Espainiako inbestidura saioa. Sanchez presidente

Etorkizun lausoa aurrean

Sanchez Espainiako presidente aukeratu dute, eta oinarri ahula duen gobernu koalizio baten burua izango da. Eskuinak konfrotazioa iragarri dio agintaldirako

PSOEko Pedro Sanchez, atzo, Espainiako Diputatuen Kongresuan, herrialdeko presidente aukeratu ostean. UPrekin koalizio gobernu bat osatuko du. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE.
ander perez zala
2020ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Espainiako presidente bilakatzeko inbestidura saioak argi erakutsi dio Pedro Sanchezi zer jasan beharko duen agintaldian. Ez hari bakarrik: Unidas Podemosekoentzat (UP) ere abisu bat izan da egunotan gertaturikoa. Sanchezek Diputatuen Kongresuaren baiezkoa jaso zuen atzo datozen lau urteetan Espainiako Gobernuko buru izateko, eta, hortaz, frankismoaz geroztik osatu den lehen gobernu koalizioaren gidaria izateko. Bidea, ordea, ez da erraza izango; gobernu berriak oinarri ahula du, eta oposizioak, batez ere eskuinak, hortzak erakutsiko ditu. Konfrontazioa erabatekoa izango da, Sanchezen agintaldia hondoratzea helburu.

PSOEk eta UPk osatuko duten gobernuak independentisten babesa beharko du bizirik irauteko, eta hori nahikoa aitzakia izan da PPrentzat, C's-entzat eta Voxentzat inbestidura saioan ahalik eta harrabots gehiena egiteko. Espainiako presidente berriak hainbat promesa egin ditu agintera itzultzeko; tartean, Esquerra Republicanarekin (ERC) adostu duen elkarrizketa mahaia; Espainiako eta Kataluniako gobernuak, hortaz, bi aste barru elkartuko dira lehenengoz. Eta hori onartezina da oposizioarentzat.

Sanchezen arabera, atzokoa bi aukeraren arteko hautua izan zen: «Gobernu aurrerakoia ala blokeoa. Ez dago beste gobernurik osatzeko aukerarik». Profil instituzionala erakutsi zuen hautagai baten adierazpenak izan ziren, eskuineko alderdiek sortu duten «amorruz eta haserrez beteriko giroa» dela eta. Kataluniako auziarekin nabarmen polarizatu da Espainiako giro politikoa, eta eztabaida gai horien ingurukoa izaten ari da, batez ere azken hilabeteotan, gobernabiderako negoziazioengatik.

Zer esanik ez hasi berri den agintaldian: eskuindarrek argi utzi dute Espainiako Konstituzioaz, koroaz eta lurralde auziaz arituko direla, eta horiek erabiliko dituztela koalizioaren aurkako jarrera elikatzeko. Sanchez egunotan argi aritu da horien inguruan: «Espainia ez da hautsiko».

Finean, ez da inbestidura saio erraza izan Sanchezentzat, giro hori jasateaz gain haren aldeko botoa eman duten eta abstenitu diren alderdiek ere diskurtso kritikoak izan baitituzte. Baina keinuek argi utzi dute bi bloke sortu direla Espainiako Diputatuen Kongresuan, eskuinekoek eskuinekoei txalo egin baitzieten, eta gobernu koalizioaren alde egin dutenek, PSOEri eta UPri.

Mas Paiseko Iñigo Errejonen keinua izan zen atzo protagonistetako bat, Pablo Iglesias alderdikide ohiari begira jarri zenean: «Zorionak akordioagatik, eta eskerrik asko, Pablo». Espero bezala, Sanchezek UPren, EAJren, Mas Paisen, Nueva Canariasen, Teruel Existeren eta BNGren botoak jaso zituen; 167 aldeko, 165 kontrako, eta ERCren (13) eta EH Bilduren (5) abstentzioak. Inoiz izandako tarterik txikiena izan zen, datorren desegonkortasunaren seinale.

Diskurtso gogorrak

Inbestidura saioan, diskurtsoen edukiak izan ziren bloke logika berriaren adierazle. Sanchez eta Iglesias eskubideez eta gobernu programaz aritu ziren: migratzaileen, kolektiboen eta emakumeen defentsan, esaterako. Eskuinean, PPren eta Voxen diskurtsoen arteko antza izan zen nagusi; Pablo Casadok erronka bat du hor, erabaki beharko baitu profil propioa finkatuko duen ala ultraeskuinaren diskurtso bera erabiliko duen.

Oraingoz, badirudi Casado diskurtso gogorrera itzuli dela, nahiz eta jarrera moderatuagoa hartu zuen iragan urteko maiatzeko bozetan, emaitzak hobetze aldera. Azkenean, horixe bera lortu zuen azarokoetan, eta oposizioko alderdi nagusia izango da hemendik aurrera ere; hori bai, Vox atzean duela.

Sanchezi egindako kritika nagusia izan da alderdi independentistetan oinarritu duela inbestidura eta, horrez gainera, agintaldia ere horien babesean oinarrituko duela. PSOEk 120 diputatu ditu, eta UPk, 35; biak batuta, 155, 176ko gehiengotik urrun. Mas Paisen hirurak kontuan hartuta ere, ezinbestekoak izango dira ERC (13 diputatu) eta EH Bildu (5).

Eskuinak hortzak erakutsi ditu egunotan, eta ETAz, indarkeriaz eta Konstituzioa hausteko arriskuaz aritu ziren jarrera hori argudiatzeko; Espainiako presidente berriak kritika gogorrak entzun behar izan zituen, eta Voxekoak harago joan ziren atzo: bilkuratik atera ziren EH Bilduko Oskar Matuteren hitzaldian. Halere, Matutek ez zituen jasan igandean Mertxe Aizpuruak jasan zituen garrasiak; oihu batzuk egin zituzten, baina aldea nabarmena izan da.

CUPeko Mireia Vehik hitz egitean eseri ziren euren eserlekuetan ultraeskuindarrak. Diputatu independentista kritiko agertu zen haiekin: «Eskuina ez da inoiz geratuko. Gure botoak horiekin bat egingo du, baina kontrako arrazoiengatik. Argi esaten dizuegu: arazo bat dute demokraziarekin. Ezin dituzte eraman pluraltasuna, adimena eta disidentzia».

ERCren eskariak

Montserrat Bassak hitz egin zuen ERCren izenean. Dolors Bassa kontseilari kargugabetu eta espetxeratuaren ahizpa da, eta aukera baliatu zuen diskurtso zirraragarri bat egiteko: «Niri berdin zait Espainiaren gobernabidea. PSOE errepresioaren konplizea da».

Adierazpen horiek egin arren, Bassa abstenitu egin zen, ERCko beste hamabi diputatuak bezala. Errepublikanoek elkarrizketa eskatu diote Sanchezi, eta horri begirako mezua helarazi zuten atzo ere: «Elkarrizketan sinesten dugu, eta errepublika kataluniar independentea eraiki nahi dugu, Espainiarekiko begikotasunez. Bakean eta hitzetan sinesten dugu». Hori izango da Sanchezen zereginetako bat: hizketetan oinarritu beharko du agintaldia.

Espainiako presidente berriak datorren astean jakinaraziko du gobernu berriaren osaketa. Hango hedabideen arabera, Ione Belarra Estatu idazkaria izango da Iglesiasen ministerioan, eta NBEk finkaturiko helburuez arduratuko da, garapen jasangarriarekin zerikusia dutenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.