Oriol Junqueras. Generalitateko presidenteorde eta ERC alderdiko presidentea

«Immobilismoari hautetsontzi eta demokraziarekin erantzuten diogu»

Espainiako Estatuak «trabak jartzen» besterik egiten ez dakiela dio Junquerasek. Kataluniako prozesu subiranista, hala ere, aurrera doala dio: «Erreferendumaren emaitza bete beharrekoa izango da, eta, beraz, egin egingo da». Etengabeko judizializazioaren aurrean, bidea «demokrazia maximizatzea» dela uste du.

DANI CODINA.
Saioa Baleztena Rudi.
Bartzelona
2017ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Oriol Junquerasek (Bartzelona, 1969) Generalitateko presidenteorde karguan urtebete egin duen aste berean hartu du BERRIA. Inkestek ERCri garaipena eman dioten honetan. Eta Soraya Saenz de Santamaria Espainiako presidenteordearekin elkartu eta biharamunaren biharamunean.

Carles Puigdemont presidentearen argazkia du bulegoan, Generalitateko Ekonomia eta Ezagupenaren Idazkaritza Orokorraren egoitzan. Junqueras Ekonomia eta Ogasun kontseilaria ere bada, ezen ekonomia ikasteari ekin zion, historia garaikideko eta modernoko lizentzia lortu bazuen ere. Urteetan izan da historia irakasle Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Eta, akaso, hortik datorkio etengabe errepikatzen duen esaldia: «Historia liburuek kapituluak eskainiko dizkiote bizitzen ari garen abaguneari».

Zortzi urterekin egin zen independentista, eta erreferendumaren defendatzaile sutsua da egun, modako politikaria bilakatzeraino eta hondarrean zegoen alderdia berpizteraino. 2011tik da alderdi errepublikanoko presidentea, eta urte hartatik 2015era arteizan da Baix Llobregateko Sant Vicenç dels Horts herriko alkate eta oposizioko buru Kataluniako Legebiltzarrean.

Asteartean elkartu zinen Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordearekin Madrilen. Biharamunean, asteazkenean, esan zenuen ezetzetik harago ez zenuela beste erantzunik jaso. Zer espero duzu Elkarrizketa Operazioa izeneko estrategiatik?

Esperientziak erakusten digu ez dugula ezer espero behar sekula proposamenik egin ez duten horiengandik; egin duten gutxietan, beti izan da ez betetzeko. Baina, esperientziak bakarrik ez, gaurkotasunak ere erakutsi digu ez daukatela proposamen zehatzik ez politikoki, eta ez teknikoki ere. Azken hilabeteetan baliorik gabe utzi dizkiguten helegiteak horren erakusle dira.

Erreferenduma egin egingo dela adierazi zenion Saenz de Santamariari. Carles Puigdemont presidenteak ere «erreferenduma edo erreferenduma» beste aukerarik ez dagoela adierazi du. Nola, baina?

Ba ohiko hauteskunde prozesuekin ahalik eta antzekotasun handiena izango duen hauteskunde prozesu baten bitartez, nazioarteko komunitatetik iristen zaizkigun gomendioak betez.

Zertan bereiziko dira erreferenduma eta azaroaren 9ko galdeketa?

Hasteko, bete beharreko eginbidea izango duela. Alegia, behin eta berriz argitu dugun bezala, erreferendumaren emaitza bete beharrekoa izango da, eta, beraz, egin egingo da. Bestalde, hainbat neurri egongo dira, ohiz kanpoko parte-hartze prozesu batetik urrun, erreferenduma hauteskunde prozesu arrunten antzekoagoa bilakatuko dutenak. Izan ere, galdeketa bat egiten ari gara, eta ez parte-hartze prozesu bat. Beraz, azaroaren 9ko galdeketaren oso bestelakoa izango da, erreferendumak izango dituen bete beharreko inplikazioei, ezaugarri teknikoei eta borondate politikoei dagokionez.

Espainiako Estatuak Kataluniako politikariak judizializatzeko bidea hartu du. Zein da zuen estrategia jokaera horren inguruan?

Demokrazia maximizatzea eta herritarrak boto eskubidearen jardunean inplikatzea. Espainiako Estatuak Kataluniarekin berezkoa duen immobilismoari hautetsontzi eta demokraziarekin erantzuten diogu; boto txartel eta galdetegiekin, demokrazia sustatuz, alegia. Horrela sentitzen garelako erosoen, eta horrela garelako indartsuagoak. Jakin badakigu Espainiako Estatuaren legezkotasuna diktadura frankistaren ondarea dela, eta guk, aurrez aurre, demokrazia eta legezkotasuna jartzen dugu.

