Koronabirusa

Lege esparru dudazkoan

Nafarroako Fiskaltza etxeratze aginduari eustearen kontra agertu da; epaileek gaur argitaratuko dute epaia. Jaurlaritzak ez du baztertu urrats gehiago egitea

Zenbait herritar taberna bateko terrazan eserita, Irunen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Alarma egoera bukatu berritan, agintarien buruhauste bihurtu da pandemiari aurre egiteko neurrien kudeaketa. Nork bere irizpideak aintzat harturik ere, hainbat dira araudiak martxan jarri ahal izateko gainditu beharreko probak, eta epaileek dute azken hitza. Finean, lege esparrua desagertu izanak arauak bertan behera gelditzea ekarri du zenbait kasutan, baita kolokan egotea ere. Adibidez, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota zituen lehengo astean Eusko Jaurlaritzak dekretu bidez proposatutako mugetako hainbat. Nafarroan, igandetik indarrean dira foru agindu bidez ezarritako neurri murriztaileak. Mugak nabarmen malguagoak dira ordutik besteak beste, bertan behera da itxiera perimetrala baina, gobernuak joan den astean jakinarazi bezala, etxeratze aginduak bere hartan segitzea nahi dute, argiki.Bidean, baina, bada aurka egin duenik. Hain zuzen, neurri horri eustearen kontra agertu da Nafarroako Fiskaltza. Ordea, epaileek gaur emanen dute foru aginduaren gaineko erabakiaren berri.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiari helarazitako idatzi batean, fiskaltzak adierazi du neurriak ez duela orain arte bezala jarraitzeko lege babes nahikorik. «Neurri horrek norbanakoaren ibiltzeko askatasunean duen eragina handia da, eta kolokan jartzen da haren funtsezko edukia. Ondorioz, salbuespen legediaren bidez baizik ezin du izan estaldura legalik», adierazi du idatzian.

Halaber, fiskaltzak argudiatu du alde nabarmena dagoela itxiera perimetralak eta etxeratze aginduak dakartzaten ondorioen artean. Haren iritziz, alarma egoerarik gabeko garaian, etxeratze aginduak «ukatu» egiten du herritarren eskubidea, eta, gainera, erantsi du «zehaztu gabeko pertsona multzo bati» eragiten diola. Gaur egun, gaueko 23:00etatik goizeko 6:00ak artekoa da muga.

Dena dela, etxeratze aginduaren gaineko neurria salbuespen izan da fiskaltzak foru aginduari buruz agertutako jarreran. Izan ere, fiskaltzak babestu egin ditu Nafarroako Gobernuak begiz joak dituen gainerako mugak. Hala nola eremu pribatuan bil daitekeen lagun kopuruan ezarritako gehienezko edukierak gobernuak baimendu egin du bi etxetako pertsonak biltzea, baina guztira sei pertsona elkar daitezke.

Korapiloak bide judizialean

Oztopoak eta mugen gaineko jarrera kontrajarriak izanik ere,herrialdeko Justizia Auzitegi Nagusiaren eskuetan da erabakitzeko ahalmena, eta, hain justu, epaileek gaur dute ebazpena argitara ateratzeko azken eguna. Halaber, Nafarroako Gobernuak esan du ez duela helegiterik jarriko.

Hain zuzen, erkidegoko auzitegi nagusiak esandakoari men egitea erabaki zuen Eusko Jaurlaritzak ere, joan den astean. Gobernuak ez du asmorik helegiterik aurkezteko Espainiako Auzitegi Gorenean, eta justiziak onartutako neurriak baizik ez ziren sartu indarrean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Iñigo Urkullu lehendakariak azaldu zuenez, ika-mikek sor dezaketen «ziurgabetasuna» saihesteko jokatu zuten horrela.

Hala eta guztiz ere, bidea ez da guztiz argitu, eta hautsak harrotuak dira oraindik ere. Besteak beste, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Barne sailburuak adierazi du erne eginen dietela so Espainiako autonomia erkidegoetan mugen gainean egiten ari diren urratsei.

Hain justu, Kanaria uharteetan gertatuko denari lotuak dituzte begiak. Izan ere, Kanaria Uharteetako Gobernuak helegitea aurkeztu berri du Espainiako Justizia Auzitegi Gorenean, erkidegoan neurri murriztaile gehiago ezar daitezela eskatzeko. Gobernu horrek emandako pausoari erreferentzia eginez, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu du Jaurlaritzak oraindik ere ez duela «inolako aukerarik baztertu». Bestalde, azpimarratu du egoera epidemiologikoak hobera egin dezan lanean segituko dutela. Haren esanetan, intzidentzia tasa 100.000 biztanleko 60 izatea da asmoa. Azken datuen arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 31 udalerrik 400dik gorako intzidentzia tasa metatua dute; eremu gorrian leudeke.

Gainera, Zupiriak gogora ekarri du Urkulluk «behin eta berriz» galdegin diola Espainiako Gobernuari legedian aldaketak egin ditzala erkidegoei izurritearen kontrolean baliatzeko eskumen gehiago aitortzeko. Ordea, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak adierazi du autonomia erkidegoek dagoeneko aski erreminta legal dituztela eskura. Haren iritziz, ez da beharrezkoa legean erreformarik egitea. Iritzi bera azaldu du Espainiako Gobernuko Barne Politikako Ministro Miguel Icetak. Gainera, argitu du ez dagoela haren beharrik «kale zurrutak» eragotzi ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.