Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Anakronikoa

2019ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Astelehenak libre. Astelehenetan futbol partidak kentzeko eta ostiraletan eusteko epai salomonikoa hartu zuen epaileak abuztuan, eta ez dakit poztu beharra daukagun ala haserre segi, futbolitisaren saturazio mediatikoaz nekatuta gaudenok. Goi mailan sei talde dituen Euskal Herrian, EITBko irrati-kontsumitzaileoi etsipenez jarraitzea egokitzen ote zaigu, bigarren mailako entzuletzat jotzen gaituzten aldiro? Modernoa izatearen ustea duen gizarte batean, normala ote da futbolak ohiko irrati programazioa inbaditzea nahi duen aldiro, eta Internetera bidaltzea kulturgileei ahotsa ematen edo zientzia dibulgatzen dituzten saioak, albistegiak edo tertuliak?

Logikarik eza. Gola futbolaren esentzia dela onartuz gero, zer nezesidade dago bi orduko emisio jarraitua egitea irratiz, jakinda une magiko hori inoiz ez, edo eta bat, bi edo hiru une laburretan gertatuko dela bakarrik? Ez litzateke aski ohiko programazioari eutsi, eta tarteka konexioak egitea joko zelaitik? Jakinda irudien faltan esatariak jokalari batek besteari baloia pasa diola-eta besterik ez dizkigula kontatuko?

Negozioa eta gu. Klubetako buruengatik balitz, astegun guztietan jokatuko lirateke partidak, negozioari begira. Bada, egin bezate nahi dutena, euren bazkideek orain bezain otzan segituko baitute. Hamelingo txirulariak dirudite, gizarte osoa hipnotizatzeko orduan. Egun hipotetiko hori iritsiz gero, irrati pribatuek ez ezik publikoek ere men egingo liekete; EI eta RE kirol irrati tematiko bilakatu, eta Radio Marca-ri lehia egingo liokete. Eta bitartean, entzule haserretuek erreakzionatuko ote genuke?



Azalean eta ezkutuan. Jexux Artetxek erreportaje entzungarria atondu zigun Anoeta zelai berritua dela eta EIn atzo, Amarauna-n. Jostailu berria daukan realzale baten sentimenak biltzeaz gain, zeharkako kaltetu batzuen amorrazioa bildu zigun, bizilagunenak zein egoera prekarioan lan eginez istripua izan dutenenak. Orduak eta orduak eskaintzen zaizkio futbolaren glamourrari, golak, kronikak, adierazpenak... Eta minutu eskas —atzokoa, salbuespenetako bat— futbolak gizarte hondatzailetik daukanari. Adibidez, Anoetakoak duen kostua gipuzkoarrentzat. Adibidez, irrati pribatuen interes ekonomikoak (apustu etxeekin, milioien irabaziak). Adibidez...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.