Koronabirusa

Pixkana behera doaz Euskal Herriko hildakoen eta kutsatzeen kopuruak

Beste 375 kutsatze eta 42 heriotza erregistratu zituzten atzo. Madrilek test azkarrak ekarri ditu Hego Euskal Herrira, baina horietan negatibo eman eta sintomak dituzten eriei PCR probak eginen dizkiete

Pixkana behera doaz Euskal Herriko hildakoen eta kutsatzeen kopuruak.
Maddi Ane Txoperena Iribarren - Paulo Ostolaza
2020ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Agintariek jakinarazia zuten koronabirusaren pandemia egonkortze fase batean sartzekoa zela Euskal Herrian, eta datuek horixe erakutsi dute azken egunotan: pixkana, baina beheranzko joera hartzen ari da kutsatuen kopurua, eta egindako test kopuruarekiko positibo proportzioa ere txikitzen ari da. Atzo, erraterako, 375 kutsatze gehiago erregistratu zituzten: martxoaren 21etik zenbaturiko kopururik txikiena da. Datua ezberdina da lurralde batetik bertzera, dena den. Nafarroan, erraterako, 158 kutsatze erregistratu zituzten atzo, igandean baino 57 gehiago. Santos Indurain Nafarroako Osasun kontseilariak jakinarazi zuenez, test gehiago egiten ari direlako gertatzen ari da hori. Osakidetzan, hain justu, test gutxiago egin zituzten igandean, eta horrekin lotuta egon daiteke atzoko datu apala: 217 kasu gehiago baino ez zituzten erregistratu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Egindako testen araberako positibo kopuruak ere beheranzko joera bat du, dena den: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egindako testen %30etik behera izan ziren positiboak atzo. Aurreko egunetan, aldiz, handiagoa zen proportzioa, eta zer erranik ez martxoaren akaberan: martxoaren 26an, erraterako, Osakidetzak egindako testen erdiak izan ziren positiboak. Kasuak beherantz doaz norabide guztietan, beraz.

Hilen kopurua ere apalduz doa pixkana, baina oso mantso. Atzo, erraterako, 42 lagun zendu ziren Euskal Herrian. Orotara 737 dira jada hildakoak, eta pandemia Euskal Herrira ailegatu zenetik kutsaturikoen kopurua 12.066ra iritsi da.

Lurraldeka, Bizkaian dago kutsatu gehien: 4.603 ziren kasuak orotara atzo, bezperan baino 112 gehiago. Nafarroan 3.231 dira (+158), Araban 2.675 (+72), Gipuzkoan 1.532 (+33), Lapurdin 21, eta Baxenabarren eta Zuberoan bina kasu —Ipar Euskal Herriko datuak ez dira zehatzak, Pirinio Atlantikoen barnean ematen baititu Akitaniako Osasun agentziak—.

Ospitaleratutako kasuak 2.332 dira Hego Euskal Herrian, eta horietatik 216 Osakidetzako ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan daude: Bizkaian gehienak (71 Gurutzetan, 29 Basurton, hogei Galdakaon), 46 Donostiako Ospitalean eta 35 Gasteizko Txagorritxu Ospitalean. Nafarroan ez dute eman atzoko daturik: pandemia hasi zenetik 124 lagun sartu dituzte guztira ZIUn. Sendatuen kopurua, berriz, emendatzen ari da: Euskal Herrian 3.948 dira jada sendagiria jaso duten eriak.

Negatiboei, PCRak

Espainiako Gobernuak 43.600 test azkar eman zizkion atzo Osakidetzari, eta bertze 18.000 Osasunbideari. Mikel Sanchez Eusko Jaurlaritzako Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak atzo jakinarazi zuen gaur aztertuko dutela horiek erabiltzeko protokoloa. Nabarmendu du, dena den, PCRak direla oraindik ere proba «ideala» Osakidetzarentzat. Izan ere, test azkarrak fidagarriak dira emaitza positiboa denean, baina negatiboa denean ez. Kasu positiboak atzemateko azkartasunean irabaziko dute test azkarrekin, azaldu duenez: «Test azkarrei esker, arinago ibiliko gara jakiteko gaixoa positiboa den ala ez, baina sentsibilitatea txikiagoa da». Hortaz, test azkarrean negatibo eman baina koronabirusaren antzeko sintomak dituzten gaixoei PCRa egiten segituko dute. Gisa berean jokatuko du Osasunbideak ere, atzo Santos Indurain Nafarroako Osasun kontseilariak jakinarazi zuenez. Egunean bostehun PCR eginen dituzte, haren hitzetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.