BERRIAk hamabost urte. Digitalizoa

Sakelan kabitzeko moduko iraultza

Azken urteetan asko aldatu da hedabideen esparrua: gailu adimendunak eta sare sozialak ugaritzeak aldaketa sakonak eragin ditu, bai hedabideen finantzaketa ereduan, baita albisteak jaso eta kontsumitzeko moduetan ere.

Ion Orzaiz -

2018ko ekainak 17
BERRIA sortu zen urtean, gehien saldutako sakelako telefonoa adreilu itxurako Nokia 6610 zen; ordenagailu erabiltzaile ia guztiek Internet Explorer erabiltzen zuten sarera sartzeko; eta BERRIAko kazetariek AOL Instant Messenger erabiltzen zuten Andoaingo, Baionako, Bilboko, Gasteizko eta Iruñeko ordezkaritzen artean komunikatzeko.

Hamabost urte joan dira ordutik, eta, denbora horretan, atzean gelditu dira hainbat gauza: gaur egun, Nokia ez da existitzen, ezta AOL mezularitza zerbitzua ere, eta Internet Explorerrek hondoa jo zuen duela zenbait urte —erabiltzaileen %12k aukeratzen dute, garai bateko %95etik oso urrun—. Etengabeko berritze digitalaren zurrunbiloan, komunikabideen sektorea ere aldatu da. Albisteak ekoizteko, kontsumitzeko eta zabaltzeko eredu oso bat iraungi da, sare sozialen bultzadak eta negozio eredu berriek zokoratuta, eta eredu berri bat ari da orokortzen. Eraldaketa prozesu horri trantsizio digitala esaten diote adituek.

Egunkarien online bertsioak nagusitu egin dira, paperekoen kaltetan, baina, horrez gainera, erabiltzaileen ohitura aldaketek eragin zuzena izan dute hedabideen formatu eta edukietan. Gaur egun, sakelako telefonoa da albisteak irakurtzeko erabiltzen den pantaila nagusia. BERRIAren webgunearen kasuan, esate baterako, bisiten erdiak (%49) sakelako telefonotik egiten dituzte gaur egun. Duela lau urte, berriz, %23 ziren, eta 2011n, %3.

Gailuaz gainera, albisteak irakurtzeko modua ere aldatu da. Oso gutxi dira egunkaria goitik behera irakurtzen dutenak, eta irakurle gehiago sare sozialen bidez iristen dira edukietara.

«Internetek hankaz gora jarri du sektorea», laburbildu du Aitor Zuberogoitia irakasleak. Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean eskolak ematen ditu Zuberogoitiak, eta trantsizio digitalaren eragina sakona dela uste du: «Kontsumo ereduak eta ohiturak aldatu egin dira. Jendea sare sozialetatik sartzen da edukietara zuzenean, hedabideen webgune nagusitik egin beharrean. Albisteak patxadaz irakurtzearena ere bukatu da; irakurleak saltoka ibiltzen dira albiste batetik bestera, hedabide batetik bestera. Ekosistema berri horretan, parte hartzea eta interakzioa funtsezko elementu bilakatu dira, erabiltzaile gazteentzat batez ere».

Irakurleen ohiturez gain, ordea, edukietan ere aldaketa sumatu du Zuberogoitiak: informaziotik entretenimendura, idatzizkotik ikus-entzunezkora. «Dezenteko jauzia izan da. Ikerketa askoren arabera, osagai ludikoa gailentzen ari da, eta populazio sektore gazteenek eskatzen dutena da entretenimendua, informazio hutsa baino gehiago. Horregatik, nagusiki idatzizkoak ziren hedabideen eredua zaharkitua gelditu da, eta ikus-entzunezkoaren omnipresentzia ekarri du Internetek. Gainera, gailu adimendunei esker, nonahi ikus ditzakegu bideoak eta enparauak. Hedabideen ardatza desplazatu egin da, idatzizko informaziotik ikus-entzunezkoetara».

Paradigma aldaketaz gogoeta egin du Irati Agirreazkuenaga EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultateko irakasle eta ikerlariak ere. Argi du aldatu egin dela albisteak kontsumitzeko modua, baina ez du uste aldaketa, halabeharrez, txarrerako izan denik. «Ikasturteko lehen egunean, lehen mailako ikasleei galdetu ohi diet ea non kontsumitzen dituzten albisteak, eta gehienek sare sozialak aipatzen dituzte: Twitter, Facebook... Hortik jotzen dute albisteetara, eta egunkariak gutxitan begiratzen dituzte. Horrek zer esan nahi du? Bada, ohiturak aldatu egin direla, baina informazioaren kontsumoak hor segitzen duela».

Komunitatea eta kalitatea

Izan ere, Agirreazkuenagaren esanetan, duela hogei urteko egunkari irakurleak baino gehiago dira gaur egun albisteak Twitter bidez kontsumitzen dituztenak: «Interesa, albisteen premia, ez da desagertu. Are: informazio egarria areagotu egin da, eta horrek egunkariei egiten die mesede. Baina, balizko irakurle horiengana iritsi nahi badute, aurretik egokitu beharko dute».

Eta egokitzapen prozesu horri izen-deiturak jartzeko tenorean, bat datoz Agirreazkuenaga eta Zuberogoitia: batetik, proiektuari sostengu ekonomikoa emanen dion komunitate bat; bestetik, erreferentzialtasuna. Mondragon Unibertsitateko irakaslearen aburuz, gaur egun «edonork» zabal ditzake informazioa eta irudiak sare sozialei esker. Hedabideek, ordea, erreferente izatera jo beharko luketela uste du. Horretarako, beharrezko ikusten du kalitatearen aldeko apustu bat: «Amateur batek ez du inoiz informazioa landuko profesional baten gisara, prestakuntza txikiagoa duelako, informazioaren lanketari denbora gutxiago eskainiko diolako edota ez dituelako iturriak kontrastatuko. Hortxe dago kazetaritzaren balio erantsia».

Komunikazioaren esparru atomizatuan erreferente bihurtze aldera, espezializazioa nabarmendu du Agirreazkuenagak: «Gauza bat da bat-batekotasuna, albisteak berehala jaso eta irakurri ahal izatea, eta beste bat da sakontasuna; albiste horiek aztertu eta interpretatzea. Hori da hedabideen erronka nagusia: arlo bakoitzean erreferentziazko kazetariak edukitzea. Fake news eta zurrumurruen garaian, irakurleak fidatu eginen dira profesional horiek kontatzen dietenaz».

Digitalizazio prozesuaren eta komunikazio sistema berrien orokortzearekin lotuta, ordea, hedabideen ohiko finantzaketa ereduen gainbehera heldu da azken hamarkadan. «Ez da bakarrik egunkari gutxiago saltzen dela, paperari berari lotutako finantzaketa da ahuldu dena; besteak beste, publizitate salmenta klasikoa asko gutxitu da azken hamar urteotan», azaldu du BERRIA Taldeko kontseilari ordezkari Iban Arregik.

Ataka horretan, edukiengatik kobratzen hasteko hautua egin dute hainbat hedabidek. AEBetan, The New York Times eta The Wall Street Journal dira bide hori urratu duten egunkari historikoetako batzuk. Bada alternatibarik, ordea. Herrialde Katalanetan, adibidez, bide berriak urratu ditu Vilaweb agerkari digitalak. Europako egunkari digitalik zaharrena da, 1995. urtean sortu baitzen. Ordutik, «unean uneko errealitatera» egokitu direla dio Vicent Partal zuzendariak: «Beti pentsatu dugu Vilaweb-en edukiek denontzat eskuragarri egon beharko luketela, gure erantzukizun soziala baita informazioa ematea eta gertatzen dena jendeari azaltzea; hortaz, berehala baztertu genuen ordainpeko albisteak ezartzeko aukera». Horren ordez, komunitateko kide izateko aukera eman zieten irakurleei: «Bizitza aldatu zigun horrek. Gure lan baldintzak bermatzeaz gain, oso hartu-eman berezia sortu da erredakzioaren eta Vilaweb komunitateko kideen artean».

Bide beretik jo zuen BERRIAk ere, BERRIAlaguna egitasmoarekin, eta emaitzarekin pozik azaldu da Arregi: «Komunitatea oinarrizkoa da proiektu honentzat. 15.000 lagunetik gora dira BERRIA-ri ekarpen ekonomikoa egiten diotenak, eta hori oso kontuan hartzekoa da. Baina hori baino askoz ere gehiago dira BERRIAlagunak: BERRIAren komunitatearen muina eta bizitza dira. Haien babesik gabe, nekez iraun dezake hedabide batek, are gutxiago hizkuntza gutxitu batean». EHUko eta Mondragon Unibertsitateko adituek ere argi dute hedabideen eta erabiltzaileen arteko lotura indartzea dela independentzia —editoriala nahiz ekonomikoa— bermatzeko aukera onena. Gakoa eman du Zuberogoitiak: «Komunitate baten parte dira irakurleak, eta bere egiten dute proiektua, gertu sentitzen dutelako».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna