Eskozia. I-18: Independentziari buruzko erreferenduma

Baimenik gabeko independentzia

Pare bat urteotan, Eskoziaren independentziaren aldeko dozenaka talde txiki sortu dira kanpaina ofizialaren itzalpean. Haien artean ezagunenetakoa RIC da, Independentzia Erradikalaren Aldeko Kanpaina.
Parodiak eta musika emanaldiak tartekatu zituen RICek ostiraleko ekitaldi internazionalistan; argazkiko dantzariek Margaret Thatcherren eta David Cameronen maskarak daramatzate.
Parodiak eta musika emanaldiak tartekatu zituen RICek ostiraleko ekitaldi internazionalistan; argazkiko dantzariek Margaret Thatcherren eta David Cameronen maskarak daramatzate. BERRIA

Samara Velte - Berriemaile berezia

2014ko irailak 16
Badakizue zertarako nahi dugun independentzia? Tory-ak behingoz ederki izorratzeko». Boterean dauden alderdiez trufatu eta aho bizarrik gabe mintzo dira. Yes Scotland kanpaina babestu arren, SNP Eskoziako Alderdi Nazionaletik urruntzen ahalegintzen da Radical Independence Campaign; horrek, alde batetik, diskurtso nagusiari kritika egitea ahalbidetzen dio, eta, bestetik, Yes Scotland-ek baino tonu eta forma probokatzaileagoak erabiltzea. «Independentziaren ostean bi gobernu tory egongo direla esaten dute: handi bat Londresen, eta txiki bat Edinburgon», azaldu du Donny Gluckstein kanpainako kideak: «Bost axola. Hala izanda ere, Erresuma Batua hautsita egongo da, eta hori asko da».

Baina itxurazko arinkeria horren atzean badute mezua: Beste Eskozia bat posible da dute lelo nagusia. Ostiral iluntzean, ekitaldi internazionalista bat egin zuten Glasgown; han izan ziren, besteak beste, Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako eta Palestinako ordezkariak. «Baiezkoaren aldeko mugimenduaren helburuak ez du zerikusirik eskoziarra izatearekin, eta are gutxiago SNPrekin eta Salmondekin. Aldaketarako berezko nahia da», azaldu zuen Jonathon Shafi RICeko kideak. «Ezezkoaren kanpaina, apurka, funtsik gabe geratzen ari da. Nazkatuta gaude haiek gezurretan ikusteaz. 1979ko erreferendumean ere, orain darabiltzaten mehatxu berberak erabili zituzten: ohartarazi zuten kapital galera egongo zela, eta gero, baiezko botoak ez zirenean aski izan, langabezia maila handiena izan genuen».

Eskoziako espektro politikoaren ezkerreko muturraren inguruan zebiltzan hainbat taldetxo eta norbanako bildu ditu RICek. Parlamentuko alderdi nagusiak heltzen ez diren zokoetara ailegatzea dute helburu. «Badakigu independentziarekin ez dela dena goitik behera aldatuko. Haren ostean ere egongo dira komunitate behartsuak. Baina irailaren 18a aukera bat da; arrakala txiki bat, hainbeste zoritxar sortu duen sistema honetan».

Inkesta alternatiboak

Atez ateko kanpaina egiten aritu dira hilabeteotan. Horietan, hiri handietako langile auzoetara joaten dira, eta, hango herritarrei iritzia galdetuz, estatistikak ateratzen dituzte. «Inkesta ofizialek ez dute kontuan hartzen sektore horren zati handi bat», azaldu du Pat Smith koordinatzaileak: «Botoa ematen ez dutenez, hauteskunde erregistrotik kanpo egon dira luzaroan». Oraingoan desberdina izango da: boto eskubidea dutenetatik %97k eman dute izena osteguneko bozketan parte hartzeko. Boto-emaile berri asko Londresko gobernuarekin zapuztutako langile auzoetakoak dira, eta RICek horiek konbentzitu nahi ditu. Pauta sinplea da: atea jo, eta botoa erabaki duten edo ez galdetu. Zalantzan daudela erantzuten badute, zerotik hamarrerako eskala batean baloratzeko eskatzen diete: zero ezezko botoa da, eta hamar, independentziaren aldekoa. «Hasieratik ezetz bozkatuko dutela esaten badute, apuntatu eta ospa egiten dugu», azaldu du Smithek: «Ez du merezi garai honetan kontrakoak konbentzitzen hastea».

Aspaldion aski sakabanatuta egondako ezkerreko hainbat sektore elkartzeko balio izan du kanpainak. Langile klaseak ditu jomugan, baina ezkerreko elite intelektualek gidatzen dute nagusiki. «Aterki handi bat da RIC», azaldu du Glucksteinek. Edinburgh Collegeko irakaslea da, baina boluntario gisa dihardu atez ateko kanpainan. «Hainbat alderdi eta taldetatik datozen pertsonak biltzen ditu; erreferendum egunera arte ongi moldatuko gara, hori delako helburua, eta gero ikusiko dugu».

Independentziaren aldeko kanpainan talde periferikoa da RIC, baina helburua ostegunetik harago jarri dute. Glucksteinen ustez, Eskoziako ezker muturrari berriz forma emateko balioko du kanpainak: «Eskozia independentea izango bada, SNP baino ezkerrerago dagoen alternatiba bat beharko da. Ez da erraza izango, badakigulako nolakoa den ezkerra, baina hala gertatu behar du. Izan ere, Salmondek aginduko badu Eskozian, hainbat politika soziali eutsiko die, baina merkatuen mesedetan jardungo du batez ere».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna