Albistea entzun

1978ko sanferminen 40. urteurrena. HEMEROTEKA

Azken agurra Germani

Uztailaren 10ean, Rodriguezen hiletan, Francisco Larrainzar apezak azpimarratu zuen poliziek «euskal herritarrek eta nafarrek elkarri emandako eskuak moztu» nahi izan zituztela.
Hilerrira bidean, hilkutxa eramaten, 1978ko uztailaren 10ean.
Hilerrira bidean, hilkutxa eramaten, 1978ko uztailaren 10ean. CONCHI ZUDAIRE/ANDRES VALENTIN Tamaina handiagoan ikusi

Joxerra Senar -

2018ko uztailak 12

Bigarren dolu eguna izan zen astelehenekoa (uztailaren 10), eta hala jaso zuten garai hartako egunkariek biharamunean. Bezperan egin zen German Rodriguez Saizen hileta elizkizuna, eta handik manifestazio isila egin zen Iruñe erdigunerantz, hil zuten tokiraino. Protesta olatua Euskal Herri osoan zabaldu zen. «Dolu manifestazio jendetsua atzo Iruñean», nabarmendu zuen Egin-ek azalean. «German Rodriguez Saizen aldeko hileta hilerriaren zabalgunean», idatzi zuen Diario de Navarra-k. Milaka herritarrek eman zioten azken agurra Germani. «Tentsio handiko egoera», nabarmendu zuen Diario Vasco-k: «Errepideak moztuta, barrikada, lanuztea, manifestazioak... Iruñeko gertaera tragikoek (hildako bat eta 300 zauritu) erreakzio biolentoak eragin zituzten Euskal Herri osoan», gaineratu zuen.

Jesus Lezaun, Francisco Larrainzar eta Luis Lizaur apezek eman zuten Germanen hileta elizkizuna. Larrainzarrek eraldatu egin zuen Winston Churchillek RAFeko pilotuei buruz Bigarren Mundu Gerrako aipu ezaguna —«Inoiz ez zuten hainbestek hainbeste zor hain gutxiri»—, Diario de Navarra-ren arabera: «Inoiz, hain gutxik ez dute hainbeste jenderi sufriarazi. Ea esaterik badugun inoiz ez diotela hainbeste pertsonak halako erronka bati hain sendo erantzun», esan zuen Larrainzarrek. Bere sermoian, salatu zuen esku beltzak zeudela, eta ematen zuela sortzen ari zen garai berria eragotzi nahi zutela: «Aspalditik dugu nafarrok irudipena norbait atzetik zelatan dugula eta fusilarekin jomugan gaituela; norbaitek, sortu berri den demokrazia ziztrin honen trikimailu guztiak erabiliz, arnasa kendu eta hasi berri dugun bidea moztu nahiko baligu bezala. Ematen du euskal herritarrek eta nafarrek elkarri emandako eskuak moztu nahi izan dituztela. Zer nahi zuten gizon horiek izua zabalduz?».

Hileta amaituta, hitzaldiak egin ziren hilerriaren kanpoaldean. Diario de Navarra-ren arabera, lehenik, Ignacio Zudaire Anaitasuna peñako ordezkariak hartu zuen hitza. Peñen izenean, euren mina adierazi zuen gertaera tragiko horiengatik. «Sutsu gaitzesten ditugu gure herriari eraso egin dioten erakundeak, eta ikerketa hasteko eskatzen dugu, erantzukizun zibilak eta kriminalak exijitzeko, azken ondorioraino».

Gero, LKIko Ramon Contrerasek bere lagun German Rodriguezi buruz hitz egin zuen, Diario de Navarra-k kronikan jaso zuenez: «Zer zentzu du heriotza honek? Zer logika du Polizia plazan sartzea jendea hiltzera? Zer logika du metrailetak erabiltzeak? Mozorroa kentzeko ordua iritsi da. Bai, badakigu nortzuek hil zuten, 1973an kartzelan sartu zuten horiek». Haren ustez, azken erantzulea Espainiako Gobernu «antinafarra» zen. «UCDkoek diktaduraren jazarpen indarrak bidali dizkigute hona. Ondorioak denok ikusten ditugu. Edonor eror daiteke bala baten ondorioz, edo atxilotuta».

