Angel Erro.
JIRA

Espaziotik ere

2021eko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Munduko aberatsak bere ontzietan espaziorantz abiatzea bihurtu da dagoeneko kirol olinpiko? Zenbat dira dagoeneko? Ez da hirugarrena, hegoafrikar edo kanadar ile-lazgarri horrek oraindik lurra utzi izarrarteko osteratxoa emateko? Hiruren artean nor joan da (edo joanen) gorago, azkarrago, indartsuago? Nork irabazi du? Nork galdu, erraza da asmatzen.

Aztarna bat eman zuen, ia txantxetan eta esannahi lukeena baino gehiago emanez aditzera, Jeff Bezosek aurrekoan, hamar minutuko ibilalditxotik itzulitakoan, «hau guztia zuek ordaindu duzue» aitortu zuenean. Bezeroen artean lortutako toki hegemonikoak eta langileen esplotazioak (eskapismo fiskalari gehituta) ahalbidetu dute kapritxo burugabe, berekoi eta ezin garestiagoak asetzeko beste dirua pertsona bakar baten eskuetan egotea. Hemen lehiaketa bat baldin badago, porrot handiena horixe da.

Aspaldikoa den ez dakit, nik egunotan ikusi dut neska batek manifestazio batean zeraman pankarta txikia ingelesez (honetan ere indibidualismoa nagusitu da, nork bere eslogana ekoiztu eta autopromozionatu behar du, mezu komunean konfiantza galduta). Ezin argiago adierazita hau ere guztion porrota: Okerreko Amazonia ari da erretzen. Espaziotik ere ikus daitekeenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.