Egoskor plastifikatuak

2018ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Zahartzen ari naiz, ziur. Gogo bizia piztu baitzait Denis Itxasoren aldeko lerro batzuk idazteko. Kezkatzeko modukoa. Baina Hondarribiko Alardean plastiko beltzak ken ditzaten zabaldutako mezuak merezi du hainbeste.

Eskaera hori medio, herriko emakume talde batek euren adierazpen askatasunarekiko errespetua eskatu dio eta hainbat informatibotan Alarde tradizionalaren (horrela esaten diote) aldekoen ahotan hainbeste errepikatu diren hitzak entzun ditut: «Kanpokoek ez digute esan behar gure festa nola bizi behar dugun». Ahuntza kanpandegitik behera botatzea, zezenak lantzaz jostea edo oilo-antzarak hiltzea, laguntza musikalez, maite dutenen diskurtsu berbera.

Ez zait garbi azaltzen kanpotarren muga non kokatzen den. Udatiar asko, jatorri desberdinetakoak, tente ibiltzen dira Alarde egoskorrean (horrela hobe) eta hortzaka defendatzen dute. Hauei parte hartzea eta iritzi ematea ongi hartzen zaie, oztoporik gabe. Galdetu behar dut jada txinatarrik, judurik edo ijiturik baden tartean. Edo pasaeran den errefuxiaturik. Beti arrak noski.

Gogoan dut Alardera joan izana. Adiskide batek parte hartzen zuen eta behin eta berriz agertzea eskatzen zigun. Gazteak ginen, hogei urte edo gutxiago, eta hainbat konpainiatan neskak ibiltzen ziren (lagunak oraindik argazkiak ditu gordeta). Baina gomendatutakoak ziren, saltsako nagusien alabak, ilobak edo beste zerbait. Tematiek ere onartzen dute eta berehala gehitzen: «Dena ondo zihoan, ordea. Progreak etorri eta dena birrindu zuten arte». Gaiztoak dira gero!

Txoro kontu hau hasi zenean, artikulua idatzi nuen eta iragarlearena egiten ausartu nintzen: «Berandu baino laster emakumezkoek Irungo eta Hondarribiko alardeetan gizonezkoen antzera hartuko dute parte. Eta azkeneko boladan inozokeria gaiztoak esan dituzten asko, lotsatuta, isilik geratuko dira». Ezin nuen orduan susmatu ere egin hainbesteko setakeria bil zitekeenik honen inguruan. Gaitzespen eta mehatxu telefono dei ugari hartu nituen ordainetan. Batek horrela esan zidan: «No se le vuelva a ocurrir aparecer por Fuenterrrrrrabía (rrrrrrr horrek argi azaltzen zuen dei egilea euskalduna zela, baina espainolez hitz egin zidan), que tenemos buena memoria». Nire jakintasun apurrak honela erantzuteko eman zidan: «Voy a donde quiero, cuando puedo», eta eskegi egin nuen.

Handik gutxira, emakume lagun hondarribiar bat hil zen. Arrantzale familiakoa eta herrian oso ezaguna. Hiletara joan nintzen eta, ohi dudanez, mezako jaunartze ondorengo tartean txistuaz elegia modukoa josi nuen. Eliza lepo zegoelarik, funtzioa hunkigarri gertatu zen. Irteeran, jendetzak inguratuta, belarri ondoan ahots batek xuxurlatu zidan: «Ansorena, ya puedes volver a Hondarribi. Estás amnistiau». Zertaz ari zen konturatu orduko jiratu nuen burua, baina ez nuen barkatzailea identifikatu ahal izan. Susmoa dut oraingo lerro hauek zigor berria ekarriko didatela, erreintzidentziak larriagotua.

Donostian ere bizi izan genuen honen gaineko ika-mika orain urte hamarkada batzuk. Kresala Elkarteko emakume bazkide talde batek Danborradan parte hartu nahi zuen eta, ohi denez, ederki planteatu zuten. Neroni elkarteko presidenteorde suertatu orduan eta fronte instituzionala defendatzea egokitu zitzaidan. Hasieran liskarrak izan ziren (harrika ere egin ziguten), baina, hogei urteren ondoren, garai hartan hain epel jokatu zuten Udal ordezkariek Hiritar Merituaren Domina eman zieten bazkide haiei, pertsonen arteko berdintasunaren alde egindako lanarengatik. Eta garai hartan sutsuki aurka egin zuten elkarte eta pertsona gehienek egun ez dute gogoratu nahi eta aditzera ematen dute euren danborradetan emakumeak berdintasunez aritzen direla. Batzuetan egia da. Plastifikatutakoei igualtsu gertatuko zaie.

Plastikoaren gehiegizko erabilera ekologikoa izan ez eta kolorea jaien giroarekin ez datorren arren, ongi pentsatuz gero, agian egoki izan daiteke plastiko beltzak ateratzea. Hauen atzean ezkutatzeko, argazkietan atera ez eta etorkizunean ondorengoei ez kontatu behar izateko zer arraio ari ziren hor erridikuloa egiten. Bestela, kontua ulertarazteko, akaso beste guztiok Alarde temosoa pasatzean, espaloietan jarri beharko dugu eta kolore horiko plastikoen atzean gorde. Adierazpen askatasunaren kontuarengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.