Eider Goenaga Lizaso.
HIZPIDEAK

Eskuak libre

2020ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Eskuak libre eduki nahi ditu Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Eskuak libre, koronabirusari aurre egiteko edozein neurri hartu ahal izateko, eta neurri horiek inork auzitan ez jartzeko. Herenegun Urkulluk berak esan zuenez, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren ebazpenak alarma egoera ezartzera behartzen du, hainbat neurri hartzeko. Bilera eskubideari eta mugikortasun eskubideari eragiten dieten neurriak, oinarrizko eskubide diren heinean, ezin dira hartu alarma egoera ezarri gabe.

Eta atzo bertan alarma egoera ezartzeko eskatu zion Urkulluk Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuari. Baina, halaber, eskatu zuen Urkullu bera izatea alarma egoera kudeatuko duena. Ordu batzuk geroago, gauza bera egin zuen Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak. Aurreko alarma egoeran aginte bakarra bere esku izan zuen Espainiako Gobernuak, eta hori eragotzi nahi dute orain, kosta ahala kosta. Auzitegiek mugak ez jartzea eta Espainiako Gobernuak ezer ez inposatzea; alegia, eskuak libre izatea pandemiaren kudeaketa hemendik egiteko.

Datuen bilakaerari erreparatuta, pentsatzekoa da Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarriko duela. Ikusteko dago, ordea, horrek bermatuko duen autonomia erkidegoak erabakiak eta neurriak kanpoko esku sartzerik gabe hartzea, eta pandemiaren kudeaketa burujabea egitea, Madrilek esku hartu gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.