Euskararen Lege berri baten bidean. Batzordea Nafarroan. Dabid Anaut. EH Bilduko parlamentaria eta Euskararen Batzordeko presidentea

«Borondate kontua da: aukera baliatzeko prest gauden ala ez»

Adituen eta eragile sozialen iritziak bilduta, Euskararen Batzorde parlamentarioak beste urrats bat eginen du aurki: gogoeta egin, eztabaidatu eta euskararen lege berri baten oinarriak jarri. Lan «zaila» dela aitortu du Dabid Anautek, adostasuna lortzeko aukera antzematen du.
JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Ion Orzaiz -

2018ko irailak 15
Aste honetan, Nafarroako Parlamentuko Euskararen Batzordeak lanari heldu dio berriz. Batzordeko presidente Dabid Anautek (Burlata, 1968) uste du lan horrek fruitua emanen duela.

Gutxi falta da legealdia bukatzeko. Ba al dago denborarik euskararen lege berri bat idazteko?

Epeak jarrita daude, eta erabaki bat hartzeko denbora badaukagu. Formalki, gutxienez. Beste kontu bat da gai garen adostasun horretara iristeko. Baina aukera hor dago. Borondate politikoaren eta kudeaketaren araberakoa izanen da: taldeek etxeko lanak eginak dituzten, eta aukera aprobetxatzeko prest gauden ala ez.

Zer giro sumatzen duzu? Ba al dago borondaterik?

UPN eta PP lehen bilerara etorri ziren, eta egun berean adierazi zuten ez zutela ezertxo ere jakin nahi. PSNk gelditzea erabaki zuen, baina oso jarrera argia izan du hasieratik beretik: ez du egungo legedia eta estatusa aldatzeko borondaterik. Hortaz, oposizioko hirurak kenduta, beste laurak gelditzen gara: Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra. Teorian, denok dugu zonifikazioa gainditzeko ikuspegia, eta hori jasota dago gu guztion programetan, baina zenbait eztabaida azaleratu dira ofizialtasuna lurralde osora zabaldu behar den ala ez erabakitzeko tenorean.

Beraz, lortzekotan, adostasuna laukotera mugatuko litzateke? Geroa Baik esana du kontsentsu zabalagoa nahi duela...

Bai, baina gaur-gaurkoz beste aukerarik ez dut ikusten. PSN ez dago mugitzeko prest; haiengandik ezin dugu ezer espero. Gustatuko litzaidake? Bada, jakina baietz, eta ez soilik PSNren aldetik. Ederra litzateke UPN eta PP ere euskararen aldeko adostasunera hurbiltzea, eta euskararen lege berriak 33 aldeko boto ez, 50 lortuko balitu. Baina garbi dugu boto horiek ez direla berez etorriko; ez dute nahi. Eta zer egin behar dugu, etsi eta haien betoa onartu? Eskubideak aitortu gabe utzi, egoera aldatu arte? Guretzat, egungo 26 botoak nahikoak dira. Gehiengo hori zabaltzea lortuko bagenu, bikain, baina laukoaren barruan badago adostasun puntu bat, teorikoa bada ere. Eta, ikusteko ea aukera teoriko hori erreala eta egingarria den , eseri behar dugu, hitz egin eta xehetasunetara jo.

Zeintzuk dira xehetasun horiek?

Ofizialtasunari dagozkionak: zer den, zer ondorio izanen dituen eremu bakoitzean, ondorio horiek nola kudeatu... Hor dago koxka. Gaur egun, ez dakigu adostasun hori lortzeko gai izanen garen ala ez. Hiru indar politikook, bakoitzak bere ñabardurekin, ofizialtasunaren aldeko jarrera dugu. Laugarrena falta da.

Ezkerra da oraingoz jarrera argitu ez duen bakarra?

Bai, hori da. Ezkerrak adierazi du edozertaz hitz egiteko prest dagoela eta ez duela aterik ixten, baina, era berean, argi utzi du ez duela artikulu bakarreko legerik onartuko; alegia, ezer adostu aurretik, xehe-xehe argitu beharko dela ofizialtasunak zer ondorio zehatz dituen eta nola aplikatuko den. Gu prest gaude lan hori egiteko. Aukerarik txikiena dagoen bitartean, aprobetxatu beharra dugu.

Aste honetan, Adolfo Araizek «erdibideko aukerak» aztertzeko asmoa agertu du ofizialtasunaren auzian. EH Bildu prest dago ofizialtasunari uko egiteko?

Inola ere ez. Ofizialtasuna oinarrizko helburua da guretzat. Agian norbaitek Araizen hitzak testuingurutik atera ditu, edo ez ditu ongi ulertu. Ofizialtasuna lurralde osora zabaltzeko helburuari eusten diogu, eta eutsiko diogu beti. Beste gauza bat da —eta hortxe egon liteke gaizki ulertua— ofizialtasuna lortu ondoren nola modulatuko den hizkuntza politika eremu bakoitzean.

Ezkerrak askotan planteatu du kezka hori: ez dela gauza bera Goizuetako egoera linguistikoa eta Cadreitakoa...

Denok dakigu hori, baina ofizialtasunak ez du zer ikusirik hiztunen ehunekoarekin: hizkuntzei aitortzen zaien estatus bat da. Hizkuntza batek ia presentziarik ez duen tokietan ere aplika daiteke, eta hori gertatzen da Araban, Valentzian [Herrialde Katalanak] eta mundu osoan. Herritar guztien eskubideak bermatu behar dira. Eta, estatus ofizial horren gainean, hizkuntza politikak egokituko ditugu tokian tokiko egoerara. Kontu hori askotan eztabaidatu dugu batzordean, eta ulertu nahi duenak ulertuko du.

Kontseiluak manifestazioa eginen du urriaren 27an. Beharrezkoak dira halako mobilizazioak?

Ezinbestekoak. Euskararen Legea aldatzea ez da indar politiko baten apeta, ezta instituzio baten ardura esklusiboa ere. Auziak herritarrei eragiten dien neurrian, apustuak ezinbestean izan beharko du bikoitza: batetik, politikoa eta instituzionala, eta, bestetik, soziala. Manifestazioa aukera ona da gizartearen interesa adierazi eta eragile politikoak mugiarazteko.

Esprinta jotzeko garaia