Kataluniako prozesu subiranista. Epaiketa

Prozesuari buruz bi begirada

Sanchezek eta fiskalak talka egin dute Ekonomia Kontseilaritzaren miaketaren egunean gertatu zenaren inguruan. Vila kritiko agertu da 2017ko udazkeneko Generalitatearen kudeaketarekin. Bideoak albisteren barruan.

Jordi Sanchez ANCko presidente ohia Auzitegi Gorenean, atzo, xingola horia soinean duela. TRIBUNAL SUPREMO / EFE.
ander perez zala
2019ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
2017ko irailaren 20an, goizean goizetik, Guardia Zibila miaketak egiten izan zen Bartzelonan, aurreko egunetakoei jarraikiz. Egun horrek, ordea, bazuen berezitasun bat, Kataluniako Gobernua zegoelako jomugan: guardia zibilak Generalitatearen Ekonomia Kontseilaritzan sartu ziren, Oriol Junqueras garai hartako presidenteordeak zuzentzen zuen eremuan; baita Raul Romevak gidatzen zuen Atzerri Kontseilaritzan ere. Gutxienez hamabost goi kargudun atxilotu zituzten, tartean gobernuan pisu handia zutenak. Denera, 40 miaketa baino gehiago izan ziren, kontseilaritza, instituzio eta beste hainbat guneren artean. Miaketa horiei buruzko albistea berehala zabaldu zen lau haizeetara, eta herritarrek protestarako bidea hartu zuten, Biltzar Nazional Katalanak (ANC) eta Omnium Cultural elkarteak Rambletara joatera dei egin zutenean; Jordi Sanchez ANCko presidenteak esan bezala, «modu baketsuan protesta egitera». Urte bat eta bost hilabete pasatu dira protesta horretaz geroztik, eta deitzaile horren errealitatea erabat aldatu da: Sanchezek ANCren buruzagitza utzi zuen, Junts per Catalunyaren (JxC) diputatu da Kataluniako Parlamentuan, eta presidentegai ere izan zen. Baina egun U-1aren kontrako epaiketaren protagonista nagusietako bat da, 2017ko irailaren 20an izan zuen rolagatik: «Ez zen [Ekonomia Kontseilaritza] erasoz hartzeko saiakerarik izan egun horretan. Kontakizun hori faltsua da», ziurtatu zuen atzo Sanchezek.

Hasieratik argi zegoen ANCko presidente ohiak toki berezia, protagonismo berezia izango zuela epaiketan. Ez soilik egotzi dizkioten delituengatik matxinada— eta harentzat eskatu duten zigorrengatik —17 urteko espetxe zigorra eta 17 urteko inhabilita-zioa—, baita auzipetuen artean xingola horia daraman bakarra delako ere. Herri akusazioaren (Vox alderdiaren) abokatuek Manuel Marchena epaimahaiko presidenteari eskatu zioten xingola debeka zezala aretoan, baina ezezkoa jaso zuten, eta Sanchezen irribarre bat ere bai, iristear zegoenaren seinale.

Jordi Turullekin gertatu bezala, ANCko presidente ohiak eta Javier Zaragoza fiskalak talka egin zuten 2017ko irailaren 20an Ekonomia Kontseilaritzaren egoitzaren kanpoan gertaturikoaren inguruan —galdeketaren parte handiena horri buruz izan zen—. Fiskalak estu hartu nahi izan zuen Guardia Zibilaren zazpi autoen egoera aipatzean, baina Sanchezek, xingola horia soinean zuela, zalantzarik gabe erantzun zion ez zela indarkeriarik izan: «Bai, auto horiek kalteak izan zituzten, baina ez genuen guardia zibilen miaketak oztopatzeko asmorik».

[youtube]https://youtu.be/8LqiWVMFj64[/youtube]

Egun horretako protesten irudiaz gain, oihartzun handia izan zuen ere Sanchez bera eta Omnium Culturaleko presidente Jordi Cuixart Guardia Zibilaren auto batera igo ziren uneak. Biek lasaitasunerako deia egin zieten parean zituzten 60.000 herritarrei: «Bai, guardia zibilen auto batera igo nintzen, baina lasaitasun mezu bat adierazteko izan zen. Operazioaren agintea zuen tenientearekin hitz egin nuen hori egin aurretik», azaldu zuen atzo.

[youtube]https://youtu.be/JxVWwVC8WwE[/youtube]

Fiskalak baietz, Sanchezek ezetz; horrela aritu ziren biak tarte luze batez 2017ko irailaren 20ko protestetan indarkeriarik izan ote zenaren inguruan. Baina auzipetuak egoerari buelta eman nahi izan zion, eta U-1aren egunean gertaturikoaz galdetzean, hor bai, indarkeriaz aritu zen, polizien indarkeriaz: «Boto emaileek egiazko izuz bizi zuten eguna».

