Aukera handia etxeko zineman

Zinema aretoen itxierari aurre egiteko, mota guztietako filmak aurkitzen ahal dira sarearen zoko-mokoetan. Horietako asko euskaraz daude edo euskaraz azpidatzita ikus daitezke

Pixi Post eta opari-emaileak filmeko irudi bat. Gabonetan girotutako istorio bat da. SOMUGA.
Gontzal Agote,
2020ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Ez dadila dena telesaila izan. Ematen du 2020ko konfinamenduan ez dela besterik: streaming bidezko kate handiek proposatzen dituzten telesail maratoiak daude boladan, eta hortik kanpokoak bazterreko bihurtu dira. Ez libururik, ez filmik, ezta mahai jokorik ere.

Etxeko zinemarako, ordea, bada aukera zabal eta interesgarria, euskaraz zein erdaraz, doakoa zein ordainpekoa. Horregatik, egun berezi hauek mota guztietako filmekin disfrutatzeko parada ederra eskaintzen dute.

Hurrengo lerroetan ez dira azalduko dauden aukera guztiak, baina kontuan hartzeko modukoa bada: film bikainak ikusteko, ez da harpidetzarik egin behar Estatu Batuetako online plataformetan, publizitatean dirutza gastatzen duten horietan.

Esate baterako, Hego Euskal Herriko liburutegi publikoek efilm delako doako online katalogo zabala dute erabiltzaileen eskura. Nahikoa da liburutegiko bazkide zenbakia sartzea hainbat filmez gozatu ahal izateko.

Doako beste aukerak ere badira filmak streaming bidez ikusteko: EITBren euskal filmen eskaintza edota Argia aldizkariaren multimedia kanala, besteak beste.

Hizkuntzekin ere gauza bera gertatzen da. Kontrako ustea badago ere, ingelesezko, frantsesezko eta espainierazko azpidatziez harago, badira etxean euskaraz gozatzeko film dezente. Eta streaming zerbitzuek eskaintzen ez duten horretarako, beti dago baliatzerik azpitituluak.eus webguneak eskaintzen duen azpidatzisorta.

Horiek horrela, hona hemen gaur eta hemen sarean aurkitu daitezkeen hainbat proposamen interesgarri

'Pixi Posteta opari-emaileak'
Non ikusi: Liburutegi publikoetako efilm plataforman eta Filminen.
Hizkuntza: Euskaraz ikusgai.

Duela lau urte zinema aretoetan euskal animazio film honetaz gozatzeko aukera izan zen. Gorka Sesmak zuzendu zuen eta, besteak beste, Itziar Urretabizkaiak, Kandido Urangak eta Iñaki Beraetxek jarri zieten ahotsa pertsonaiei.

Gabonetan dago girotuta istorioa: Monopolish gaiztoak plan bat prestatu du munduko haur guztien ilusioa bereganatzeko. Poxi Post izeneko elfo gaztea izanen da hari aurre egiteko moduan izanen den bakarra.

'Kronokrimenak'
Non ikusi:Eitb.eus (zinema euskaraz).
Hizkuntza: Euskaraz ikusgai.

Hollywoodeko ekoizpen handi samarretan sartu aurretik, honako hau izan zen Nacho Vigalondoren lehen film luzea; Barbara Goenaga eta Karra Elejalde ditu protagonista nagusi.

Denbora bidaien ideiarekin jolasten duen istorio bihurria da Vigalondorena: gizon batek eraso bat jasango du prismatiko batzuekin emakume bat zelatatzen ari denean. Erasoaren egiletik ihesi, baso barrura abiatuko da,eta, han, laborategi zientifiko bat aurkituko du.

'Amy'
Non ikusi:Argia.eus (multimedia kanala).
Hizkuntza: Euskaraz ikusgai.

Ayrton Sennaren dokumentalarekin izandako arrakastaren ondotik, Asif Kapadia zuzendariak Amy Winehouseren bizitza eraman zuen pantailara. Sari ugari lortu zituen filmak, horien artean, dokumentalik onenaren Oscar eta Bafta sariak.

27 urterekin hil zen musikari ospetsuaren ibilbidea jasotzen du dokumentalak, hura gertutik ezagutu zuten pertsonen bitartez eta ezagutarazi gabe zeuden hainbat irudi baliatuta.

'Uncut gems'
Non ikusi: Netflix.
Hizkuntza: Ez dago ikusgai euskaraz.

Telesailez gain, streaming bidezko plataforma erraldoiak gero eta film gehiago ekoizten ditu. Salbuespenak salbuespen, horiek aretoetan ikusteko modurik ez da. Tarteka, horien guztien artean harribitxiren bat agertzen da: iaz saretutako Uncut Gems da horietako bat, Safdie anaiena.

Howard Ratner —bikain Adam Sandler aktorea— harribitxi denda baten jabea da New Yorken, baina zorrek itota bizi da, eta, egunetik egunera, bizimodua gero eta korapilatsuagoa bihurtuko zaio.

'Muga deitzen da pausoa'
Non ikusi: Liburutegi publikoetako efilm plataforman eta Filminen.
Hizkuntza: Euskaraz ikusgai.

Josu Martinezen film hau euskal dokumentalgintzan mugarri bat izan zen. Batetik, oso ezezaguna zen pertsonaia bat berreskuratu zuelako, Lezo Urreiztieta. Bestetik, argi utzi zuelako artxiboko irudirik gabe ere dokumental bikaina egin daitekeela.

Lezo Urreiztieta 1907an jaio zen euskal pirata bat izan zen. Hamaika abentura eta pasadizo sinesgaitz bizi izan zituen bizitza osoan. Martin Ugaldek egin zizkion grabazioen bitartez, Martinezen filmak Urreiztietaren joan-etorri harrigarri horien berri ematen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.