KIDEAK MINTZO

2018ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
«Eman zeniguten aukera, eta, harrezkeroztik, egunero azalberritu da BERRIA, sekula ez axaleko, sekula ez axal-huts. Garai hartan gezurra ari zuen, ondotxo dakizuen bezala, eta gaur egun ere zer ez ote duen ari, batzuek post-egia edo egia-oste esaten dioten horren zaparrada galanta eta atergabea ez bada».

Maialen Berasategi Catalan BERRIAko zuzentzailea

«Etorkizunak harrapa gaitzala lanean eta egokitzeko gaitasuna zorroztuta, BERRIA berritzeko gogoa berrituta. Iraganetik etorkizunera, dena aldatu delako: azalak ispilu bihurtu zaizkigu, eta teknologiak dena irauli du; baina, iraganetik etorkizunera, aldaketak aldaketa, eta moduak moldatu arren, printzipalena ez delako inoiz aldatuko: mundua nork bere hizkuntzan esplikatzeko irrika».

Mikel P. Ansa BERRIAko kazetaria

«Euskarazko egunkari nazionala beharrezkoa zela ikusi zuten milaka laguni esker gaude hemen. Hainbaten arteko elkarlanari esker gaude hemen, eta argi daukat elkarlanari esker baino ez dugula egingo aurrera; instituzio publiko eta pribatuez ere ari naiz».

Maialen Unanue BERRIAko kazetaria

«Halaxe nahi dut BERRIA: euskaldunon komunitatearen plaza nagusia. Profesional eta militante izatearen artean kontraesanik ez dela erakusten duten langile finak ditu BERRIAk. Oraingoz badira. 2048an? Batek daki».

Idurre Eskisabel BERRIAko zutabegilea

«Jakin beharreko albisteak algoritmoek sortuko dituzte 2048an; albisteak excel taula batean idatziko dira. BERRIA izan dadila betaurreko, euskaldun batuen eta euskara batuaren betaurreko. Baina izan dadila prismatiko: gure begietara ekar dezala urruneko hura; urrunekoek kontatzen badigute urrunekoen berri, ez baitugu ulertuko. Eta izan dadila mikroskopio».

Xabi Paya BERRIAko zutabegilea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.