Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Funtzionala

2020ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Euskal Kantak. Irrati digitala joan den abenduan jarri zuen abian EITBk, online entzuteko eran. 24 orduz, 400 bat euskal kanta eguneko. Sakelakoetan aplikazio zuzena izatearena etorkizuneko erronkatzat jo dute. Parada ederra askorentzat deskubritzeko Txoria txori, Xalbadorren heriotzean edo Lau teilatu-z gain badirela makina bat abesti zoragarri eta gozagarri, kantagarri eta dantzagarri. Munduari bezainbat geure buruari erakusteko euskal kantagintzaren altxorra. EITB Musikako buru Iñigo Zeberiok aitortu zuenez, entzuleen aspaldiko eskaerari erantzun nahi izan zaio, euskal kanten presentzia urriaz arduratuta omen zeuden-eta haiek.

Oihartzun urria. Nago EITBko irratiek Euskal Kantak-i ez diotela merezitako arretarik jarri. Horren adierazle izan daiteke, bere aurkezpenaren biharamunean, REko Mas que palabras-en Zeberiori bizpahiru minutuko elkarrizketatxoa egin izana, itxurak gordetzeko bezala. Almudena Cachok egin zigun atarikoak ere zer pentsatua eman diezaguke: Cat Stevensen Morning has Broken abestia jarri zigun lehenbizi, eta segidan, Eganek harekin egindako bertsioa, Udaberria, ohartaraziz azken kanta hori irrati digital berrian entzun ahal izango dela... Mezu subliminalik transmititu nahi izan ote zigun? Euskal kantagintzak ez duela entitate propiorik, hizkuntza anglosaxoidunek sortutakotik datorkiguna baizik ez dela?

Funtzionala. Doctor Deseo taldeak bere euskarazko kantekin diskoa atera duen aitzakiatan, Francis bere kantariarekin solasaldi gogoangarria eskaini zigun Dani Alvarezek herenegun Boulevard-en. Halako batean, galdetzen dio ea lehendakarigaiek euskal hiztun behar luketen izan. Eta euskal eszenako artistarik fenomenoenak erantzuten dio, natural eta zentzuz, baietz, funtzionaltasunagatik. Arrazoi etnizista, identitario edo ez dakit zer-nolako kontzeptuak albo batera utzita, aplikatu beharko genukeen logika da horixe. Lehendakarigaiekin ez ezik, baita euskal hedabideetan politika, gizarte, kultur edo kirol sailetan lan egin nahi duen kazetariarekin ere. Hitza eman eta entzun nahi diozun edo interpretatu nahi duzun gizabanako edo giza komunitate horren adierazpideetako bat ez ulertzeak analfabeto funtzionala bihurtzen baitzaitu. Zer esanik ez legez ofiziala bada adierazpide hori, eta ofiziala —publikoa— bada hedabidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.