Ekonomiaren egoera. Orkestraren azterketa

Bertan goxo ez gelditzea

Jokaleku ziurgabeagoa espero du Orkestrak, eta lehiakortasuna sendotzen jarraitu behar dela dio, baina soldatak igota

Irune Lasa.
2018ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Orkestraren txostenari erreparatuta, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak ez dute nota txarra atera lehiakortasunaren ikasgaian. Hori bai, «Bilakaera ona»-ri, «Hobeto egin dezakete» eta «Adi, beste ikaskideak hobeto doaz-eta» oharrak gehitu dizkio Orkestrak.

Azken urtean hiru herrialdeek izandako bilakaera positiboaren alderdirik onena da ekonomiaren susperraldia «nahiko inklusiboa» izaten ari dela. Txostenaren ustez, jende bat «atzean geratzearen arriskua» saihesten ari da erkidegoa. Joera horren adierazle batzuk eman zituzten atzo Maria Jose Aranguren Orkestrako zuzendariak eta Susana Franco Lehiakortasun Txostenaren egileak atzo, Bilbon.

Hala, pobrezia arriskuaren sailkapen horretan Europako 218 eskualdeetan 11. dago erkidegoa. Orkestraren arabera, lorpen horretan zerikusi zuzena du DSBE diru sarrerak bermatzeko errentak, baliabideak behartsuenengana iristea ahalbidetzen duelako.

Baina zenbateraino da bilakaera hori ingurune ekonomikoaren portaeraren ondorio soila? Institutuaren arabera, garrantzitsua da ez ahaztea testuingurua hori izan dela, eta horrek neurri batean beste errealitate batzuk ezkuta ditzakeela. Adibidez, langabeziarena da zenbaki handien atzean ezkutatzen den errealitate horietako bat. Orkestraren diagnosiak ondorio kontrajarriak eman ditu datu horri buruz: «Estatistikek erakusten digute langabeziak behera egin duela, baina, hala eta guztiz ere, EAE ez dago toki onean, Europako beste eskualdeekin alderatuta, enpleguaren eta langabeziaren adierazleetan». Hots, tasek hobera egin arren, euren ezaugarriengatik erkidegoaren oso antzeko Europako eskualdeetan enpleguaren eta langabeziaren datuak nabarmen hobeagoak dira. «Argi eta garbi, oraindik ere gizarteko hainbat sektore aktibo bihurtzeko eta enplegua sortzeko tartea badugu, bereziki emakumeen eta gazteen enplegua».

Enpleguaren kalitateari ere begiratu dio Orkestrak. «Joerek erakusten digute etorkizunean automatizazioa handitu egingo dela eta lan prekaritatea ere bai. Hain zuzen ere, prekaritatea sistemikoa bihurtuko da, ekoizpen eta lan harremanetarako modu berrien eraginez». Horregatik, kalitatezko enplegua sortzeko eta gaitasun egokiak bermatzeko, derrigorrezkotzat dauka sakon aztertzea zer ezaugarri dituzten enpleguaren jokaleku berriek.

Ekonomiaren ziklo positiboak, aldeko haizeak bultzatutako emaitza onak zenbateraino gal daitezke motelduz doan egoera batean? Ekonomiaren bilakaeran jokaleku ziurgabeagoa iragarri du Orkestrak. Interes tasa txikien, diruaren truke abegikorren eta erregai merkeagoen bultzada ahitzen denean iritsiko den motelaldiak, Orkestraren ustez, «eragin handia izan dezake EAEn», Europako batezbestekoarekin alderatuta, zorpetze handiagoa duelako, baita kanpoko zorpetzearekiko mendekotasun handiagoa eta irekitze tasa handiak ere.

Eta beste ziurgabetasunak ere ez dira ahaztu behar: zer gertatuko da demografiarekin, ingurumenarekin, baliabideekin? Gizarte kohesioa eta faktore geopolitikoak, merkatuen eta merkataritzaren aldaketa nabarmenak... Horregatik guztiagatik, Orkestrak «konplazentzia» saihestu beharra azpimarratu du, eta lehiakortasuna sendotzeko deia egin.

Berrikuntza

Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak jarduera berritzailearen efizientzia hobetu dutela diote datuek. Finantza egoera hobeagoarekin enpresek berrikuntzarako jarrera aktiboagoa izan dezaketela dio Orkestrak, hots, inbertsio gehiago egin daitezkeela. Baina, institutuaren ustez, «garrantzitsua» da enpresa ertain eta txiki gehiagok hartzea jarrera hori, berrikuntza teknologikoak eta ez-teknologikoak eginez.

Dena dela, efizientzia datu hobeago horren atzean «esplorazioaren bidea baztertzen duen» I+G gastuaren murrizketa «arriskutsu» bat egon daitekeela ohartarazi du Orkestrak. «Berrikuntzan egiten diren inbertsioen esplorazioaren eta esplotazioaren arteko orekak bermatuko du etorkizunean produktibitateak handitzen jarraitzea».

Hain zuzen, produktibitateari begira, unitateko lan kostuen egoera ona denez, «hainbeste urte iraun duen soldaten moderazioa arintzeko aukera» ikusten du Orkestrak. Soldatak handitzeak «langileen ongizatea areagotuko» luke, eta «lehiakortasuna ez litzateke kaltetuko produktibitatearen hazkundeari eusten bazaio».

Esportazioen joera «bereziki positiboa» ere azpimarratzekoa dela ere badio txostenak. Izan ere, «Espainiako barne eskaria handitu den garaian» gertatu da, eta horrek nazioartera begirako enpresen arreta murrizteko arriskua bazuen. Enpresa esportatzaileen kopurua handitu egin da, baina askok bolumen txikiko esportazioak egiten dituzte.

Gerra komertziala hazkunde sasoia trabatzen hasi da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.