Angel Erro.
JIRA

Begi kliska

2020ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Asteko notizia sinpatiko ia bakarra. Angela Merkelek, gizabanakoen arteko aldea mantentzearen aldeko gomendioekin batera, agian bere uztatik, proposatu du, gizabidea mantentze aldera, bostekoaren ordez, elkarren begietara so egin eta irribarrea luzatzea. Gehienetan ihes egiten zuen besteak, formula hori erabiltzen saiatzen nintzenean tabernetan. Alemanian akaso ez da horren larderiatsu geratuko. Pentsarazi dit tokian tokiko agur moduak zenbat aldatzen diren. Dagoeneko ez ditut kalean ikusten, hilko ziren gehienak, nire haurtzaroan, ibiltzeari uzteko inolako zantzurik gabe, espaloi batetik bestera garrasika eta lehor elkar agurtzen zuten agureak (gizonezkoak ziren). Aita bera ikusi izan dut senideren batekin horrela egiten. Horretara itzuliko gara? Neure buruarengan ere aldaketak sumatu ditut. Irudipena dut gero eta afektibitatea erakutsi zaleago bihurtu naizela edo bihurtu garela denok. Bekaina altxatzetik eskua ematera, hortik bi muxu ematera eta, gero, baita besarkada bat inoiz. Ezpainetan muxu laburra inoiz, mokokada. Adinean gora eta agian gogoan hegora ere egin dudan arabera neur daitekeen garapena bada. Azkenaldian begia kliskatzen hasi naiz, atzerakada edo aurrerapausoa ote den ez dakit oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.