BOLBORA ARTEKO PINTURA

1936ko gerran, gobernua osatu eta berehala sortu zuen Eusko Jaurlaritzak artelanak babestu eta lekuz aldatzeko batzordea. Javier Muñoz arte historialariak Bilbotik Frantziara ebakuatutako artelanen historia berreskuratu du orain.
Arroxela (La Rochelle) ondoko La Pallice portuko irudi bat, 1937. urtean, Euskal Herriko artelanak bertan enbargatuta zeudenean.
Arroxela (La Rochelle) ondoko La Pallice portuko irudi bat, 1937. urtean, Euskal Herriko artelanak bertan enbargatuta zeudenean. JEAN MARC MOURILLON

Iñigo Astiz -

2017ko irailak 17
Batzuetan, bolbora heltzen ez den lekuetara heltzen da pintura, eta gerra fronte bat gehiago osatu zuen horregatik arteak ere 1936ko gerran. Nekez propagandarako tresna hoberik: basatiak eta zibilizatuak bereizten ditu. Horregatik jarri zituen martxan Eusko Jaurlaritzak kultur ondarea babestu eta lekuz aldatzeko planak. Artelanetara balak eta bonbak heldu baino lehen heltzea izaten zen artelanak babesteaz arduratzen zirenen erronka. Eta Bilboko garai hartako bi museoetako artelanak ebakuatzeko egindako lana da esfortzu horren erakusgarririk argiena. Gernikako bonbardaketaren ondorenean, aurrekontu estuaz, eta prekaritate betean bildu eta eraman behar izan zituzten itsasontziz Frantziara biltegietako ehunka koadro. Hilabeteak eman zituzten lan haiek portuan konfiskatuta. Galdu egin ziren batzuk. Eta oraindik ere ez dira guztiak agertu. Eta, hain zuzen ere, babes lan hori zehatz kontatzen duen liburu bat argitaratu du orain Javier Muñoz Euskal Herriko Unibertsitateko arte historia irakasleak: El museo ausente. La evacuación del Museo de Arte Moderno de Bilbao a Francia durante la Guerra Civil (Museo absentea. Bilboko Arte Modernoko Museoaren Frantziarako ebakuazioa 36ko gerran). «Esfortzu handia egin zen, gatazka legal luzeak eragin zituen ebakuazioak, eta bizitasun handia izan zuen gaiak, baina gerra zibileko pasarte honek ez du inongo tarterik izan gure memorian».

Eusko Jaurlaritza osatu berriak hasieratik izan zuen ondare arkitektonikoa, erlijiosoa eta artistikoa babesteko asmoa. Batzorde propio bat ere sortu zuen horretarako, eta garai hartako artista eta espezialistek osatu zuten. Jose Maria Uzelai izan zen Eusko Jaurlaritzaren Arte Ederren Zuzendaritza Orokor hartako zuzendaria, eta Julian Tellaetxe pintoreak ere rol garrantzitsua jokatu zuen. Baina, Muñozek dioenez, baliabide gutxirekin egin behar izan zuten beren lana beti. «Nik, batzuetan, imajinatzen dut agian joango zirela kamioi baten gainean, herri batetik bestera, ahal zutena kamioi hartan biltzen, eta arineketan Bilbora bueltatzen, eta imajinatzen ditut tartean bonbak, eta gerra, eta agian gasolinarik ez, eta halakoak. Problemak bata bestearen atzean, eta, une hartako egoera kontuan hartuz, ez zen txikia izan lan hori».

Jadanik bazituzten artelanak babestu nahi izateaz gain, frontean «arriskuan» egon zitezkeen obrak ere bildu eta babestu zituzten. Horregatik irudikatzen ditu Muñozek kamioi gainean, tiro artean. Liburutegiak eta artxiboak hala berreskuratu zirelako. Antzera aritu ziren Kataluniako Generalitatea eta Espainiako Errepublikako Gobernua, eta hala Jaurlaritza ere.

Ebakuazio erabakia

Ziortza-Bolibarren, Elgetan, Markinan, Laudion, Lekeition, Mendexan, Durangon eta Elorrion egin zituzten Jaurlaritzako ordezkariek lehen egunak. Eta han bildutako artelanak Getxoko Areetako zenbait etxetara eta Bilboko Uribitarteko biltegi hozkailuetara eraman zituzten. XV. mendeko triptiko flamenkoa hartu zuten Elgetatik. Hainbat artxibo bildu zituzten Markinako Munibe jauregitik. Bolizko kristo bat eta Goyaren hiru erretratu zeuzkan artelan multzo handi bat Lekeitiotik. Hamabi koadro Durangoko Argoniz jauregitik. Zuloaga batzuk Eibartik... Eta halaxe herriz herri, eta halaxe artelanez artelan. Arkitektura ere zaintzen zuten, eta erregistratu egiten zituzten baita trintxerek eragindako aldaketak ere.

