HIRIETAKO ATEAK IXTEN ARI ZAIZKIO

Europako hiriburu nagusiek asmoa agertu dute diesel autoak debekatzeko. Alemanian justiziak ebatzi du udalek eskumena dutela ibilgailu kutsatzaileenei sarrera galarazteko. Hanburgok jada debekua ezarri du, eta Stuttgartek ere gauza bera egingo du, Mercedes eta Porscheren hiriak.

Ekologistak dieselaren kontrako neurriak eskatzen Alemaniako Administrazio Auzitegi Gorenean, Leipzigen, artxiboko irudi batean. MATTHIAS RIETSCHE / EFE.
Jon Fernandez.
2018ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Stuttgarteko tren geltoki zentralaren dorreak 56 metroko garaiera dauka, eta han, puntaren puntan, hiru erpineko izar erraldoi bat dago, zilar kolorekoa, zirkulu batean bilduta. Mercedes-Benzen ikurra ez da bakarrik auto konpainiaren marka: Alemania hegoaldeko hiriaren nortasun marka ere bada, bertan sortu baitzen konpainia. Hiriko armarria da autogintzaren eta Stuttgarten arteko harreman estuaren beste adibide bat. Porscheren ikurra armarrian oinarrituta dago: behor beltz bat aurreko hankak altxatuta, hondo horiaren gainean. Ez alferrik, hiriaren deiturak alemanezko stutengarten izenean du jatorria, eta behorren zelaia esan nahi du. Bada, 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera errazagoa izango da hiriaren erdigunera zaldi gainean sartzea diesel auto batean baino. Alemaniako autogintzaren bihotzak ere bizkarra eman dio dieselari. Atea itxiko dio, urte hasieran Hanburgok egin zuen bezala.

Udalak, oraingoz, Euro 4 arautegiaren emisio estandarrak (2005ekoak) dauzkaten diesel ibilgailuak galaraziko ditu soilik, eta estandar zaharragokoak. Debekuaren arrazoia sinplea da: Baden-Wurttemberg estatuko hiriburuak nitrogeno oxidoen (NOx) isuri handiegiak dauzka, Europako Batasunak ezarritako mugen gainetik, eta gehiegizko nitrogeno oxidoak arnasketari lotutako gaixotasunak sortzen ditu.

Oraingoz, zirkulatzen lagako die 2009ko Euro 5 motorra daukaten diesel ibilgailuei; Euro 5a, orokorrean, 2014ko Euro 6aren oso antzekoa delako, NOx emisioen atalean izan ezik. Hori dela eta, Stuttgarten erabaki dute Euro 5 motorrak ere debekatu egingo dituztela, baldin eta ikusten badute 2019 erdialderako ez dela gutxitu nitrogeno oxidoaren kutsadura airean.

Agurra bai, baina noiz?

Hirian 200.000 inguru diesel ibilgailu daude erregistratuta. Alemanian urtean hiru milioi auto saltzen dira, eta oraintsu arte erdiak inguru ziren dieselak. Euro 6 agindua indarrean sartu zenetik, motor horiek betetzen dute EBren araudia: berez, kilometro bakoitzeko 80 miligramo NOx isurtzen dituzte gehienez ere. Euro 6arekin, eranskailu urdina lortzen dute ibilgailuek, eta, beraz, sar daitezke hiri erdialdeetara.

Mercedesen eta Porscheren hiriarena ez da kasu bakana, ezta hurrik eman ere. Errenkadan datoz diesel autoen kontrako debekuen erabakiak eta asmoak Europa mendebaldeko hiri nagusietan: Atenasko, Bartzelonako, Madrilgo eta Parisko alkateek debekua jartzeko asmoa agertu dute; Ingalaterrako eta Galesko hiri nagusietako alkateek, Londreskoa buru, Theresa Mayri eskatu diote ibilgailu kutsatzaileenak debekatzeko 2030erako; eta Alemaniako Administrazio Auzitegi Gorenak joan den otsailean ebatzi zuen udalek eskumena daukatela sarrera debekatzeko automobil kutsatzaileenei.

«Diesela ez da egun batetik bestera desagertuko», ohartarazi zuen iaz Elzbieta Bienkowskak, Europako Batzordeko Industria komisarioak. Baina ñabardura garrantzitsua gaineratu zuen: «Edonola ere, nahiko seguru nago pentsatzen dugun baino lehenago desagertuko dela».

Dieselaren agurrera batu den azkena Teresa Rivera Espainiako Trantsizio Ekologikorako ministro berria izan da: «Diesela amaitzear dago». Pedro Sanchezen gobernua aztertzen ari da gasolioaren gaineko zerga handitzea (30 zentimo litroko), gasolinarenarekin parekatzeko (40 zentimo).

Ordezko argirik ez

Hirietako debekuek eta zerga igoerek helburu argia daukate: diesel autoak, apurka-apurka, baztertzea, Europako hirietako airea arnasgarriagoa izateko. Arazoa da aukera ekologikoagoak, gaur-gaurkoz, ez direla sendoak. Auto elektrikoen teknologia ez dago nahi bezain garatuta: bateriek autonomia txikiegia daukate, ez dago kargaleku sare sendorik...

Funtsean, eskaria eta eskaintza txikiegiak dira oraindik: 2016an Alemaniako auto guztien artean %0,8 bakarrik ziren elektrikoak, %1,4 Frantzian, eta %3,4 Suedian. Hego Euskal Herrian, 171 baizik ez ziren saldu 2016 osoan. Salbuespena Norvegia da: autoen %27,3 dira elektrikoak. Argi dago auto hibridoek egingo dutela trantsizio bidea.

Merkatuak 2015ean eman zuen dieselaren kontrako bolante kolpe handia. Ordura arte, gasolina baino garbiagotzat jotzen zen. Urte hartan, ordea, Volkswagenen dieselgate kasua lehertu zen. Alemaniako autogileak onartu zuen motorrak faltsutu zituela, benetako isuri kopurua ezkutatzeko: 11 milioi autotan jarri zuen software faltsutzailea. Baina susmo txarra olio orban baten moduan hedatu zen diesel osora: Nissan japoniarrak ere aitortu zuen faltsutzea, eta justiziak lupa jarri die Peugeot and Citroen frantziarrei ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.