UHINETATIK TIRAKA
Arauak hausteko daude
Ramon Etxezarreta. Faktoria saioko tertulian gehiago ez zuela parte hartuko iragarri zigun Maite Artolak astelehenean. Ziur nago pilotu automatikoa piztu zitzaigula batzuei, are gehiago aurreko asteko saioan —bere azken parte hartzean— Etxezarretak berak ez baikintuen agurtu. Zergatiari buruzko kabalak alboratuta, funtsezko kontua da euskarazko irratia galtzen atera dela, eta entzuleok berarekin. Arrazoiak topa daitezke penatzeko bere faltarekin. Lehenengoa pertsonala da, nahi bada: irratiari lotutako kontzientzia dugunetik bidaide izan delako batzu-batzuentzat. Arrazionalagoak dira beste biak. 40 urte dituen demokrazia formal honetan, oraindik, nekez topa daitekeelako bere ideologia politikoa irratian euskaraz taxuz defendatuko duen pertsonarik; eta, iritzi-emaile publikoaren kasta-kastakoa delako gizona, ika-mika dialektikoarekin gozatzen dakiena eta auditorioa gozarazten bezainbat amorrarazten dakiena. Gainera, Gaizka Aranguren eta Iñaki Galdosekin hiruko perfektua osatua zuen azken aldian. Indarkeriazko iragan politikoaren kontakizuna izan zen euren arteko azken sesioa. Halakoak gehiago espero genituen geroan, argudio berriekin jantziak eta sutsuagoak, baina ezin izango da! Ez zaio eginkizun samurra geratu Javier Diaz Nociri: Urrestillako moko-bizia ahantzaraztea.
Hika. Gari Udabe eta Xabier Sukia esatariek hika jardun zuten Ibai Olariaga irakaslearekin atzo, Amarauna saioan. Euskarazko irratigintzan inon idatzita ez dauden baino egundoko indarra duten izu, debeku edo erreparoak uxatuta. Bejondeiela! Dena freskotasunez eta naturaltasunez irten zen arren, zer arraio dela eta ez ote gaude horretara ohituta? Zergatik ez hala izan, esatariek eta gonbidatuek nahi duten aldiro? Bukaeran, Udabek barkazioa eskatu zigun, hitanoa erabiliz egindako okerrengatik. Iritsiko al da eguna konplexurik gabeko normaltasuna nagusituko dena?
Aizkorakada. Salbuespena normaltasunera ekartzeko zailtasun ulertezinak aipatzen hasita, hara non kirolari euskaldun baten adierazpen laburrak REn euskaraz entzun ahal izan genituen. Astelehenean izan zen kasik miraria den gertaera hori. Josu Loroño esataria asteburuko kirolen errepasotxoa egiten ari zela, Aitzol Atutxa aizkolaria agertu zen, euskal kirolariak gaztelaniaz mintzatzen zaizkigun kirol saioetako horietako batean.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.