Muturreko adibide bat: Nabarnizen, esaterako, ikerketa arkeologikoak egin zituzten gerra betean, Gastiburuko erromatar kanpamentuan.

Artelanen kasuan, piezak Euskal Herrian bertan babestea zen Jaurlaritzaren hasierako asmoa. Horregatik, hasieran 1937ko Parisko pabiloi unibertsaleko erakusketarako eta beste erakusketa batzuetarako soilik eraman zituzten artelan batzuk kanpora, baina 1937ko maiatz eta ekainean frontea Bilbora gerturatuz joan ahala, eta aire erasoak gogortuz zihoazen heinean, hirian bilduta zeuden arte funtsak ere kanpora eramatea erabaki zuten.

Gernikaren itzala

Liburuan dator Muñozen azalpena: «Gernikakoaren moduko beste suntsipenen bat gertatuko zen beldurra izan zen ebakuaziorako motibo nagusia». Eta 1937ko maiatzaren 3ko Eusko Jaurlaritzaren ohar ofizial batean ere aipatzen da beldur hori. Bankuetako ondasunez ari zirenean, zehazki. «Gobernuak aztertu du eraso ikaragarri hori Bilboren aurkako are handiago baten entsegua izan daitekeen aukera. [...] Ondorioz, Euzkadiko aberastasuna salbu jartzeko akordioa hartu du». Eta bankuetako ondasunak ebakuatzeko erabakiaren ostean heldu zen erlijio bitxiak eta artelanak ere ebakuatzeko erabakia.

Ez zeuden denak ados ideia horrekin, ordea. Manuel Losada Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendari izandakoa, esaterako, kontra zegoen, eta prest azaldu zen pistola hartu eta biltegian artelanak babesten gelditzeko. Gerra amaitu arte. Hori dio kondairak, behintzat. Ez dago datu hori berretsiko duen dokumenturik, baina hori zen giroa: pistolak, erresistentziak, bolbora. Eta, ziur aski, kondaira hori ere alde izango zuen Losadak gerraostean agintari frankisten aurrean bere burua justifikatu eta museoko zuzendari postua mantentzeko.

Erresistentziak erresistentzia, ordea, itsasontziz egin zuten, azkenean, ebakuazioa. Naturala zirudien erabakiak. Hala eraman zituzten bankuetako diru eta kapitalak, eta hala herritarrak ere.

'Sea-Bank' itsasontzia

Hainbat barku ingeles abiatu ziren 1937ko maiatzaren 21etik ekainaren 12ra bitarte Arroxela (La Rochelle) alboko La Pallice portura eta Bordele ondoko Pauillac portura. Bankuetako funtsak eta artelanak zeramatzaten, eta mugimendu guztien berri eman zien une oro Jaurlaritzak Frantziako agintariei. Nazioarteko erakusketetan parte hartzekoak ziren ebakuatzen ari ziren artelan horietako batzuk, eta biltegietan babestekoak ziren beste batzuk.

Euskal artista modernoen lanak ziren gehienak. Eta luzea zen izen zerrenda: Jose Arrue, Juan Etxebarria, Dario de Regoyos, Pablo Uranga, Valentin Zubiaurre...

Joyce Lewelly deitu zen Bilbotik abiatu zen itsasontzi haietariko lehena. Euskal Herriko bankuetako funtsak zeramatzan; 7.239 kutxa, guztira. Maiatzaren 22an heldu zen portura, eta izena aldatu zuen han: Sea-Bank deituko zen aurrerantzean. Eta itsasontzi hori izango zen artelanen ebakuazioaren protagonista nagusietariko bat.

Muñozek dioenez, bazen kaos pixka bat. Oso era prekarioan egon ziren artelanak biltegietan. Presaka egin ziren ebakuazio lanak. Ebakuatu ziren artelan pribatuen jabeei abisurik ez zitzaien eman askotan. Eta lehentasunak markatzeko protokolorik ez zen zehaztu. Alegia, ahal izan zuten bezala aritu zirela. Aurka zuten historiaren korrontea, eta prekarioki baino ezin izan zioten erantzun egoerari.