Egin-en arabera, Contrerasek Euskal Herriko «txoko guztietan» erantzun bateratu bat ematera deitu zituen alderdi eta sindikatu guztiak. Eusko Gudariak abestu ondoren, isilpean atera zen manifestazioa. Aurretik, German Rodriguezen lau anai-arrebak zihoazen, eta atzean, Guk ez dugu ahazten, German zioen LKIko pankarta. Beste pankarta batzuek zioten Arduradunei zigorra edo jazarpen indarrak desegin. Hilerritik irten, Donibane auzotik igaro eta erdigunerantz iristean, polizien jeep eta autobus ugari topatu zituzten. «Anaietako batek segurtasun indarrekin negoziatu zuen esku hartu ez zezaten».

Diario de Navarra-ren arabera, LKIko batek honako mezu hau zabaldu zuen: «Jarraitu behar dugu borroka erakusten kalean, fabrikan, batzarretan... Baina momentu honetan, egin dezagun isilik». Handik Orreaga etorbidera iritsi ziren, German Rodriguez erail zuten tokira, eta han «azken omenaldia» egin zioten Rodriguezi, «isilune handi batekin».

Hala ere, 3.000 lagun inguru, «jarrera horrekin ados ez zeuden» eta manifestazio bat egin zuten ingurutik. Egin-en arabera, ETAren aldeko oihuak egin zituzten, eta mendekua aldarrikatu zuten. Manifestazio hori Alde Zaharreko kaleetara sartu zen, eta, San Domingo kalera iristean, segurtasun indarrekin egin zuten topo: «Minutu batzuk zain egon ostean, segurtasun indarrek gomazko pilotekin eta negar gasekin erantzun zuten, 17:00ak arte iraun zuten liskarrei hasiera emanez».

Egin-en arabera, udaletxe aurrean German Rodriguezen argazkia zeraman mahai bat jarri zuten, eta jendeak mahai gainean dirua uzten zuen: «Segurtasun indarrek une oro errespetatu zuten mahaia, baina ez zioten inori gerturatzen uzten». Bazkalorduan, kaleak «hutsik» zeuden: «17:00etan, indar berezien autobusek Alde Zaharra utzi zuten, eta Estafetatik igarotzean bertan zeuden barrikadak ireki zituzten. Minutu batzuk geroago bere tokira itzuli ziren. Segurtasun indarrak joateko agindua eman zuten Iruñeko peñen ordezkariak udaletxean bil zitezen». Festekin zer egin erabakitzeko zuten.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

Dulantzi ibaiko ubidea (Araba). ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Ubideak, animalientzako etsai

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

Hainbat animalia ubideetara erori eta atera ezinik gelditzen dira; Dulantzi ibaiko ubidean, esaterako. Herritarrek eta ekologistek kasuok salatu dituzte, eta gaia Arabako Fiskaltzara ere iritsi da. Gasteizko Udal Uren esku dago ubidea, eta azaldu dute «irtenbide egokiak» bilatzen dabiltzala.

<em>Teknopolis</em> saioko lantaldea atzo Mondragon Unibertsitatean egindako aurkezpenean, Arrasaten. ©ELHUYAR

Asteburuan hasiko da 'Teknopolis', koronabirusaz haragoko gaiekin

Ainhoa Larretxea Agirre

Zientzia eta teknologia lantzen dituen dibulgazio saioak 24. denboraldia du

 ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

«Lan hau berrespen bat da: gauzarik txikienak izan daitezke bitxienak»

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

Erabaki arrazional bat hartu ordez, intuizioari jarraitzeko hautua egin zuen Apodakak, eta horrela osatu du bihar Laudion aurkeztuko duen erakusketa: 'Toys'. Harribitxiekin osatutako daga bereziak egin ditu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Joxerra Senar

Informazio osagarria

Egin BERRIAlaguna

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Egin BERRIAlaguna