baten botoia kliskatzea dela, baina ez da horrela. Arte guziek denbora behar dute, eta denbora luzez so egitea. Gizarte honetako gaitzik handienetako bat da agudoegi bizi garela.

Isiltasuna ere garrantzitsua da zuretzat?

Noski, hori ezinbestekoa da. Barne isiltasuna, zeure burua aditzeko eta ulertzeko. Itsasoko ortzimugan beti dago isiltasuna. Baztanen begirada ezin duzu urrutian paratu, beti baitago mendi bat gertu; beraz, tarteka urrutira begiratzeko beharra dut, eta itsasoa ikustera joaten naiz.

Isiltasuna edo lasaitasuna dagoen toki bat erakustokia da, ezta?

Maite dut erakusketan egotea; hasteko, ez baitut beste aukerarik, inork ez baitit zainduko. Baina gustura egiten dut. Zortea dut jendeak ez dakielako margolaria naizenik, normalki hor erakusketako zaintzailea dagoelako. Orduan, haien iritziak aditzen ditut. Margolaria naizela dakitenek gehiago hitz egiten didate. Margotzen dut lanak norbaiti zerbaitetarako balio diezaion, eta niri balio dit errealizatzeko eta nire emozioak bideratzeko ere.

Baztango margolariek jarraipena izanen duzue?

Badago jendea jarraitzen duena; kontua da ez dela erraza honetatik bizitzea. Tira, gaur egun edozertaz bizitzea zaila da. Dena den, ez da beharrezkoa denek lanbide gisa izatea; jendeak zaletasuna badu eta pinturari balioa emateko gai bada, hori ere ongi dago.

Esan duzu jende askok erretiroa hartzen duenerako uzten dituela zaletasunak. Zuk zaila izanen duzu erretiroa hartzea?

Honek ez du erretiroa hartzeko ematen, ez. Baina berdin zait, lan hau egiten jarraitu nahi baitut. Honek ez du diru askorik ematen, baina beste gauza askok ematen ez duten zoriontasuna ematen dit.

Nola ikusten duzu etorkizuna?

Artearen abantaila da inoiz ez duzula bukatzen. Beti izanen dut segitzeko erronka. Naturak aurrera egiten du, eta nik aurrera eginen dut osasunak uzten didan arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.