Otsailaren 6an Artur Masen, Irene Rigauren eta Joana Ortegaren kontrako epaiketak hasiko dira. Kartzelan bukatuko al duzue galdeketa sustatu duzuen politikari guztiek?

Guztiaren gainetik, guk gure esku dagoen guztia egingo dugu katalanek euren etorkizuna erabaki dezaten. Espainiako Estatuak trabak jartzen jarraitu du, noski, besterik egiten ez dakielako, eta hori egin duelako beti; beraz, ez da albiste berria izango. Begi bistakoa da Espainiak trabak jartzen dituela, ez bakarrik ardatz nazionalean, baizik eta baita ekonomikoan eta justizia sozialean ere. Guk, hala ere, aurrera egiten dugu; gure ekonomia haziz doa, eta geroz eta neurri gehiago ditugu azpiegitura justuago bat izateko, Espainiako Estatua bere zor publikoaren hedapena eteteko gai ez den bitartean.

Barcelona en Comu eta Podem batu egin dira erabakitzeko eskubideari Erreferendumaren Aldeko Itun Nazionalean. Oinarri soziala zabaltzea da orain gakoa. Independentista ez den sektore horrek lagunduko al du horretan?

Uste osoa dugu demokrata orok lagunduko duela. Erreferenduma sekulako demokrazia ariketa izango da, eta ulertzen dugu demokrata guztiak sentitu beharko liratekeela gonbidatuta, bermatzaileak diren heinean. Demokrazia eskubide baten bermerik handiena baita bozkatzea.

Jakina da Espainiako Estatuak bere egiturak erabili dituela, Fernandez Diaz ministroaren bitartez, adibidez, azpijokoan, prozesu subiranistaren kontra. Halakoak salatzeko aukera ere izango da erreferenduma?

Noski, izan ere, zein berme dute Espainiako Estatuko demokratek jakiteko Espainiako Estatuak ez duela egin aipatzen duzun gisako azpijokorik euren kontra? Zeinek daki, adibidez, halakorik egin ote duten PSOEren kontra? Edo sindikatuen kontra? Beraz, Estatuak edozein herritarren oinarrizko eskubideak erasoz gero, demokrata orok parte hartu beharko luke horren kontrako prozesu demokratikoan. Guk hango eta hemengo justizia eta demokrazia ekinbide guztiekin bat egiten dugun bezala, komenigarria litzateke demokrata oro batzea erreferendumaren alde, ezeren gainetik ariketa demokratikoa baita.

Hauteskundeen itzala hor dago. Alderdiak kalkuluak egiten ariko zarete dagoeneko. La Vanguardia egunkariak aste honetan argitaratu duen inkestaren arabera, ERCk irabaziko lituzke hauteskundeak, 37 diputaturekin, PEDCatek baino hamar gehiago. Egoera eroso batean zaudetela erakusten al dute emaitza horiek?

Herritarrek eman ziguten agindu demokratikoa betetzea da gure helburua, eta, horretarako, bide bakarra erreferenduma da. Hori da gure helburu gorena, eta horretan baliatzen ditugu indar guztiak, inkesten eta bestelako agertokien espekulazioak alde batera utzita.

Bati baino gehiagori kosta egiten zaio ulertzea urte anitzetan banatuta egon diren Convergencia eta ERC elkarrekin ikustea orain.

Herritarrek agindu digute herri hobe eta justuago bat izateko estatu berri bat sortzea, eta helburu hori nahikoa sendoa eta beharrezkoa da, zeharkakotasunean lan egin eta indarrak batzeko. Ezingo dugu lortu katalanek nahi eta merezi duten gizarte eta ekonomia bat, ez bada lanabes hoberenen bitartez. Eta, horretarako,elkartasuna premiazkoa da.

Urte giltzarrian dago Katalunia. Bortz urtean zeharo aldatu da argazkia. Mugimendu independentista %20aren babesa zuen gizarte mobilizazioa zen, eta Europako masa mugimendurik garrantzitsuenetako bihurtu da. Zein izan da gakoa?

Zalantzarik gabe, katalanek euren etorkizuna erabakitzeko duten beharra. Gizarte justuago bat sortzeko desioa eta demokraziarekiko sineste osoa elkartu dira. Testuinguru horretan mobilizazioa erabatekoa izan da, herritarrek argi dutelako demokrazia tresnarik egokiena dela erronka hori asetzeko. Kataluniako esperientziak argi erakusten du hori dela edozein mobilizazio sozial edo politikoren gakoa. Nik dakidala, hemengoa ez da Europako masa mugimendurik garrantzitsuenetakoa, baizik eta garrantzitsuena. Europan ez dago beste gizarte mugimendurik urtez urte gai izan denik kalean milioika lagun biltzeko. Kataluniako mobilizazioaren antzekorik, zorionez, ez dago beste inon. Eta zorionez diot, demokrazia sasoi onez bizi duten herriek zorte itzela dutelako.

Ez al duzu uste Espainiako Estatuaren jokaerak ere lagundu diola independentismoari?

Sekula ez ditu gauzak erraz jarri; ahal izan dituen traba guztiak jarri dizkigu. Beraz, berrikuntzarik handiena ez da hainbeste Estatuaren jarrera, baizik eta Kataluniako gizarte zibilak independentziaren alde mugitzeko izan duen gaitasuna. Albiste ona da geroz eta gehiago izatea.

Hilabete barru bozkatuko dira 2017ko aurrekontuak Parlamentuan. Kostata, baina, badirudi CUPen babesa izango duzuela azkenean.

Gure ardura da proposamen hoberena aurkeztea, eta sinetsita gaude egin duguna oso ona dela. Aurrekontu hedakorra da, eta 170 milioi gehiago bideratuko dira gizarte politiketara. Horrek ez du aurrekorik, ez gure herrian, ez eta gure inguruko beste edozein administrazio publikoan ere. Uste dugu honen alde bozkatzea egokia litzatekeela; izan ere, jokoan dagoena da 170 milioi euro gehiago izatea gizarte politiketara bideratzeko.

CUPekiko harremanak nola daude oraintxe?

Dagoena da elkarlanean jarraitzeko eragile guztion borondatea. Iraganean, orain eta etorkizunean. Hala ere, guk ahalegin guztia egingo dugu beti, elkarlana ahalik eta eraginkorrena izan dadin, indarra jarriz adostasun guneak lortzeko. Azken finean, zeharkakotasunean lan egitearen ondorioetako bat da prozesua zabala eta konplexua dela. Horregatik, ezinbestekoa da helburu nagusitik ez desbideratzea. Meritua Kataluniarena da, besteak beste, indarrak metatzeko gai izan delako,ideologia desberdinak alde batera utziz eta herritarren agindua betez. Aniztasunak elkartzen gaitu, eta elkartasunak sendotzen.

Historialaria zara. Nola definituko zenuke Kataluniak gaur egun duen abagunea?

Kataluniakoa demokrazia bokazio handiko gizartea da. Egunetik egunera egiaztatzen da gehiago garela errepublika berri batean bizi nahi dugunak, eta, betidanik independentistak izan garenok orain arte amore eman ez badugu, gutxi ginenean, orain ere ez dugu emango, hainbeste garenean.

Eta Euskal Herriak duen abaguneaz zer duzu esateko?

Tira, niri ez dagokit Euskal Herriaz hitz egitea. Tokiko herritarrek egin beharko lukete argazkia. Baina, hala ere, Kataluniaren inguruan aipatutako guztia kontuan hartuta, uste dut agerian gelditzen dela Euskal Herriaz dudan ikuspegia. Euskalduna izango banintz, aurreko erantzunetan aipatu ditudan gakoak erabiliko nituzke han. Tira, ikusiko dugu ea hazia itsasten den... [Barrez].

Sei urte pasatu dira ETAk su-etena aldarrikatu zuela. Espainiak, baina, ez du urratsik egin. Zer irizten diozu horri?

Zoritxarrez, hori ere elkarrizketaren hasieran aipatzen nuen jarreraren ondorioa da. EspainiakoEstatua immobilismoan murgilduta dago aspalditik. Ez du sekula erraztu bete-beteko demokraziren aldeko ibilbidea. Are gehiago, Espainiako Estatuak nahiago du, elkarlana eta elkarrenganako errespetuaren ordez, inposizioa eta konfrontazioa. Espainia beldur da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.