Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Nazioarteko eguna

2019ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Norberaz hizketan. NBEk otsailaren 13a irratiaren nazioarteko eguna izendatu zuen, eta aurtengo ediziora iritsi arte bazenik ere ez genekien kasik. Halako arrazoi misteriotsu batengatik, irrati gehienek matraka ederra eman baitigute joan den asteazkenean. Irratia poliki-poliki gizartean presentzia galtzen ari ote den susmo kolektiboari aurre egiteko antidotoa izan liteke, marketin estrategia hutsa, edota guztiok ere tarteka geure burua limurtu nahi izaten dugun seinale. REk egin zuen ekimenik ikusgarriena, irrati estudioko trasteak kalean ipini egun osoz. Lastima soilik Bilboko oinezkoei erakutsi izana irratiaren barne funtzionamendua. Haiei begira pasatuko nituzke orduak; jubilatuek obrak nola, halaxe.

Hatza erabili. Irratia hizpide hartuta, iritzi mordoa entzun zen egunean zehar asteazkenean, batean zein bestean. Javier Vizcainok Onda Vascan bota zuen gogoeta ibili dut buruan harrezkero: «Entzuleak nirekin tartetxo batez egon daitezen nahi nuke, eta gero joan daitezela besteetara hala nahi badute». Emisora bakarrera lerratu beharrean, harat-honat dialez dial eta hobenaz aurre ibiltzeko gonbita izan daiteke, oraindik ere irrati kontsumitzaile askorengan errotzekoa dagoena, nahiz eta podcasten baliabidea egundoko asmakizuna izan.

Etsaiari ezta urik ere! Elkarrizketa, tolerantzia eta bakea izan da irratiaren aurtengo egunaren leloa. Hiru ezaugarri horiek sustatzeko orduan, irratia omen da komunikabiderik prestatuena, Unescoko jendeak sinetsarazi nahi izan digunez. Irratiarekiko ikuspegi idealizatu horren antagonikoa da Espainian praktikatzen den irratigintza, geroz eta ideologizatuagoa. Jada ez dute aski esatari izarren erretolikarekin, goizerokoa. Aseptikoagoak izan behar luketen albistegiak ere, gero eta kutsatuagoak aurkezten dizkigute gaitz horretatik. Konparazio batera, Onda Ceron Elena Gijonek gidatzen duen Noticias mediodía inoiz entzun ez duenari, gomendatuko nioke saiakera egitea. Etsaiari ezta urik ere da bere dotrina; Kataluniako epaituen adierazpen bakoitzeko kontrako bizpahiru argudio dauzka prestatuta Gijonek, zapla botatzeko. Gustura asko jakingo nuke albistegi horren ostean Euskadiko albisteekin datorren Juan Carlos de Julian kazetariak zer irizten dion albistegi bat formulatzeko Gijonen estilo horri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.