Aurka itzuli zitzaien legea ere. Odisea legal batean kateatuta geratu zen Thurston itsasontziaren kargamentua, esaterako. Ekainaren 12an abiatu zen ontzi hura Bilboko portutik, eta 14an heldu zen La Pallicera, kargan hainbat bankutako ondasunak eta artelan kutxa sorta bat zeramatzala, eta portuan karga guztia Sea-Bank itsasontzira pasatzea zen plana, baina orduan hasi zen labirinto legala.

Bi aldeek erreklamatzen zuten propiotzat itsasontzi haren karga: Jaurlaritzak eta errepublikako gobernuak, alde batetik, eta Espainiako gobernu errebeldeak, bestetik. Bando bateko eta besteko banku eta partikularrek erreklamatu zituzten artelan eta ondasun haiek. Karga hura behin-behinean konfiskatzeko erabakia hartu zuten Frantziako agintariek, eta portuan harrapaturik gelditu zen itsasontzia.

Itsasontzi bat, tripa bete artelan, portuko olatuen kulunka barean.

Erreskaterako ontzia

Jaurlaritzaren aldekoek sumatu zuten Frantziak halako erabakiren bat hartuko zuela, eta horregatik bidali zuten Axpe-Mendi itsasontzia Sea-Bank baporeko karga hartzera. Erreskatatzera. Frantziak enbargoa agindu baino lehen eraman nahi zituzten handik koadroak eta eskulturak. Eta erloju kontra aritu behar izan zuten horretarako.

Ekainaren 23an hasi ziren Sea-Bank-eko piezak Axpe-Mendi-ra pasatzen, eta 25erako bukatzea zen asmoa. Sea-Bank ontzia Santoñara joango zen orduan errefuxiatu bila, eta Axpe-Mendi-k beste portu batera egingo zuen hanka. Bizi aritu ziren lanean, eta ia mugitua zuten kargamentu guztia, baina ekainaren 25ean heldu zen auzitegien agindua, eta bertan behera gelditu zen jokaldia. Frantziak hartuko zuen material haren guztiaren ardura, eta haiek zainduko zuten.

Sea-Bank eta Axpe-Mendi egun gutxi batzuetan hustu, eta ontziei alde egiten uztea zen Frantziako agintarien asmoa. Zirt eta zart. Nahasia zen giro politikoa, ordea, eta ekintzarik sinpleenak ere konplikatzen zituen horrek. Greba hasi berri zuten egun haietan portuan deskarga lanetan aritzekoak ziren langileek, «Espainiako demokraziarekin elkartasunean». Eta luzatu egin zituen horrek huste lanak. Ihesik egin ez zezaten motor pieza batzuk ere kendu zizkieten horregatik Sea-Bank eta Axpe-Mendi ontziei.

Uztailaren 26an heldu zen epaia, eta, azkenean, portuan enbargatutako artelan haiek Frantziako bankuetan gordeko zirela erabaki zuten epaileek, hainbat sukurtsaletan barreiatuta.

Epaiketa horretarako egindako inbentarioari esker zehaztu zen zer zegoen Axpe-Mendi eta Sea-Bank ontzietan. Muñozen liburuan dator datua: hemezortzi artelan kutxa, 296 obrarekin baino gehiagorekin. Paul Gauguin, Roland Oudot, Mary Cassat, Francisco Iturrino, Segismundo Nagy, Joaquin Sorolla, Paul Cezanne, Adolfo Guinea, Greco, Gustavo de Maeztu, Ignacio Zuloaga, Van Dyck, Pablo Picasso, Jose Ribera, Francisco Zurbaran, Diego Velazquez...

Izen zerrenda garrantzitsua, bilduma garrantzitsu baten parte. Ehunka eta ehunka artelan. Linbo legal batean harrapatuta.

Faxisten babes plana

Errepublikaren aurka altxatutakoek ere bazekiten artelanen babesarena propagandarako tresna ona zela, eta haiek ere berehala jarri zuten abian beren ondarea berreskuratzeko plana. Herriak menpean hartuz joan ahala egiten zuten haiek bertako ondarearen zerrenda, eta babes neurriak ere hartzen zituzten. Muñozek dioenez, ordea, baliabide handirik gabe egiten zuten lan hori bando errebeldekoek. Juan Irigoien eta Ignacio Maria de Smith izan ziren Euskal Herrian lan hori hartu zutenak, baina haizea ez zuten oso alde izan haiek ere. Etengabe heltzen ziren haien kexak Madrilera. Talde armatuek ez zituzten kontuan hartzen. Eta diru askorik ere ez zieten eman agintariek.

Muñoz: «Esan izan da kolpistei gutxiago axola zitzaiela ondarea, eta oso presente daude halako akusazioak historiografian. Madril bonbardatu zutenean, adibidez, Prado museoa bonbardatu zuten. Liburutegi nazionala bonbardatu zuten, Arte Ederren Museoa bonbardatu zuten Bilbon, Irun, Eibar eta Gernika bonbardatu zituzten... Gerra batean ondarea babesteko interesa ez da oso presente egoten, baina egia da gerra hasi eta berehala bando nazionala ere hasi zela pixkanaka-pixkanaka ondareaz arduratzen zen egitura bat muntatzen. Ez zen bere ardura nagusia izan, baina aritu zen horretan ere, eta erbesteratutako ondarea berreskuratzen ere saiatu zen, oso modu intentsoan, gainera».

Sea-Bank ontziaren edukiarekin izandako seta da horren froga.

Etenik gabe jarraitu zuten artelan haiek erreklamatzen, eta, azkenean, lan diplomatiko handia egin ostean, 1939an lortu zituzten Frantziako bankuen sukurtsaletan enbargatuta jarraitzen zuten artelan haiek. Uztailaren 17an abiatu zen horretarako Monte Albertia itsasontzia Bilbotik La Pallicera. Bueltako bidean Pasaian egin zuen lehen geldialdia, Gipuzkoan zenbait ondasun uzteko, eta gero joan zen Bilbora. Baina gehiago kostatu zitzaien Parisen gordeta zeuden beste artelanak eskuratzea. 1941era arte itxaron behar izan zuten horretarako.

Eta kontrabandoaren txanda heldu zen orduan.

Etendako modernitatea

Modernitatearen atarian zegoen Bilbo gerraurrean, Muñozen hitzetan, baina kolpez eten zuen prozesu hori 1936ko altxamenduak. «Bilbo garai horretan Euskal Herriko foku artistikorik nabarmenena zen. Donostia ere 30eko hamarkadatik aurrera berritasun gune bat izan zen, eta baita Iparraldeko kostaldea ere. Baina industrializazioarekin batera sortu ziren Bilbon erakundeak, bildumazaletasuna, arte erakundeak, museoak, arte irakaskuntza, arte kritika, bekak... Horrek guztiak erakusten du Bilbon bazegoela nolabaiteko arte egituraketa zeharo berri bat, ordura arte Euskal Herriak ezagutu ez zuena. Bilbon jaio zen hori dena, eta urteekin beste esparru batzuetara ere hedatu zen, baina une hartan Bilbo izan zen erdigunea. Eta halako hiri txiki batean bi museo egotea da horren froga».

Hor erori ziren bonbak.

Galdu ote zen obrarik ebakuazio horietan? Ziurtzat du Muñozek hori. Zehazki zein izan ote ziren galdutako obra haiek? Hor dator zalantza.

«Badakigu artelan batzuk galdu egin zirela, baina museoaren artxiboa ez da osorik kontserbatu, eta ez zen egin irten ziren obren inbentario zehatzik. Bueltatu zirenekin bai, badago inbentario zehatzago bat, baina hori ere ez da behin betikoa. Ez dago erabateko kontrola joan zenaren eta etorri zenaren inguruan, eta, hortaz, oso zaila da kontrol zehatza edukitzea. Oso nabaria da obra batzuk irten zirela eta ez zirela bueltatu, baina ez dakigu zer kopuruz ari garen. Nik suposatzen dut ez zela oso kopuru nabarmena galduko, eta bildumaren gehiengoa, oro har, bueltatu egin zela. Baina egon ziren desagerpenak, bai. Adibidez, badago Lekeitioko parrokiako erretaula bat sekula bueltatu ez zena, eta beste artelan batzuekin ere berdin. Agian horiek berreskuratzeko zerbait egin behar litzateke. Nonbait egongo dira, norbaiten eskutan, txikituta ez badaude bederen, eta agian artelan horien jabegoa lehengoratu beharko litzateke, II. Mundu Gerraren ostean Europan edo AEBetan egin zuten moduan».

Bitartean, itxi gabe jarraituko du Euskal Herriko artelanen ebakuazioaren historiak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna