Salvador Velilla. Idazlea eta ikerlaria

«Inguruan dugun ondareari balioa emateko literatura falta izan zaigu»

Velillak aitortu du dakiena ezagutarazteko asmoz idazten duela. Arabako Errioxaren toponimia ikertu du asko: artxiboetan ematen ditu goizak oraindik, kontu berriak aurkitu nahian. Herriko bizimodua galduko den beldur da.

aitor biain
Amurrio
2018ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Garaiz iritsi da hitzordura Salvador Velilla (Lapuebla de Labarca, Araba, 1945), eta hitz egiten hasi da ezer galdetu aurretik. Berritsua da oso, eta atsegina. Kezkati dago azken egunetako ekaitz euriek Arabako Errioxako upategietan eragin dituzten kalteekin. Amurrioko (Araba) kultur etxera sartu da berehala, eta gela baten giltza hartu du idazkaritzatik, etxean egongo balitz bezala. Hirugarren solairura igo, eta pinturako eskolan dauden emakume erretiratuak agurtu ditu. «Aspaldiko, Salva!», esan dio batek. Maitatua da oso herrian, urte luzez udaleko kultur teknikari gisa egindako lana dela eta.

Bistakoa da esker oneko direla udaleko kultur teknikari gisa egin zenuen lanarekin. Zer sentitzen duzu kultur etxean sartzen zaren bakoitzean?

Egia esan, gutxitan etorri naiz ordutik. Uste nuen ahazten zaila egingo zitzaidala, baina bestelako proiektuetan sartuta ibili naiz, eta ez dut tarterik izan. Hala ere, ederra da jendearen esker ona jasotzea; etortzen naizen aldiro, begi onez hartzen naute. Bereziki eskertzen diet nik neuk ere.

Ia 25 urtez aritu zinen udaleko kultura teknikari gisa. Nolako oroitzapenak dituzu?

Oso oroitzapen ederrak ditut. Iritsi nintzenean, kultur etxean egoitza zuten hainbat talde eta elkarte ziren. Hori guztia gordetzen eta indartzen ahalegindu nintzen. Egiten ziren ekintzez herritar oro jabetzea nahi nuen, eta kalera ateratzen hasi ginen horretarako: txangoak antolatu genituen gaztetxoentzat; helduentzat ere hainbat kultur irtenaldi antolatu genituen, baita euskara ikasteko eskolak ere. Denetarik egin genuen. 1983an hasi nintzen lehendabizikoz. Hiru urte eman nituen orduan, postua berriz ere publikora atera zuten arte.

Bi aldiz gainditu behar izan zenuen lan eskaintza publikoaren azterketa?

Bai, gutxik esan dezakete hori.

Zer egin zenuen tarte horretan?

Langabezian geratu nintzen. Sei urte eman nituen lanik gabe. Euskara ikasteko baliatu nuen tarte hori. Hilabete egon nintzen Zegamako (Gipuzkoa) familia batekin bizitzen. Jabetu nintzen ni ikasten ari nintzen euskara eta han hitz egiten zutena oso ezberdinak zirela. Gogoan dut Loiola Irratia entzuten genuela sukaldean, eta etxeko aitak ez zuen ulertzen askotan! [barrezka] Esperientzia aberasgarria izan zen oso.

Egun, zein harreman duzu euskararekin?

Ulertzeko gai naiz, baina hitz egiteko ez. Denbora asko eman nuen ikasten, baina ez nuen praktikatzeko aukera handirik izan, eta ikasitakoa ahaztu nuen, hemen, Amurrion, ez baitzegoen giro euskaldunik. Halere, berriz ere ekin nion urte batzuk geroago, baina amore eman nuen beste behin. Uste dut ez nuela nire burua probatzera behartzen jakin.

Amurrion bizi zara ordutik, baina jaio, Lapuebla de Labarcan jaio zinen. Nola gogoratzen duzu haurtzaroa?

Oroitzapen onak ditut, egia esan. Pozik bizi ginen, eta kalean jolasten ginen asko. Ebrora joaten ginen sarritan bainua hartzera, esaterako. Kalea izan zen gure bizitzaren eskola. Oraingo haurrekin alderatuta, galera bat egon dela uste dut. Gaur egun haur gutxi ikusten dira kalean jolasean, eta pena ematen dit.

Garaiak aldatu direla…

Nabarmen. Gure garaian ez zen izaten gauza antolatu askorik, baina kaleek bizitza gehiago zuten. Orain, berriz, guztiz kontrakoa gertatzen da. Eta hori galera bat da. Harreman sozialak galtzen ari dira, zoritxarrez, eta horrekin batera herria bera eta herriko bizimodua.

Aldaketa handia sumatu zenuen Lapuebla de Labarcatik Amurriora bizitzera joan zinenean?

Egia esateko, ez. Ohituta nengoen ordurako. Irakasletza ikasi nuen, eta irakasle aritu nintzen hainbat txokotan: Beran (Nafarroa) hiru urte eman nituen, adibidez. Katalunian ere urte dezente eman nituen. Sustraiak ongi errotuak dituen pertsona naiz, baina munduko hiritarra ere bai, aldi berean[hunkituta].

Hainbat liburu ere idatzi dituzu. Nondik datorkizu idazteko zaletasuna?

