Debabarrenaren marka berria

'Basque Precision Technology District, We make' posizionamendu marka hartuko du eskualdeko industriak nazioartera begira. Eskualdeko udalak eta enpresak lankidetzan aritu dira egitasmoan

Debabarreneko zortzi udaletako alkate eta ordezkariak eta enpresetako buruak, Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Aldundiko arduradunekin. DEBEGESA.
Irune Lasa.
Eibar
2018ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Debabarrenak bere industria izaerari eutsi nahi dio. Eutsi soilik ez, oinarri hori hartuta egin nahi die aurre etorkizuneko erronkei. Eta helburu horrekin berritu du eskualdeak enpresaren eta ekonomiaren arloan munduari bere burua aurkezteko modua. Hilabete batzuetan, eskualdeko erakunde publikoak eta pribatuak elkarlanean jardun dira nazioartean posizionamendu ahalik eta hoberena eskainiko dien markaren bila. Eta Basque Precision Technology District, We make izango da marka edo lelo berri hori, erreferentzia zehatza eginez zehaztasuneko teknologietan eskualdeko industria sareak dituen esperientziari eta espezializazioari.

Debako, Eibarko, Elgoibarko, Mendaroko, Mutrikuko, Soraluzeko (Gipuzkoa) Ermuko eta Mallabiko (Bizkaia) udaletatik sortutako egitasmoak 25 bat enpresa handiren babesa jaso du oraingoz, Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Aldundiaren sostenguaz gain. Debegesa garapen agentziaren arduradunen esanetan, asmoa da eskualdeko gero eta enpresa gehiagok egitea bat markarekin, eta hura erakustea euren webguneetan eta nazioarteko saltokietan.

Marka horren atzean, industria alorreko 706 enpresa dituen Debarrena dago, non industriak sortzen duen eskualdeko balio erantsi gordinaren %41,83, eta ia 9.500 lanpostu hartzen dituen.

Industriaren garrantzi hori azpimarratu zuen atzoko aurkezpenean Garikoitz Agote Gipuzkoako Aldundiko Ekonomia Sustapeneko zuzendari nagusiak. Hark gogoratu zuen Gipuzkoako barne produktu gordinaren %27 datorrela industria sektoretik, baita esportazioen %99 ere.

Agotek Debabarreneko industria ekosistema ere goraipatu zuen. Eskualdeak, besteak beste,bi teknologia zentro ditu, lanbide heziketako sei zentro, transferentzia teknologikorako zentro bat enpresa ertain eta txikientzat, eta EHUren bi egoitza.

Horrez gain, Alex Arriola Spriko zuzendari nagusiak azaldu zuen moduan, espezializazio adimentsuan robotika eta automatizazioaren ildoetan buru-belarri dabiltza Debabarrenean. Arriolak berrikuntza ez-teknologikoa lantzearen beharra ere nabarmendu zuen, eta azaldu zuen Debabarrena lan hori betetzen ari dela posizionamendu markarekin, eta marka soilaren atzean edukiak egotea, ekintzak egotea oso inportantea dela gaineratu.

Inportantea da lankidetza. Atzoko aurkezpenean, hizlari guztiek azpimarratu zuten eragile publikoen eta pribatuen —udal eta enpresen— arteko lankidetzaren garrantzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.