Zinema gomendioak

Normaltasun berria ate joka omen dator

Pandemia igarota, etxeko zinema betiko nagusitu ote den egiaztatzen ahalko da hurrengo hilabeteotan

Jonathan Pryce eta Anthony Hopkins aktoreak, The Two Popes filmeko eszena batean. BERRIA.
Gontzal Agote.
2020ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Lagunen arteko txantxa bat izan zen, telefonozko hitz-aspertu batean botatako besterik gabeko ahoberokeria: birusa txinatarrek sortu omen dutela dioela gero eta jende gehiagok, baina ezetz, hori ez dela egia, eta ohi moduan estatubatuarrei erreparatu behar diegula, birusa Amazonek, Googlek eta Netflixek sortu dutela, elkarlanean, horiek ari baitira egoerari probetxurik handien ateratzen...

Txorakeriak txorakeria, zineman paradigma berri bat dagoela erakusten duten bi albiste ezagutu ditugu azken astean: batetik, munduko zinemaldi nagusiek egitasmo bat eginen dute elkarrekin sarean, non eta Youtuben. Tartean, Donostiakoa dago, zeinak nonbait nazioarteko erakusleihoa baliatuko baitu Espainiako zinema sustatzeko —baina ez da orain horretaz jarduteko mementoa—.

Bestetik, lehen aldiz, Oscar sariek online estreinatu diren filmak onartuko dituzte. Argitu dutenez, zinema industriaren ezohiko egoerak bultzatuta hartu dute erabakia, eta soilik hurrengo urterako izanen omen da. Ikusi beharko da...

Horiek eta beste askok erakusten dute egoerak areagotu egingo dituela azken urteotako joerak, eta pantaila txikietan ikusten den zinema garaile ateratzen ahal dela horretatik. Badaezpada ere, normaltasun berria delakoa noiz ailegatuko zain, etxeratzeak eskaintzen dizkigun hainbat aukera aletzen segituko dugu .

'Teresa eta Galtzagorri'
Non ikusi: Liburutegi publikoetako eFilm plataforman.
Hizkuntza: Euskaraz ikusgai.

Agurtzane Intxaurragaren animazio film hau Dibulitoonek ekoitzi zuen, eta 2016an estreinatu zen. Besteak beste, hautagai izan zen urte horretako Goya sarietan.

Protagonista Teresa da, 6 urteko haurra. Tim izeneko iratxoa ezagutuko du, eta biak lagun handi bihurtuko dira. Baina, denborak aurrera egin ahala, Tim herrimina sentitzen hasiko da, eta Teresak etxera itzultzen lagundu beharko dio.

'Kapitalismoa, maitasun istorio bat'
Non ikusi: Argia.eus (Multimedia kanala).
Hizkuntza: Euskaraz ikusgai.

Arrakasta handia izan dute, eta ikusle askok bat egiten dute Michalek Moorek gai desatseginei duen heltzeko moduarekin. Hala ere, egunotan bere azken filmarekin ikusi den moduan, haren jokamoldeak ez dira beti guztiz txukunak, eta demagogia nagusitzen da.

Hori jakinik ere, interesgarria izaten ahal da 2009ko dokumental hau berrikustea, bereziki aproposa ematen baitu bizi ditugun garaiotarako. 2008an hasi zen krisi ekonomikoari begirada kritikoa egiten dio, eta oso estatubatuarra: hori da Moorek film honetan eskaintzen diguna.

'Bi anai'
Non ikusi: Liburutegi publikoetako eFilm plataforma.
Hizkuntza: Euskaraz ikusgai.

Bidean dagoen bigarrenaren zain, hau da mementoz Imanol Rayo zuzendari nafarrak egin duen film luze bakarra. Izenburuak argi uzten duen moduan, Bernardo Atxagak idatzitako izenburu bereko liburu arrakastatsuan dago oinarritua, eta Kandido Urangak, Bingen Elortzak eta Aitor Coteronek jokatu zituzten rol protagonistak.

Aitaren heriotzaren ondoren, Paulok behar bereziak dituen anaiaren zaintza hartu beharko du bere gain.

'The Two Popes'
Non ikusi: Netflix.
Hizkuntza: Ez da euskaraz.

Netflix online plataformak ekoitzia izan arren, hainbat zinema aretotan ere estreinatu zuten iaz The Two Popes filma, eta, horri esker, sari nagusietan hautagai izateko aukera izan zuen. Besteak beste, Oscar sarietarako bost hautagaitza izan zituen Erresuma Batuko film horrek.

Fernando Meirelles zinemagile britainiarrak aurrez aurre jarriko ditu Bergoglio eta Ratzinger, Eliza katolikoa eta mundua ulertzeko bi ikuspuntu guztiz kontrajarri. Aipatzeko modukoa da Anthony Hopkins aktore beteranoaren lan bikaina Netflixen film honetan.

'Asier eta biok'
Non ikusi: EITB.eus (Zinema Euskara), Liburutegi publikoetako eFilm plataforma, Filmin.
Hizkuntza: Euskaraz ikusgai.

2013. urtean, Asier eta Biok estreinatu zenean, zeresan franko eman zuen Aitor Merinoren film honek. Izan ere, gai labainkor eta gatazkatsu bati heldu zion, ezohiko begirada batekin: adiskidantzarena.

Zuzendariak lagun izan zuenAsier, txikitatik. Urteen joan-etorrian, bakoitzak bere bidea segituko du: batak Madrilera eginen du; bestea, berriz, borroka armatuari lotuko zaio. Lagunaren hautuak galdera ugari eraginen dizkio, eta, dokumental honen bitartez, horiei erantzuna bilatzen ahalegindu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.