Gaztetatik daukat zaletasun hori. Irakasle gisa aritu nintzenean ere izaten nuen denbora librea horretan ematen nuen. Nire jakintza beste batzuei ezagutaraztea gustatu izan zait beti. Horregatik idatzi izan dut Arabako Errioxaren inguruko kontuez, batez ere. Ohiturak, inguruko toponimiak, ibilbideak, upategiak, ardoak… inguratzen nauenaz, finean.

Arabako Errioxaren toponimia asko ikertu duzu, baina kalapita sortu izan dute Toloñoko edo Kantabriako mendilerroari buruzko idatziek.

Ditxosozko kontu hori... [barrezka]. 2006an, mapa bat erosi nuen, eta Toloñoko mendilerroa izenarekin ageri zen Arabako Errioxa eta lautada banatzen dituen mendilerroa. Eusko Jaurlaritzako arduradunari idatzi nion orduan, esanez gaizki zegoela. Aurrez egindako ikerketa, idatzitako liburu eta inguruko herritarrek ere azaldu izan dute bi edo hiru izen dituela mendilerroak. Toloño mendebaldeko zatiari deitzen diote, Kantabria erdikoari eta Kodes ekialdekoari. Euskaltzaindiak, ordea, mendilerro guztiari Toloño izena eman zion. Ez nago ados, eta uste dut gauzak ez direla ongi egin. Kantabria izena gordebeharko litzateke, nire iritziz.

Bueltaka jarraitzen duzue auzi horrekin oraindik?

Zoritxarrez, bai. Hainbat ikerketa egin ditut, Euskaltzaindiarentzatere bai, eta arrazoia eman didate hainbat historialarik, ikerlarik eta herritarrek ere. Unescoren jarraibideetako bat da tokian tokiko herritarrek egiten duten erabilera eta haien nahia errespetatzea. Hori eskatzen dugu. Ezer banaiz, toponimiaren notario naizela esaten dut: dokumentuek diotena jasotzen dut; interpretazioa beste batzuek egin dezatela.

Hainbat egunkari eta aldizkarirekin kolaboratu izan duzu.

Bai, Deia egunkarian bizpahiru urte eman nituen zutabeak idazten, eta ez Arabako Errioxaren inguruan bakarrik; denetarik idazten nuen. Orduko testu bat irakurtzen dudan aldiro, nire buruari galdetzen diot: zer demontre egiten nuen nik politikari buruz idazten?

Ikertzen eta idazten jarraitzen duzu oraindik?

Bai, noski. Dena den, ikertzea ere oso gustuko izan dut beti. Artxiboetan sartzen naizenean galdu egiten naiz, toki zoragarriak iruditzen zaizkit. Beti aurkitzen dut zerbait berria. Gasteizko edo Logroñoko artxiboetara joaten naiz sarritan orain. Idazten ditudan artikuluak Amurrioko Aztarna aldizkarian argitaratzen ditut.

Pasioz egindako lan horiengatik guztiengatik hainbat errekonozimendu eta sari jaso dituzu.

Beti diot laino igarokorrak bezalakoak direla sariak. Izugarri eskertzen ditut, eta gauza ederra da egindako lana aitortzea. Norberaren herriko sari nagusia jasotzea ere oso hunkigarri da. [Hunkitu egin da, eta ahotsik gabe geratu da]. Beti pentsatu izan dut, ordea, nik baino beste edozein herritarrek mereziko zukeela.

Argazkigintzan ere hainbat sari irabazitakoa zara. Argazkilaritza ere afizio duzu?

Bai, ibiltaria naiz oso, eta gustuko dut argazki kamera aldean eramatea. Behin edo behin gertatu izan zait argazki politak egiteko aukera izatea, baina, beti, inguruan duguna ezagutarazteko asmoz egin izan dut. Beti pentsatu izan dut literatura falta izan zaigula hemen: inguruko ondareari balioa emateko diskurtsorik eta kondairarik ez dugu izan. Oraintsu arte, inor ez zen joaten Valderejoko natur parkera edota Nerbioiren ur jauzira. Orain, aldiz, bisitari andana jasotzen dute. Europako ur jauzirik handiena dugu, gazta zoragarriak, eta goi mailako ardoak. Hori ikusarazi nahi izan dut nire artikuluekin beti.

Ignaziotar bidea berria da, esaterako. Adibide bat litzateke?

Proiektu benetan ederra iruditzen zait. Aipatu behar dut, ordea, bidea ez dutela behar bezala bideratu. Basoetatik ez, inguruko herrietatik igaro beharko litzateke. Dokumentu zaharrek ere hala adierazten dute.

Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kide zara. Bada zerbait.

Egunkarian idazten nuen garaian egin zidaten elkarteko kide izateko gonbita. Antza, gustuko zituzten nire artikuluak. Eta ordutik kide naiz, baina ez dut kontu handirik egiten elkarteari lotuta.

Arabako Errioxan familia askok dute upategi bat. Zure familian ere badute bat, ezta?

Bai, baina ilobak arduratzen dira. Garai batean familia bakoitzak upategi bat zuen, baina hori galtzen ari da. Egun, upategi handiei saltzen diete askok mahatsa, edo kooperatibei. Gero eta gazte gutxiago bizi dira herrietan, eta gutxi dira mahastigintzan lan egin nahi dutenak. Prestakuntza falta ere badago, ez baita erraza upategi bat aurrera eramatea. Harro esaten dugu Arabako Errioxan gure ardoa egiten dugula, baina hori desagertzen ari da. Zerbait egiten ez badugu, upategi handien esku geratuko da, eta erabat desagertuko dira familia upategi txikiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.