Etxeetako zimurren memoria

2004ko lurrikarak pitzadurak sortu zituen Lizoain-Arriasgoiti inguruan. Itoizko urtegia betetzeak eragin zituen lur mugimendu haiek. Aurretik ere izan dira lurrikarak Nafarroan; handiena, 1903an.

Lurrikarak 2004an Urrozko etxe batean eragindako pitzadura. J. MANTEROLA / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2020ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Nafarroan, Urrozko eta Lizoain-Arriasgoitiko elizen paretetan pitzadurak ageri dira,2004an inguru haiek gogor astindu zituen lurrikara ahazten utzi nahiko ez balute bezala. Lurrikarek eraikinetan sortzen dituzten pitzadurak bisaietako zimurrak bezalakoak dira. Izan ere, lurrikarak izan direla gogoratzea garrantzitsua da, etorkizunean ere gertatuko baitira. Nafarroan ohikoa da tarteka lurrak dar-dar egitea, Pirinio inguruan batez ere. Azken hamarraldietan, indar handiagoz egin zuen 2004an eta 2017an.

Itoizko urtegia betetzen hasi zirenean gogor astindu ziren lurrak. 2004ko irailean Lizoainen lehenbizi, Nagoren ondoren, 5,3 eta 5,2 magnitudeko lurrikarak izan ziren, hurrenez hurren, Frantziako neurtzeko maneraren arabera. Pitzadurak agertu ziren etxeetan, eta beldurra handitu zen inguruan. Hurrengo bost urteetan 3.000 lur mugimendutik gora izan ziren.

2017ko martxoaren 10ean, 4,2 magnitudeko lurrikara izan zen Lizoainen, VIko intentsitatekoa. Geroztik, lurra mugitzen aritu da, Eguesen eta Lizoainen, mahai tenisean ariko balira bezala.

Atzerago begiratuta ere, erreparatzeko moduko lurrikarak daude: 1982an zenbait dardara izan ziren Garesen eta Iruñean. Gareskoa 4,5 gradukoa izan zen, eta Iruñean 4,4 eta 4,2koak izan ziren. 1998an, Lizarraga astindu zuen 5,2 graduko lurrikara batek, Veko intentsitatearekin. Sanferminetan ere izan zen lurrikara bat, behin: 1923ko uztailaren 10ean. VIIIko intentsitateko eta 5,5 -6 magnitudeko lurrikara izan zen hura. Martes herrian (Espainia) zuen epizentroa, Esako urtegiaren bukaeran.

Dena den, Iruñea gehien astindu zuen lurrikara 1903ko martxoaren 10ean gertatu zen. Hiru ordu baino gehiagoz jasan zituen dardarak Nafarroako hiriburuak. Donostian ere sumatu zituzten, kristalak hautsi baitziren han. Garai horretan ez zen Ritcherren eskala sorturik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.