Albistea entzun

Auto elektrikoen prezio lehia abian da

Txinako auto merkeagoek Europako markak mugiarazi dituzte, eta modelo merkeagoak iragartzen hasiak dira. Pekinek industriari emandako laguntzak ikertuko ditu Bruselak, lehia kontuengatik.
Volkswagenen ID.7 GTI auto elektriko berria, Municheko Automobilaren Nazioarteko Azokan.
Volkswagenen ID.7 GTI auto elektriko berria, Municheko Automobilaren Nazioarteko Azokan. RONALD WITTEK / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Iñaut Matauko Rada -

2023ko irailak 16

Garraio pertsonalaren etorkizuna auto elektrikoa da, Europan gutxienez. Kontsumitzaileen joerak eta EB Europako Batasuneko neurri berriek hala diote, eta markak egoera berri horretara egokitzen dabiltza gutxinaka. Ekoizpen lerroak teknologia berrietara ari dira moldatzen, baina autoen prezioa da oraindik punturik zailena. Egia da mantentze lanen gastuak, zergak eta autoa abiarazteko elektrizitatea merkeagoak direla auto elektrikoetan konbustio motordun autoetan baino, baina batez beste %50 garestiagoak dira auto elektrikoak, eta horrek bezero asko uxatzen ditu.

Bada, konbustio autoekin gertatzen den moduan, Txinako autogileek auto elektriko merkeagoak ekarri dituzte Europako merkatura. Europan, oraindik ere, Volkswagenen eta Teslaren auto elektrikoak saltzen dira gehien, baina Txinako bi talde hamar saltzaile handienen zerrendan sartu dira aurten: Zhejiang Geely eta SAIC, azken hori MGren jabea. Jato Dynamicsen datuen arabera, 2020an Europan saldutako auto elektrikoen %1,1 ziren Txinako markenak, eta 2023ko lehen erdian, berriz, %5,6.

Prezioen balantza

Txinako marken auto elektrikoak, oro har, Europan gehien saltzen diren bertako markenak baino merkeagoak dira, baina Daciarena da oraindik merkatuko merkeenetarikoa, 20.000 eurotik behera balio baitu. Hala ere, elektriko gehien saltzen duten marken modeloak garestiagoak dira. Volkswagenen ID.3 autoak, esaterako, 42.000 euro baino gehiago balio du, eta BMWren iX1ak, berriz, 56.000 eurotik gora. Teslaren autorik merkeenak, Model 3ak, 46.000 euro baino gehiagoko prezioa du.

Kontrara, Txinako MGren ZS modeloak 22.500 euro balio du, eta BYDren Dolphinek, berriz, 35.000 euro.

Txinako auto elektrikoen merkatu kuotaren handitze horri aurrea hartu nahi diote Europako markek, eta modelo elektriko gero eta merkeagoak ari dira iragartzen, merkatuko posizioari eusteko. Citroenek urrian aurkeztuko du e-C3 auto berria, eta 22.000-23.000 euro balioko du. e-C4 autoa ere merkatu du Stellantis taldeko markak, eta egun 34.000 eurotik behera eskuratu daiteke.

Volkswagenek ere modelo merkeagoak aterako ditu laster, ID1a eta ID2a, esaterako: 20.000 eurotik behera lehena, eta 25.000 baino merkeago bigarrena.

Pekin, Bruselaren jopuntuan

Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak gogor jo zuen asteazkenean Pekinen eta Txinako autogintza industriaren aurka, Europako Batasunaren Egoerari buruzko urteroko mintzaldian. Europa Txinako autoz «josita» dagoela adierazi zuen, eta iragarri zuen ikerketa bati ekingo diotela ebazteko ea Xi Jinpingen gobernuak industriari ematen dizkion diru laguntzak gehiegizkoak diren ala ez.

Von der Leyenen iritziz, Pekinek Txinako markei ematen dizkien diru laguntzek autoen prezioak merkatu dituzte, eta gehitu zuen Europako markei eragin diela horrek, «merkatua desitxuratzen» dutelako.

Ikerketarekin hasi aurretik, Von der Leyenek gaitzetsi du Txinako enpresek autoen prezioa «artifizialki» jaistea lortzen dutela estatuaren diru laguntza horiengatik, baina Pekinek baieztapen horiek gezurtatu ditu.

Txinako Merkataritza Ganberak Europako Batasunean duen ordezkaritzak adierazi du Txinako enpresek industrian abantaila badute «berrikuntzagatik» dutela, eta ez diru laguntzengatik. Europako Batzordeak egindako adierazpenekin «larrituta» eta «aurka» agertu da ganbera.

Ganberak adierazi du Txinako eta munduko merkatu «oso lehiakorrek» berrikuntzaren mugak «etengabe gaindiarazi» dituztela, eta ekoizpen kostuak murriztu: «Garrantzitsua da nabarmentzea gure abantaila ez dela, Europako Batzordeak esan duen moduan, 'izugarrizko estatu laguntzak' jasotzen ditugula».

Europako enpresek salaketarik jarri gabe erabaki du Bruselak ikerketarekin hastea, eta Pekinen eta Europako autogileen laguntza izango du bere hipotesia egiazkoa den ala ez ebazteko. Ondorioztatzen badute, Bruselak uste duen moduan, Pekinek emandako diru laguntzek lehia desitxuratu dutela, behin-behineko muga zergak kobratzen hasi ahalko dira ikerketa abiatu eta bederatzi hilabetera. Gehienez hamahiru hilabete iraun dezake ikerketak, eta orduan muga zerga horiek behin betiko bihurtzeko aukera dago.

Europako Batzordearen arabera, gaur egun Txinako autoek %8ko merkatu kuota dute EBn, eta gogorarazi dute hazkunde erritmoari eutsiz gero %15era irits daitekeela 2025ean. Txinako marken autoak %20 merkeagoak direla ere gehitu dute.

Von der Leyenen hitzen ostean, Valdis Dombrovskis Europako Batzordeko Merkataritza arduradunak iragarri zuen Txinara bidaiatuko duela: «Lehiarako prest gaude, baina ez jokaera desleialetarako», esan zuen.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

afarroako Volkswageneko sindikatuek deituta, langileen elkarretaratzea Landabengo fabrikaren aurrean ©Idoia Zabaleta (Foku)

Nafarroako Volkswagenek laurehun lanpostu kenduko ditu bi urtez

Jokin Sagarzazu

Auto elektrikorako trantsizioa egiteko proposatu du murrizketa hori zuzendaritzak. 2027tik aurrera gaur egun baino langile gehiago beharko dituela esan du.

Emakume bat etxebizitza iragarkiei begira, Bilbon. ©Luis Tejido / Efe

Hipoteka gutxiago eta txikiagoak

Iker Aranburu

Urteko lehen zazpi hilabeteetan %15,1 murriztu dira etxebizitzak erosteko maileguak Hego Euskal Herrian.

Ertzaintzaren errepide kontrol bat ©Andoni Canellada (Foku)

ESK-k salatu du langile bat kaleratu dutela «Ertzaintzaren presioengatik»

Jokin Sagarzazu

Marokoarra da eta, aurretik, Poliziaren «salaketa faltsu» batengatik epaitu eta absolbitu egin zuten.

Petronorrek Muskizen duen findegia. Hidrokarburoen ekoizpena industria kimikoaren barruan sar daiteke. ©LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Kimika, osagaiak nahastu ezinda

Imanol Magro Eizmendi

Industria kimikoaren patronalaren arabera, ezin da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lan hitzarmena negoziatu, Espainiakoak eragotzi egiten baitu. Sindikatuek, aldiz, legezko arazoa bainoago borondate kontua dela diote. Espainiako hitzarmeneko soldata txikiena urteko 16.892 euro gordinekoa da.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...