Ardura kolektiboa eta mintzakidetza

2018ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Egoeraren azaleko analisia egingo bagenu, onuratzat jo beharko genituzke azken urteotan instituzioek izandako keinuak indarkeria sexistaren kontrako borrokan. Egia esan, gero eta interes handiagoa dago arazo horrekiko, espazio zein eremu desberdinetan. Baina ezin dugu ahaztu lorpen hori Mugimendu Feministak historikoki egin duen lanaren uzta dela. Hau da, feminismoa borroka estigmatizatua zenean, ez zen berdintasun planez, emakumeaz edo indarkeria sexistaz hitz egiten, feminismoaren loraldi desberdinek gai hori erdigunera ekarri duten arte. Baina zer dago izozmendi horren oinarrian?

Kontzentrazioak, argazkiak, paperak, izenburu luzeak, argazki gehiago... oso zaila egiten da benetako borondate politikoa eta errentagarritasun politikoa desberdintzea zirku mediatiko horretan. Izan ere, oso ohikoa bihurtu da instituzioek erabiltzea mugimenduok proposatzen ditugun, lelo, diskurtso eta iruditegiak. Hau da, urteotako lanaz jabetzen dira, baina norena den aipatu gabe. Horrek esan nahi duen aitorpenik ezari borroken desitxuraketa, inbisibilizazioa eta diskurtso zurituak gehi diezazkiokegu.

Finean, feminismoa ez da zeharkako gai gisa lantzen, eta ez denez eremu guztietara eramaten, unean uneko kanpainetan edo nahikoak izan ohi ez diren neurrietan geratzen da maiz. Hala nola azken boladan instituzioetatik prebentzioari begira abiatzen ari direnak: taxi-gidariak zure atarian sartu arte itxarotea, ohiko autobus geltokietan ez ezik edozein tokitan jaitsi ahal izatea, jaietan bizitokira elkarri laguntzeko kanpainak... Baina neurri horiek ez dira indarkeriarekin amaitzeko baliagarriak (gogora dezagun indarkeria kasu gehienak eremu intimo eta pribatuan gertatzen direla).

Azkenaldian pil-pilean dagoen beste gai batekin ere egiten dugu topo auzi honetan: indarkeria matxistaren aurkako legea. Alde batetik, erasoa jasandakoa salaketa jartzera derrigortzen duen legea da, edozein laguntza/zerbitzu publiko jaso ahal izateko. Bestetik, bikote harremanetara soilik mugatzen da, kasu pila bat kanpoan utziz. Baina emakumeak salatzen duenean ere, erakundeek ematen dioten trataera ez da oso abegikorra izaten, eta behin eta berriz topatzen ditugu, prozesu osoan (komisariatik hasi eta epaitegian amaituz), kuestionatuak, irainduak, umiliatuak... diren emakumeak. Hau da, emakumeok babesteko legeak asmatzen dira, baina babestu bainoago, kaltetzen gaituzte, ez direlako ikuspegi feminista batetik eraiki eta aplikatzen.

Hori da, hain zuzen, muinean jarri nahi duguna: ez dago indarkeria sexista amaitzeko plan integralik, eta gauzatzen diren egitasmoak oso azalekoak dira. Galdera ez da ea neurriak hartzen diren. Galdera egokia da hartzen diren erabakiak ea nondik, norentzat eta nola hartzen diren.

Egiten ari garen guztia asko da, baina argi dago ez dela nahikoa. Proposamen politiko eta egiteko modu berriak behar ditugu. Alde horretatik, indarkeriari modu integralean egin nahi badiogu aurre, erabat beharrezkoa da Mugimendu Feministaren eta instituzioen arteko mintzakidetza ere integrala eta iraunkorra izatea. Horretarako, noski, ez da nahikoa gure ordezkariak urtean bilera batera deitu eta «aholkulari» papera izatea edota agintaldi bakoitzari lotutako egitasmoak soilik jartzea martxan. Izan ere, ohikoa da azkenaldian prozesu parte-hartzaileak antolatzea gai hori ere jorratzeko. Baina errealitatea da, iaz Emakundek abiatutako prozesuan gertatu zen legez, halako egitasmoek muga asko dituztela: esaterako, gehienetan ez dira erabakitzaileak, eta, hala denean, ez diraaintzat hartzen herritarrok, emakumeok eta mugimendua osatzen dugun subjektuok behar ditugun erritmo eta tenpusak. Beraz, borondatea, ardura politikoa, elkarlana, hezkidetza eta iraunkorrak diren egitura eta erabakiak beharko ditugu indarkeria sexista errotik amaitu nahi badugu.

ARTIKULU HAU HONAKO HAUEK ERE IDATZI DUTE: Amaia Zufia Erdozain, Saioa Iraola Urkiola, Alazne Beltran de Lubiano eta Naia Torrealdai Mandaluniz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.