Belgika: goia jo nahi du behingoz

Romelu Lukaku. MARTIN DIVISEK / EFE.
enaut agirrebengoa
2021eko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Belgikak talde aparta du aspalditik. Urrezko belaunalditzat jotzen dute askok Eden Hazard, Kevin de Bruyne, Romelu Lukaku, Thibaut Courtois eta enparauek osatzen dutena. Alabaina, oraindik ez dute titulurik altxatu. 2016ko Eurokopan final-laurdenetan kanporatu zituen Galesek, eta 2018ko Munduko Kopan, berriz, hirugarren izan ziren, finalaurrekoetan Frantziaren kontra galdu ostean. Hiru urte daramate FIFAren sailkapeneko lehen postuan, baina ezer gutxirako balio die horrek, txapelketarik irabazi ezean. Hortaz, behingoz gailurrera iristen saiatuko dira orain. Partida guztiak irabazita sailkatu ziren, hamarretik hamar; 40 gol sartu zituzten, eta hiru jaso.

Hazard eta De Bruyne dira Roberto Martinezek zuzentzen duen taldeko izar nagusiak. Bada, zalantzaz inguratuta daude biak ala biak: bata ez da batere ondo aritu azken bi denboraldietan, Chelseatik Real Madrilera joan zenetik, hain justu. Haatik, selekzioan beti jokatu izan du ondo; jokalaririk onenetan bigarrena izan zen Errusiako Munduko Kopan. Manchester Citykoak, berriz, haustura bikoitza izan zuen aurpegian Txapeldunen Ligako finalean, eta, ziurrenik, ez du jokatuko Errusiaren kontrako debutean.

Lukaku, ordea, sasoi betean iritsiko da, Interrekin 30 gol sartu eta gero. Baita Courtois ere, Real Madrileko jokalaririk onenetakoa izan baita sasoi honetan. Urrezko eskularrua irabazi zuen azken Munduko Kopan, eta ez du ematen Eurokopa honetan parekorik izango duenik, Ter Stegenek eta Oblakek ez baitute parte hartuko. Aurretik, defentsako lerro beteranoa izango du. Zelai erdian, adi Yuri Tielemansek egin dezakeenarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.