Jose Angel Samaniego. Joventut taldeko bigarren entrenatzailea

«Partida bat da, eta edozer gauza gerta daiteke»

Donostiako entrenatzaileak eskarmentu handia dauka laguntzaile moduan taldeak entrenatzen. Baskonian ere ibili zen, baita Kopa irabazi ere 1999an. Gaur garaipena lor dezaketela uste du.

DAVID GRAU.
Aitor Manterola Garate.
2021eko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Ezaguna da Jose Angel Samaniego (Donostia, 1966) ACB ligako aulkietan. Errusian ere ibili zen, Zeniten. Joventuten dabil orain Carles Duranen laguntzaile lanetan. Makina bat Kopa ezagutu ditu aulkitik, baina ez dauzka kontatuta zenbat izan diren.

Zer du berezi Kopak?

Aurtengoan berezia izango du ez dagoen hori: zaleak. Txapelketa honen bereizgarria da zaleen arteko giro ona, eta nola elkartzen den saskibaloiaren erdigunea hiri batean lau egunez. Partida aurreko giroa, partidetako... zaleen arteko giroa berezia izaten da beste txapelketekiko.

Ze iritzi duzu Baskoniaz?

Vidorretak (Txus Vidorreta, Tenerifeko entrenatzailea) esan duena datu bat da: Euroligako taldeek ez dute galdu ACB ligako besteen aurka guk Baskoniari irabazi genionetik [zazpigarren jardunaldian, urrian]. Alde esanguratsua dago haien eta gure artean, baina partida bat da, eta, batez ere aurreneko partida izanik, edozer gerta daiteke, talde guztiak nekerik gabe heltzen garelako.

Ligako partida hura erreferentzia izan daiteke?

Beste garai bat zen hura, zazpigarren jardunaldia. Gorabeherak izan ditugu biok, ez taldeen osaketan, baina bai galdu eta irabazi dinamiketan. Bi taldeek heldutasun ezberdina dugu orain.

Zein dira Baskoniaren indarguneak?

Gaitasun atletikoa du gure aldean. Holako taldeen aurka asko sufritzen dugu. Erritmoa eta defentsako jardunarekin saiatuko da guk gure erara joka ez dezagun. Eta gero, kalitatea dauka, Baskoniaren joko antolatzaile parea oso ona delako. Kanpotik jaurtiketa ona du taldeak, Polonararen mehatxua ere bai; sasoi hoberenean den ACBko jokalaria da, eta taldearen espiritua. Duskok ezarri nahi duen izaera horren erakuslea. Partida gogorra izango da.

Bartzelona da faborito argia Kopa irabazteko?

Faboritoa bai, baina argia ez. Ez dut garbi Euroligako beste hiru taldeak baino hobea denik, eta hor daude aurrekariak: hiruren aurka galdu du sasoi honetan.Adibidez, Baskoniak irabaz diezaioke finalerdian, edo beste Euroligako talde batek ere bai.

Euroligan ari ez zareten taldeon aukerak zenbatekoak dira?

Besteok ere eman dezakegu ezustea. Arriskutsuagoak gara lehen egunean, fresko gaudelako. Gero, zailagoa da.

Taldean baduzue jokalari euskal herritar bat: Xabi Lopez Arostegi... Pausoa eman du aurrera.

Jauzia eman du: orain lehia ezagutzen du, jokoa geldoago pasatzen zaio burutik lehen baino. Erregulartasuna lortu du, gaztea bada ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.