Kutxa Fundazioa izango da Donostia 2016ren «babesle globala»

500.000 euroko ekarpena egingo du.Lau milioi euro babesleen bidez lortzea du asmo hiriburutzak, baina erdia ere ez du lortu oraindik

Eneko Goia Donostiako alkatea, Xabier Iturbe Kutxako presidentea eta Pablo Berastegi 2016k zuzendari nagusia, atzo. DONOSTIA 2016.
Igor Susaeta.
Donostia
2015eko urriaren 30a
00:00
Entzun
Kutxa Fundazioak 500.000 euroko ekarpena egingo dio Donostia 2016ri, eta instituzioa kultur hiriburutzaren «babesle global» bihurtuko da. Atzo arratsaldean sinatu zuten hitzarmena Xabier Iturbe Kutxako presidenteak, Eneko Goia Donostiako alkateak eta Pablo Berastegi 2016ren zuzendari nagusiak. Fundazioak bere espazioak utziko dizkio hiriburutzari, hainbat proiektutan kolaboratuko du, eta hurrengo urtean antolatuko dituen ekintza guztietan hiriburutzaren balioak izango ditu kontuan.

Donostia 2016k gaur arratsaldean, Tabakaleran, aurkeztuko du hurrengo urteko programazioa, eta 2011n Europako Kultur Hiriburutza eman zitzaionetik aldarrikatu du babesleen bidez lau milioi euro lortzea zuela asmo —aurrekontu osoa 48 milioi euroda—. Bost urteren ondoren, eta hiriburutzaren urtea hasteko bi hilabete besterik falta ez denean, kopuru horren erdia ere ez du bildu. Berastegiren esanetan, baina, errazagoa izango da babesle horiek erakartzea, proiektuak agerikotasuna lortu ahala.

Alkateak, hiriburutzaren zuzendari nagusiak eta Kutxako presidenteak atzo adierazitakoaren arabera, ituna gertatzea «logikoa eta naturala» da. «Beti eduki dugu argi hiriburutzan egon behar genuela», esan zuen Iturbek. Goiari «albiste bikaina» iruditzen zaio Kutxak 2016rekin bat egitea, eta Berastegirentzat ekarpena ez da soilik ekonomikoa izango. «Proiektuari berea lagunduko dio Kutxak, egin duen planteamendua oso aberasgarria baita».

Ez zen Izagirrerekin bildu

Donostia oraindik ere hiriburutzarako hautagaia besterik ez zenean, Kutxa eta hautagaitza elkarlanean aritu ziren. Behin hautagaitzak irabazi eta Juan Karlos Izagirre (Bildu) Donostiako alkate aukeratu zutenetik, ordea, bi aldeen arteko harremanak hoztu ziren. Iturberi galdetu zioten atzoea Bilduk Donostiako Udalean eta Gipuzkoako Diputazioan agintzeari utzi dion arte zain egon ote diren akordioa sinatzeko. Iturbek zuzen erantzutea saihestu zuen, baina hau esan: «Instituzioen arteko harremanak onak badira, lagungarria da; bestela, zailagoa». Aitortu zuen ondoren, 2011 eta 2015 artean ez zela Izagirrerekin bildu gaiaz hitz egiteko.

Kutxak 2016an Kubo aretoan antolatuko dituen lau erakusketetan sortzaile gipuzkoarrak izango dira protagonista: Marta Cardenas, Gonzalo Txillida, Jesus Mari Lazkano eta Ricardo Martin. Gainera, Kutxa/Donostia Hiria literatur lehiaketa babestuko du berriro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.