Katalunia. Diada

Kale estuetan etorbide handien bila

Prozesu subiranista herriratzeko aukera da aurtengo Diada. Mobilizazioa indartu nahi du independentismoak, baina aspaldiko joerak irauli beharra du horretarako

Milaka lagun Bartzelonara iristen, 2019ko Askatasunaren Aldeko Martxan. ALEJANDRO GARCIA / EFE.
Julen Aperribai.
Bartzelona
2021eko irailaren 10a
00:00
Entzun
Biharko Diadako mobilizazioa behetik gorakoa izango den ziklo mobilizatzaile berri bat aktibatzeko mugarri izatea nahi du ANC Kataluniako Biltzar Nazionalak. Azken urteetan, errepresioak, alderdien arteko tirabirek eta estrategia partekatu bat adosteko ezinek markatu dute prozesuaren erritmoa; hein batean, 2017ko udazkenean gertatutakoaren gaineko interpretazio desberdinek pisua izan dutelako ordutik aurrerakoen diseinuan. Bere horretan diraute ezin ulertuek, parlamentuan independentismoak inoizko ordezkaritza handiena duen garaian eta Espainiako Gobernuarekin orain arte itxita egon den komunikazio bide bat zabaldu den honetan. Mahaikideen arteko elkarrizketetan trabatutako eztabaida herritarren menera jarri nahi du ANCk, prozesua bururaino eramateko. Halako ziklo baterako baldintzen eta aukeren inguruan aritu da BERRIA prozesu independentista gertutik aztertu duten bi kazetarirekin: Vilaweb-eko Odei Antxustegi-Etxearterekin eta La Vanguardia-ko Francesc-Marc Alvaro i Vidalekin.

ANCren deiaren arrakasta neurtzeko, gakoa izango da egunerokoan hain mobilizatuta ez dauden eta unean-unean aktibatzen diren «herritarren geruza» horiengana iristea, Antxustegi-Etxearteren ustez. Zail ikusten du mobilizazio ziklo berri bat garatzea, alderdien arteko harremana aldatzen ez den bitartean. Izan ere, herritarren mobilizazio iraunkorra lortzeko independentismoak «helburu berriei» heldu behar diela dio, hots, «une honetan existitzen ez den bide orri independentistari».

ANCk «borroka» aldarrikatu du, eta prozesua aldebakartasunaren bidera eramateko beharra azpimarratu du. Mezu horrek egungo joera nagusiarekin talka egiten duela azaldu du Antxustegi-Etxeartek, eta ikusi beharko dela horrek zer eragin izango duen Diadako mobilizazioan eta hurrengoetan: «Aldebakartasuna indartuko da berriz ere, baina ez dakit esaten zenbat denbora igaro beharko den horretarako. Diskurtso politiko nagusia negoziazioan zentratuta egongo den ziklo bat dator, nahiz eta horrek ere ez duen luzaroan iraungo duen itxurarik, mahaiaren bestaldean ez baitago negoziatzeko apustu sendoa duen inor».

Azken bide hori itxita egoteak lehenengoa indartu dezakeela uste du independentismoaren parte batek, Madrilen ezezkoak kanpo injerentziei gutxiago erreparatuko dien prozesu baten pizgarri izatea ahalbidetu dezakeela, eta, beraz, elkar elikatu dezaketela alde bakarreko bideak eta alde bikoak. Iritzi horrekin ez dator bat Vilaweb-eko kazetaria, uste baitu kanpoan uzten duela bidegurutze horretan ezinbestean kontuan hartu beharreko faktore bat: errepresioarena. «Aldebakartasuna dagoenean, errepresioa ere badago, eta horrek zeharo baldintzatu dezake estrategia. Aldebakartasunera itzultzen denean, itzultzen bada, uste dut independentismoak gaitasuna izan beharko duela luzaroan eusteko bide horri, eta prozesua bururaino eramateko izan beharko duela. Hala ez bada, baliteke kapital politikoaren zati bat galtzea bidean, alternatiba garbirik ikusten ez duelako».

