Koldo Izagirre

Joakin Beltran dohakabearen borroka miresgarria

2021eko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Lehenengo unetikmobilizatu ginen,eta zelan!Jazorikoaren berria iritsi eta antxintxika urten genuen Gipuzkoako Ataunera. Egin genuen On Jose Miel Barandiaranen galde, baina nekatua zegoela esan zigun biloba batek, ezindua, mendi barruan ibiltzeko. Baina Anbotoko Marik laguntzen ahal zigulalupeko espirituak topetan. Biharamunean, hantxe Anbotoko tontorrean Egurtasun Ministroa.

Ez, ez zuen Mariren zantzurik idoro, Murumendin ei zegoen. Batetik bestera dabilela jakin dugu.

Baina atxituko dugu.

Eskerrik asko, Begotxu. Lapsus bat izan da. Atsituko dugu.

Vatikanoarekin ditugun zaharreman gozoei esker, audientzian hartu gintuen Frantzisko aitasantuak itxaron zerrendan txandapasa eginda. Azaldu genion jazoeraren larria, hartu zuen urrutizkina,jaurti zituen lunfardo berba batzuk eta ezerezera azaldu zen otseina, arrosario bat zekarrela zapi zurian. Oliba hezurrez eginikoa, arrosario hori. Larritasun berezietarako orazinoa egin eta geure aurrean bedeinkatu zuen.

Zilarrezko kutxatxo dotorean sartuta emon zigun.

Bai, kutxa be bedeinkatu zuen.

Madrilekin betidanik izan dugun itzalmen estrategikoari esker, maleta diplomatikoan ekarri genuen arrosarioa ezein kontrolpetik igaro behar izan barik ez Fiumicinon ez Loiun.

Bada hiru aste helarazi diogula kutxa sakratu hori.

Iritsi zaiola ziurta dezaket, bai.

Gura nuke, baina ez dut ahalik horrelako itaunei erantzuteko.

Gogor ari gara beharrean, baina ez da erraza.

Gizonezkoen Athletic futbol taldeko ostikalari guztiek sinaturiko elastikoa oparitu diogu.

Eskerrik asko, Begotxu.

Fidantzia osoko komunikazino eta harreman enpresa jator baten aholkuak jarraituz, andrazkoen Athletic futbol taldeko ostikalari guztiek sinaturiko elastikoa be bai!

Gu saiatu egiten gara okelak zuzentzen, gu ez gara mahai gainera ekartzen dietenarekin beldurtzen diren horietakoak.

Guk ekin egiten diogu, eta nahikoa bada, errekin.

Vatikanoan jakinarazi zigutenez, gurea lako hainbat larrialditan erabili dira oliba arrosario bedeinkatuak, baina oraindino ez dugu seinalerik hartu gure errezeptorean.

Ulertuko duzunez, hori be isilpean gorde beharra daukat.

Hasiak gara pentsatzen sabotaian ari dela gizona.

Hemen duzue —Begotxu, bana egizuz kopiak, arren—, hor duzue Guiness erakundearen konformazinoa. Hori be lortu dugu. Nik baino hobeto dakizue kazetariok zeinen gatxa den Guinessek markak emotea, upielako borrokak izaten dira, lehia garratza dago. Bada zaramazamaren azpian metro gehien eta egun gehien egin dituenaren titulua ekarri dugu Euskadira.

Jakinarazi diogu, bai.

Ahaztu egin zait zehaztea oliba horiek Olibamendikoak direla. Dakizuen lez, Jesukristo Olibamendira joaten zen errezu egiten, mendi sakratua da. Jerusalemen. Antolatzen ari gara bidaia bat, ofiziala baina irekia, bertan otoitz egin ahal izateko gure kausaren alde. Gonbidatuak zaudete denak, jakina.

Baliabide guztiak ari gara erabiltzen, ez dugu ezer baztertzen.

Eskerrik asko, Begotxu.

Beraz, Vatikanotik ekarri genuen oliba hezurreko arrosarioa Mossaden behineneko teknologiez hornitua da, eta seinaleak emititzen ditu edozein materia natural edo artifizialetan zehar bi kilometroko sakoneratik lur azaleraino. Alegia, gure errezeptoreraino.

Bai, bai, egin genituen probak Arkauten.

Eskuan bi ale pasatakoan emititzen du seinalea.

Ez dirudi, ez, eskuan hartuko duenik.

Krisi gabinetea? Ze krisi baina!

Anekdotaren bat? Bada, aitasantuaren autografoa be ekarri genuela. «Forza Joakin!» idatzi zuen dedikatorian.

Helarazi diogu bai, ohiko bidetik.

Hasiak gara pentsatzen Joakin koitadua manipulatua dagoela.

Zeinek? Betikoak, betikoak! Putre horiek!

Eskerrik asko, Begotxu.

Hau dena eginik, hau dena eginik Anbotoko Mariren laguntza barik, zelan da posible oraindino...

Bana itzazu argazkiak, Begotxu. Arren.

Ikusten? «Argitu» paretetan eta leihoetan. Ikusten? Gas maskara baten irudiarekin gainera. Gibela behar da gero desgraziak baliatzeko jendea nahastearren. Horra herradikal horien politika!

Zelan? Ez dizut ondo aditu.

Ba ete? Alegia, aitasantuaren «Forza Joakin!» hori gizona bere ukoan irmo segitzeko animoa izan litekeela? Arranopola! Ez dugu horrelako hipotesirik begitandu, baina...

Eskerrik asko, Begotxu. Azken hitzak beraz.

Esplikatu dizuedan lez, gatxa da hildakoa bizirik ateratzea. Eta berak gura ez badu, gatxago.

Zaborkeriarik ez, gardentasuna bai!

Zer, Begotxu?

Zaborkeriarik ez, esan dudala?

Zabarkeriarik ez, esan gura nuen. Lapsus bat izan da.

Zabarkeriarik ez, zaborkeria bai!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.