Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Kanpaina, sobera

2019ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Errespetua irrati publikoari. Espainian telebistetako debateak bete dituzten lau hautagai nagusietatik hiruk ez diote RN1eri elkarrizketa eskaini nahi izan, etxe horretako esataria den Sandra Gallardok salatu duenez. Kontrara, ipurdia galdu beharrean hurreratu dira Marca kirol egunkarira; eliteko futbolari aberatsei azaleko irudia egun batez lapurtzea zen beren bizitzako ilusioa, nonbait. Bada, Gallardok eta bere lankideek honetaz gero badakite nortzuek zenbat errespetatzen duten irrati publikoa. Bizkar emate horretan, Moncloako maizterrarena izan da harrigarriena. Berak hautatu baitzuen Rosa Maria Mateo RTVEko zuzendaritzarako, eta honek ipini baitzuen Iñigo Alfonso esataria, N1eko Las mañanas goiz magazinaren gidaritzan. Esatari horixe eduki dute hiru hautagai nagusiek zain, alfer-alferrik.

Komunioa pentsaeran. Entzuleekin identifikazioa sentitzeko moduko hausnarketak bota zizkiguten REn Felix Arrieta, Alberto Ayala, Luis Aizpeolea eta Martxelo Otamendi analistek, Agustin Sarrionandiak hauteskunde kanpaina gaitzat jarri eta gero. Kanpainak sobera daude, boto emaileek agintaldi oso bat baitaukagu jakiteko alderdi bakoitzaren nondik norakoa, itxaron gabe artifizioa eta antzerkia funtseko dituen kanpainari. Kazetariak politikoen esanera jartzen dira, irudi operazioaren morroi. Haiengana hurbiltzen dira, agerraldia interesekoa izan ala ez. Lehen planoak agertzen dizkigute eta ezkutatzen informazio ugari; esaterako, aurrean daukaten entzuleria eskasia. Bizpahiru adierazpenik distiratsuenak hautatzeko lana hartzen dute. Eta gainera, gurean, kapaz dira politikariak euskaraz egin duen esaldi bakar hori nabarmentzeko, euskara errespetuz erabili izanaren mezu okerra zabalduz.

Kontraesanean harrapatua.

Irratiaren apologia egitea dagokit eztabaida politikoen arloan, hitza lehenesten duelako telebista efektista eta iruzurtiaren aldean. Baina errealitatean, Radio Euskadin, Euskadi Irratian eta Onda Vascan bost hautagaiekin antolatu dituzten eztabaidak irentsi ditut, eta indiferentzia eragin didate batik bat. Soinu berririk ez, aurrez aditu ez genuena.

Espainiako bi telebistek lau hautagaiekin eskaini dizkiguten debateek, baina, entretenituta eduki naute. Mundu ikuskera ezberdinen arteko konfrontazioa baino gehiago, politikaren karikatura satirikoa eskaini digutelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.