Horrek frustrazioa ekar dezakeela ohartarazi du, eta, horregatik, nabarmendu du helburuei loturik egon behar duela jorratzen den bideak. Buruzagi independentisten aurkako epaiaren osteko mobilizazioarekin gertatutakoa gogora ekarri du, alde horretatik, eta, bereziki, orduan desobedientzia zibilaren olatura batu zirenak, Tsunami Demokratikoaren ekintzetan parte hartu zutenetako askok zabalik baitituzte prozesu judizialak: «Denerako prest zeuden, baina badirudi ez zegoela inor haiek egindakoa bideratzeko. Ez dakit horietako zenbat egongo diren dezepzionatuta gauzak egin diren moduarekin».

Aldebakartasunerako deia «erretorikoa» da Alvaro i Vidalentzat, ez baitu uste gaur egun «aplikagarria» denik. «Egiazki, ez dut uste aukeratu beharra dagoenik alde bakarreko bidearen eta pragmatikoaren artean, mugimendu independentista ez baitago gaituta haustura gauzatzeko». Bi bideak ziurtasunik gabeak direla ohartarazi du. «Harrapatuta gaude egingarria ez den aldebakartasun baten eta ziurtasunik gabeko pragmatismo baten artean. Ez da oso positiboa, baina uste dut hori dela egungo argazkia».

Herritarrak, batuago

Alderdien arteko desadostasunek bere osoan busti dute mugimendu independentista. Politikariak eta gizarte zibila banatu ohi diren arren, joerak bi eremuetan errepikatzen direla gogora ekarri du Alvaro i Vidalek. Hala ere, alderdien arteko desadostasunek «sofistikazio» handiagoa dutela uste du, «hauteskunde lehiak» ere baldintzatzen dituelako, eta zatiketa «oinarrizkoagoa» dela oinarrien artean. Bi profil bereizi ditu: «Hau luzerako doala onartu dutenak eta horretara errenditu nahi ez eta gauzak egin diren moduarekin haserre daudenak, aukera bat galdu dela edo buruzagiek prozesua bizkortu behar zutela uste dutelako». Antxustegi-Etxeartek ere ez du ukatu independentismoaren barne zatiketak eragina duela herritarrengan, baina uste du «behekoek» hobeto ulertzen dutela elkar «goikoek» baino: «Botereguneetatik urrunen daudenen artean sentsibilitate handiagoa dago».

Arazo handiagotzat dauka, oinarri independentista zabaltzeari begira, azkenaldian hedatutako frustrazio eta porrot sentsazioa, prozesua «trantsizio fase moduko batean» sartu izanak eragindakoa. «Badirudi, ideia nagusia negoziaziora itzultzea denez, egindakoan atzera egitearen moduko zerbait egiten ari dela independentismoa, eta uste dut irakurketa okerra dela hori; besterik gabe, etapa berri bat da oraingoa». Hala ere, sentsazio hori gailendu ez dadin independentismoak «diskurtsoa berritu» beharra duela uste du, prozesuaren urte gorienetan zuen erakargarritasunaren parte bat galdu duelakoan baitago. «Zatituta, helburu garbirik gabe eta mediatikoki eta politikoki gutxietsita dago».

Aurreko garaia atzean utzi eta datorrenera egokitzeko beharra ikusten dio Alvaro i Vidalek ere, baina kritikoagoa da iraganaren analisian. Haren esanetan, «2017ko urriko porrota digeritzen eta estrategia eta narratiba berri bat eraikitzen saiatzen» ari da independentismoa, eta haizea bizkarrez nahiz aurrez datorkiola uste du. «Abantaila da independentismoak Generalitatea eta udal asko gobernatzen dituela, eta botere instituzionalerako tresnak badituela. Baina horri lotutako desabantaila bat ere badu: independentismoak egunerokoa ere kudeatu behar du, eta horrek talka egiten du konfrontazioaren aldeko diskurtsoarekin. Independentismoa aldi berean da gobernuko indarra eta konfrontaziorako mezua ematen duena, eta horrek disonantziak sortzen ditu».

Bi kazetariek aipatutako aro berri eta berrituan pandemiaren ondorioen kudeaketak hartuko du protagonismoa, eta, mugimendu eraldatzaile ororen moduan, ondoez eta beldur soziala kudeatu eta bideratzea erronka handia izango da independentismoarentzat, joera kontserbadoreei eta atzerakoiei bidea ixteko.

Krisiak independentismoaren aldeko nahiz kontrako jarrerak indartu ditzakeela uste du Alvaro i Vidalek. Madrilen baino politika sozial aurrerakoiagoak egiteko aukera eman diezaioke pandemia osteak Generalitateari, dioenez, baina, era berean, unionismoak gatazka estaltzeko erabili ohi duen lehentasunen diskurtsoari hauspoa eman diezaiokeela azaldu du: «Sektore asko ahaleginduko dira krisi pandemikoa baliatuta Espainiaren eta Kataluniaren arteko gatazka estaltzen, berehalako beharrak asetzeko garaia dela esanez».

Pandemiak mugimenduan izango dituen ondorioak nolakoak eta zenbaterainokoak izango diren jakitea zaila dela aitortu du Antxustegi-Etxeartek, baina ez du uste osasun krisiak kolpe handia emango dionik, besteak beste, ez duelako harrapatu «pultsio mobilizatzaile handiko» momentu batean. Are, krisiek sortuko duten ezinegona independentismoarentzako aukera gisa ikusten du: «Krisi garaietan, handitu egiten da ezinegona, eta haserre hori mobilizazio independentista moduan leher daiteke. Gerta daitekeela diot, gertatu izan delako». 2019ko udazkenean Bartzelonako Urquinaona plazaren inguruan izandako protestak jarri ditu adibidetzat. «Mobilizatzera ateratzen ziren gazteen diskurtsoa zen, epaiaz eta presoez ziotenaz harago, krisi egoera batean zeudela».

Katalizatzaileak

Buruzagi independentisten kontrako epaiaren gisako gertaerek izan dezakete gaitasuna mobilizazioa koska bat igotzeko eta prozesua bizkortzeko, Vilaweb-eko kazetariaren arabera. Etorkizun hurbilean ere ikusten du antzekoak gertatzeko aukera, errepresaliatuen aferari lotuta. Erbesteratuen, eta, bereziki, Carles Puigdemont presidente ohiaren itzulera aipatu ditu horien artean.

Ez dio halako potentzialtasunik ikusten Generalitateak eta Espainiako Gobernuak abiatutako elkarrizketa mahaiari, ezta Madrilek gatazka politikoa ukatzeak herritarrengan eragin dezakeen haserreari ere; besteak beste, independentisten aldeak ere ez diolako halako zerbait eragiteko behar adinako sinesgarritasunik aitortu mahaiari. «Beste gauza bat da independentismoak praktikoki erakutsi behar izatea PSOEk eta PPk, biek ezezkoarekin erantzun diotela erreferendum bat egiteko aukerari, bata elkarrizketara irekiago egonagatik». Izan ere, ziur dago mahai horrek ez diola konponbiderik emango gatazkari.

Bi aldeak gogobete ditzakeen irteera batera hurbiltzeko aukera handiagoa ikusten dio Alvaro i Vidalek: «Argi dago negoziazio honek ez duela gatazka konponduko bi urtean, baina independentismoarentzat interesgarriak izan daitezkeen aurrerapenak eragin behar lituzke, nahiz eta haren eskarien azpitik egon».

Gehienez ere autogobernua zertxobait hobetzeko prest ikusten du Antxustegi-Etxeartek Madril, eta uste du saiatuko dela eskumenen inguruko eztabaida gatazka politikoari buruzkoarekin nahasten, eta, hala, independentismoa ahultzen saiatzen. Modu horretan gatazka desagerrarazi nahi izatea «analisi okerra» egitea dela ohartarazi du: «Autogobernu pixka bat emanda, ez da apalduko independentismoa».

Bat dator Alvaro i Vidal. Haren esanetan, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak independentismoa «desegin» nahi du, «pandemia osteko giroak» lagunduta, baina nabarmendu duerroko arazoa ez dela egun batetik bestera desagertuko, heldu ezean: «Gatazka bat dago. Ez balitz egongo, ez geundeke egun gauden lekuan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.