Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Foku mediatikoen atzean, gizakiak

2020ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Glamourraren atzean. Gaur egungo telebista eredu zalapartarian kabitzen ez den solasaldi hunkigarri horietako bat eskaini zigun Iñaki Guridik Amaia Zubiriarekin, herenegun, Faktoria-n. Hori baita, hori, gonbidatuari beta ematea hizketan patxadan aritzeko eta duintasuna galdu gabe zintzotasunez hitz egiteko. Zubiriak pudorea bazterrean utzi eta erreparorik gabe kontatu zizkigun euskal artista kontsakratu baten poz eta miseria pertsonalak. Gizarteak glamourtzat daukan horrek ezkuta dezakeenaz, umiliazioez, prekaritate ekonomikoaz, eta, aldi berean, kultur programatzaileek eta publikoak aurpegi gazteak eskatzen dituztela barneratu duen 72 urteko sortzailearen patuaz.

Biktimak berdindu. Giza eskubideen lege proposamena Gasteizko legebiltzarreko izozkailuan geratu den ekimen horietako bat dela gogorarazi ziguten Boulevard-en, joan den astean. Honatx Pili Zabalak bultzatua izan den ekimenaren filosofia: giza eskubideen urraketen biktima orok aitortza merezi du, horien biktimarioak aintzat hartu gabe. Musika gozoa zuen ekimenak, politikagintzak ez ezik hedabideen munduak ere noizbait jorratu beharko duena. Geroan ere saihesteko biktimen kategorizazio mingarriak. Galderak pilatzen baitzaizkigu: zer dela-eta Gregorio Ordoñezen omenezko argazki erakusketak edo kaleko plakaren erasoak albistegien titulu eta erreportaje handiak merezi dituzte, eta Yolanda Gonzalezen omenezko argazki erakusketak eta plakaren erasoek ez? Zergatik Fernando Buesak kirol areto baten izena merezi du eta atentatu berean eraildako Jorge Diezek ez? Zergatik igaro dira 20 urte Diezen oroitzapena protagonismo mediatikoa bereganatzen has dadin (aita, Jose Antonio Diez, Boulevard-en elkarrizketatu zuen Dani Alvarezek astelehenean)?

Krisia, froga gisa. Tertuliano gisa inoizko ahaleginik handiena eskatu diete, ziurrenik, Zaldibartik eta inguruetatik datozkigun albisteek. «Agian komunikazioan hutsegiteren bat gertatu da, baina funtsean, zorrotza izaten ari da Jaurlaritzaren kudeaketa, kritika mixerableei aurre eginez». Diskurtso horri eustea batere samurra izan ez den arren, dialektika sendoko analistak direla erakutsi digute Xabier Riezu, Iñaki Gonzalez, Joxe Ramon Beloki, Jose Manuel Bujanda, Mari Karmen Garmendia eta Naiara Pinedok EITBko irrati tertulietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.