Uxue Razkin.
FREKUENTZIAREN GERIZPEAN

Umorearen oasia(k)

2020ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Azkenaldian zail samarra izaten ari da umoreari eustea. Eguneroko titularrik garrantzitsuenen zurrunbiloan erori gara eta hortik ateratzea nekez ari gara lortzen, putzu handi batera erori izan bagina bezala. Ingurua belztu da eta iluntasun horretan argi bat piztea dugu aukera bakarra, bada non? Albisteak bolo-bolo entzuten ditugu frekuentzia orotan, baina badira ere umorearen oasiak irratian, goiz-goizetik gainera.

Gazteako Dida! irratsaioa horren adibide dugu. Saski-naski ederra da; denetarik topa daiteke bertan: informazioa, musika, elkarrizketak, jolasak... eta hori guztia umorez biltzen du aurkezle taldeak (Julen Telleria, Edurne Garmendia, Antton Telleria, Jon Gotzon Aldaparena eta Xabin Fernandez), oso fin gainera. Irratsaio poliedrikoa da: ez da entretenimendu hutsa, aktualitate informatiboari ere egiten diote lekua atalak eskatzen duen garrantzia emanez. Barrea bada ihesbidea eta irratsaioak hori eskura jartzen digu, baina, era berean, munduan gertatzen ari denari lotuta uzten ditu entzuleak, errealitateari ezin baitzaio muzin egin.

Astelehenetik ostiralera, atsedenik hartu gabe, lau orduz aritzea ez da lan makala. Zuzeneko irratsaioa egiteak dakarren xarma badu Dida!-k eta aurkezleen berezkotasuna da zinez azpimarratzekoa. Aipatuko nituzke, esaterako, Julen Telleriaren moldakortasuna, Jon Gotzon Aldaparenaren ateraldiak, eta asteon entzungai izan diren Haitz Errazkinen agerraldiak, horiekin erraza da barre-algaraka hastea.

Umorea komunikazio-tresna oso indartsua da eta horretaz ere jabetu dira Euskadi Irratiko Faktoria Magazinea-n. Denboraldi berrian bete-betean murgilduta, poztu ninduen, ostiralean, Idoia Torregarai komunikazioan aditua eta umoregilearen ahotsa entzuteak, beste urte batez. Maitasun platonikoaz mintzatu zen irratsaioan. Kontuak kontu, gaia gutxienekoa izan zen, haren jarrera alaia izan baitzen benetako oparia.

Krisiez inguratuta gauden une honetan, barreak beharrezkoak dira. Pentsa, Edgar Allan Poek, idazle makabro eta ilunak, izan badituela kontakizun irrigarriak, nahiz eta haren alde komiko hori arras ezezaguna den. Bada, bazeukan. Eta Poek, behin bada ere, umoreari ekin bazion bere narrazio laburretan, guk zergatik ez dugu hori gurean goraipatuko. Ez dezagun sintonia galdu. Umorea oso gauza serioa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.