LGTBI+ friendly. Izanik gabeko izena

Ramon San Sebastian
2019ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Zer da gayfriendly izatea? Zerk edo nork dio leku, espazio edo zerbitzu bat gayfriendly dela? Zergatik gayfriendly eta zergatik ez LGTBIfriendly edo LGTBIQ+friendly? Eta zergatik sortzen ditu «marka» edo «etiketa» honek hainbeste eztabaida?

Sortzen zaizkigun galderak ez dira gutxi, eta erantzun posibleak biderkatu egiten zaizkigu, bai kolektibo barnean, baita Gehitu elkarte barnean ere. Izan ere, gizartea bezain askotarikoa da LGTBI+ kolektiboa bera, baita LGTBI+ akronimoa osatzen duen hizki bakoitzak ordezkatzen dituen jende taldeak eta errealitateak ere.

Gayfriendly hitza, jatorrian, gayen eskubideen aldeko borroka eta politikak leku eta espazio zabalagoetara hedatzeko beharrak sortutako hitz anglosaxoi bat da, munduaren luze-zabalean erabiltzen dena. Hasiera batean gayfriendly hitzak gure kolektiboko jendeari babesa, onarpena eta segurtasuna eskaintzen dioten espazioak etiketatzeko erabiltzen zen. Honen erabilera 80ko hamarkadatik aurrera zabaldu zen, garai hartan kolektiboari zuzenduriko aisiarako espazio berrien gorakadarekin bat egin eta garaiko erreibindikazioekin batera uztartzen zena.

Baina gaur egun, hitzak berak badu mugimendu sozialeko jende askorentzat kutsu baztertzailea: 80ko hamarkadan, sexu-aniztasun borroka LGTBI kolektiboko talde indartsu eta ikusgarrienak egiten zuen. Kolektiboaren jendearen artean, indar sozial handienekoa: gizon homosexualak. Gayen borroka zela uste zuen jende askok, gu barne.

2019an, berriz, aniztasun sexogenerikoaren gatazkaren helburua heteroarauak puskatzea da, ez soilik gizonezko homosexualentzat, baita baztertuagoak dauden hainbat talderentzat ere. Ulertu dugu gure bazterketa eredu ekonomikoek uztartzen dituzten estereotipo itxietan oinarritzen dela. Eta gayfriendly hitzak gure kolektiboko pertsona asko ezkutarazten ditu: emakumeak*, pertsona ez binarioak, intersexualak, asexualak... Zentzu horretan gayfriendly ez, LGTBI+friendy, LGTBIQ+ friendly edo dena delakoa da guk erabili nahi duguna.

Bestalde, ez dira gutxi etekin ekonomikorako asmoarekin hitz hori bere egin duten enpresak: bidaia-enpresak, hotelak, festak, hiriak eta abar.

Esan daiteke erabiltzearen erabiltzeaz esanahia gastatu zaiola hitzari. Badirudi, dena dela LGTBI+friendly eta, aldi berean, ezer ez. Etiketa hau erabiltzen duten zenbait festa erraldoi eta arrakastatsuk bere esanahia, oso zehatza den genero, klase ekonomiko eta itxura estetiko batekin lotu dute hitza, eta gure kolektiboaren estereotipo murriztu bat sustatu. Hori guztia, hitza kolektiboarentzat arrotza bilakatzeraino.

Dagoeneko LGTBI+friendly izenak ez du molatzen. Gayfriendly markaren erabilerak, beraz, eztabaidak sortu ditu, bai atzerrian eta bai gurean, halabeharrean. Horregatik, gure ustetan, garrantzitsua damahai gaineratzea ezin dugula ahaztu zeintzuk diren, diskurtso eraikitzaile eta barneratzaile batetik abiatuta, ekintzaile guztion helburu komun eta garrantzitsuenak.

Gure helburua, honi dagokionez, heteroaraudiaz kanpoko sexu-generoko jendeak gune seguru, babestu eta erosoak eskuragarri edukitzea da; eta, harago, gure jendearen bizi-baldintzak eta eskubideak lehenestea. Asko dago egiteko. Bilbo, gure hiri handi eta kosmopolitena, oso plurala eta barneratzailea dela sinisten badugu ere, bertako oso gune jakin batzuetan sentitu gaitezke eroso eta aske LGTBI+ pertsonak. Zer esanik ez Euskal Herriko herri, bailara eta eskualde txikiago eta ez hain «kosmopolitetan».

Ezin dugu, izenen erabilera dela eta, izana eta borroka ahaztu.

Artean, Euskal Herria aldatzekodugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.