Argudiatze argia zuen prestatua auzipetuak, eta beharrezkoa izan zuen hori erabiltzea, Zaragoza fiskala hura nahasten saiatu baitzen; ANCko presidente ohiak esan ez zituen adierazpen eta egin ez zituen ekintza batzuk jarri zituen auzipetuaren ahoan, haren jarrera desegonkortzeko asmoz. Sanchez ohartu zen horretaz, eta une askotan deseroso sumatu zitzaion.

[youtube]https://youtu.be/bP5u6EjuSfw[/youtube]

Ia bost ordu iraun zuen auzipetu horren galdeketak, orain arteko luzeenetarikoak. Haren aurretik, askoz ere tarte txikiagoan, beste auzipetu batek erantzun zien galderei.

Bestelako ikuspuntua

Zer izango du Santi Vilak buruan egunotan? Mugimendu independentistako askorentzat, «traidorea» da, «traizio» egin zien, independentzia deklarazioa baino egun bat lehenago dimisioa eman zuelako, 2017ko urriaren 26an. Beti defendatu omen ditu haren ideiak, eta horien defentsan ez omen dio uko egin talkari, haren gobernukideekin bazen ere, beharrezkoa bazen ere. Ziurrenik, dimititu aurreko egunetan, asteetan, bakarrik sentitu zen, eta ezintasunak bultzatuta hartu zuen erabaki hori.

Vila auzipetuen azken lerroan egon da eserita epaiketa hasi zenetik; dena atzetik ikusi du, keinu bakoitza, esan bakoitza, mugimendu bakoitza. Dimisioa eman zuelako, azken unean atzera egin zuelako, beste ikuspuntu bat zuelako eta, nola ez, Espainiako Gobernuarekin negoziatzen saiatu zelako; hainbat arrazoirengatik zuen berebiziko garrantzia Enpresa kontseilari ohiaren deklarazioak. Finean, beste mota bateko deklarazioa izan zitekeelako. Eta hala izan zen: atzo, Vila epaimahaiaren aurrean eseri zen eta, lehenengoz, gainontzeko auzipetuen aurrean. Atzean zituenen babesa, konfiantza, miresmena al zuen? Haren lankideak izan zirenen agurra, behintzat, jaso du egunotan.

Enpresa kontseilari ohiak ez zuen mugimendu independentistarekin adiskidetzeko asmorik. Nahi zuena, behar zuena, pentsatzen zuena erantzun zuen atzo, eta distantzia jarri zuen: «Erreferenduma mobilizazio politiko erraldoi bat bilakatu zen, nik inoiz erreferendum gisa aitortu ez nuena». Ez zen adierazpen entzutetsu bakarra izan: «Trantsiziorako legea ez luke onartuko ezta Zuzenbideko lehen mailako ikasle batek ere».

Deklarazioaren parterik interesgarriena U-1aren eta haren dimisioaren arteko 25 egunen kontakizuna izan zen. Haren esanetan, independentzia galdeketaren ostean, emaitzak ulertzeko bi joera nagusi bereizi ziren mugimendu independentistan: emaitzei balio loteslea ematen ziena, eta mobilizazio garrantzitsu gisa ulertu zutenena, baina parte hartu ez zuten herritarren kopurua ere esanguratsua zela nabarmentzen zutenena. Vila bigarren joeran zegoen: «Frustratuta dimititu nuen, batzuek pentsatzen genuelako Kataluniako Gobernua herritar guztien gobernua zela».

2017ko urrian Espainiako Gobernuarekin hitz egin zuen goi kargudunen artean zegoen Santi Vila. «[Carles] Puigdemont presidenteak eskatuta, solaskide politikoekin, erlijiosoekin, enpresa mundukoekin eta erakundeetako kargudunekin hasi ginen hizketan. Interesik gabe, eragotzi nahi genuen hori dena gaizki bukatzearen zentzugabekeria». Haren esanetan, saiakerek fruituak eman zituzten, urriaren 25ean Puigdemontek hauteskundeetarako deia egiteko erabakia hartua baitzuen: «Uste genuen lortu genuela. Baina [herritar askok] presidenteari traidore, koldar eta halakoak esan zizkioten hurrengo egunean». Hori izan zen inflexio puntua, Vilaren iritziz. Fiskaltzak 7 urteko espetxe zigorra, 16 urteko inhabilitazioa eta 10 hilabeteko zigor ekonomikoa (egun bakoitzeko ehun euro) eskatu ditu harentzat, desobedientziagatik eta diru publikoa bidegabeki erabiltzeagatik.

[youtube]https://youtu.be/9GQZZOI8YBc[/youtube]

Epaiketak datorren asteartean jarraituko du, 09:30ean abiatuta. Cuixarten eta Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente kargugabetuaren txanda izango da; horiek amaitu ostean, lekukoak hasiko dira deklaratzen, tartean Mariano Rajoy Espainiako presidente ohia, Artur Mas Kataluniako presidente ohia eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria.

Disidentzia politikoaren kontrako epaiketa

Bide mozketak, bidea aurkitu nahian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.