Ignazio Etxarren. Urritzolako azken euskaldun zaharra

«Etxe honetan bakarrik egiten da euskaraz»

Lehen eta orain, Etxarren da Urritzolako euskal hiztun bakarra.

Araitz Muguruza.
Urritzola
2014ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Etxetik jaso zuen euskara Ignazio Etxarren Lakuntzak (Urritzola, Nafarroa, 1933), eta etxean mantendu du. Urritzolako azken euskaldun zaharra eta eskualdeko zaharrenetarikoa da. Bere anai-arreben artean, berak baino ez dio eutsi ama hizkuntzari. Koldo Artola etnologoak Bautista Etxarren elkarrizketatu zuen Ziorditik Uztarrozeraino libururako, Ignazio Etxarrenen aita.

Nolako herria zen Urritzola zu gaztea zinen garaian?

Txikia, nahiz eta orain baino jende gehiago bizi zen. Baserritarrak ziren biztanle gehienak, baita gu ere. Haurrak ginela pilotan aritzen ginen batez ere; bestela, lanean.

Euskara entzuten zen kalean?

Ez, etxean bakarrik egiten genuen guk, eta herri osoan etxe honetan bakarrik egiten zen. Gurasoekin egiten genuen euskaraz; gure etxean, gainera, Lizarragatik etorritako bi neskamek lan egiten zuten, eta horiek amarekin euskaraz egiten zuten. Nik haiei entzunez ikasi nuen. Lehen, gure familia zen euskaraz mintzatzen zen bakarra; orain, berriz, ni naiz azken hiztuna.

Ongi moldatzen zara.

Ez pentsa, baldarrago egiten dut. Ez dut norekin hitz egin.

Anai-arreben artean ere egiten duzue euskaraz?

Geure artean ez dugu egiten euskaraz. Ulertzen dute, baina ez zuten ikasten jakin. Ni zaharrena naiz, eta besteak baino talentu handiagokoa [irribarre egin du]. Amak guk ulertzea nahi ez zuen zerbait esan nahi zionean neskameari, euskara erabiltzen zuen.

Zuk, ordea, ulertu egingo zenien...

Besteek baino aiseago bai. Zaharrena izaki, denerako aurrena izan nintzen ni.

Nongoak ziren zure gurasoak?

Ama Irañetakoa; aita, berriz, bertakoa, Urritzolakoa. Amarekin dena euskaraz egiten nuen, baina aitarekin ez horrenbeste.

Baserri handia zen zuena?

Ahotz mordoa, errota eta ganbara genituen. Aita idiekin aritzen zen lanean, lurra bueltatzen eta. Ortua landu, erein eta bildu egiten genuen. Lana latz egin genuen. Nik ere bizimodu bera hartu nuen.

Eskolan gaztelaniaz aritzen zineten?

Berez bai, baina maistrak bazekien euskaraz, eta niri euskaraz egiten zidan. Gure amarekin ere hala egiten zuen. Hamabi bat lagun joaten ginen eskolara, inguruko herrietakoak denak. Ni nintzen gelako zaharrena.

Bi seme ere badituzu; Iruñean bizi dira biak. Ikasi al dute euskaraz?

Txikiak zirenean bazekiten apur bat, eta ulertu ere ulertzen dute; gutxi, ordea. Seme-alabak ere badituzte; dagoeneko gaztetxo eginak daude. Bilobetan zaharrena ari da euskaraz ikasten, eskolan.

Biztanleria jaitsi da azken urteetan?

Asko. Gazteak hirira joan dira; horietako asko udan baino ez dira etortzen. Gurea bezalako lau etxe betetzen dira udan.

Inguruotan, dena den, badago euskara ikasten ari den jendea. Aldea nabaritu duzu?

Irurtzunera joan naizenetan igarri dut aldea; gehiago egiten da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.