Gehiago ekoiztea, mesede ala kalte?

Nafarroa eta Errioxako sor-markek prest dituzte landatutako mahats eremuak handitzeko proposamenak. Madrilen teilatu gainean dago orain pilota; urtea amaitzerako erantzun beharko du. Eskariak kontuan hartzea espero du sektoreak. Gehiegizko eskaintzak, hala ere, prezioak amildu ditzake. Kezka nabari da.
Tamaina handiagoan ikusi

Oihan Vitoria -

2015eko azaroak 8

Gehiago landatzea ez da beti gehiago saltzea; are gutxiago, ardoa tartean badago. Sektorea liberalizatzen ari da urratsez urrats. Europako Batzordearen neurria da horren isla: urtero mahats eremuak asko jota %1 hazteko beta emango die estatuei. Kontsumoa gora doan honetan eremu landatuak urritzen ari direla iritzita, esportazioetan hazteko parada ikusten du Bruselak.

Eskualdeetan finkatu beharko ditu urte batetik besterako gehienezko mugak Europako herrialde orok. Bruselaren neurria ez da derrigorrezkoa. Arriskua, berriz, bistakoa da: ekoizpen eremua 9.500 hektarea handitzea dagokio Espainiako Gobernuari, eta landatu nahi dutenek gune errentagarrienetara joko dute. Ezinegona sortu du horrek, nola ez, eta, gogoetaz betetako zenbait hilabeteren ondoren, proposamenak Madrili igortzeko prest dituzte dagoeneko Nafarroako eta Errioxako sor-markek; berriki onetsi dituzte.

Sektorea, oro har, erabat kritikoa da neurriarekin hasieratik. Alberto Saez EHNEko kide gisa ari da Errioxa sor-markako kontseiluan, eta ez dago ados gehiago ekoiztearekin. Ez deritzo batere beharrezko: «Hektarea bakoitzeko 6.500 kilo mahats biltzen genituen lehen; ia 7.000 kilo atera beharko ditugu orain».

Gehiegizko eskaintzak, edonola ere, prezioak amiltzea ekarriko duen ziurtasuna du sindikatuko ordezkariak. Zalantza printzarik ez du Saezek: «Hemendik aurrera salmentak handituz gero, mahatsak ekoizteko hektareak ere handitu beharko ditugu ezinbestean, eta prezioak jaitsiko dira». Zergatik? Zailagoa izango zaielako ekoiztutako guztia saltzea eta soberakinak sortuko zaizkielako. Saezek esplikatu du: «Eskaintzak eskaria gainditzen duenean, berehala amilduko dira prezioak, hondoa jotzeraino kasik, beti gertatu den moduan; ziur nago».

Eta horrek sektorea desorekatuko al du? «Desorekatu ez dakit, baina okertu, bai. Ardo asko sartuko da merkatuan: eskaria nahiz eskaintza balantza batean jarriko ditu, eta prezioek behera egingo dute», erantzun du Errioxa sor-markako UAGA sindikatuko ordezkari Jesus Bauzak, eta erantsi du ardoaren ekoizpena alboko lurraldeetara joango dela. «Errioxa gainezka dago; apenas dago tokirik. Erreferentea da, eta nahitaezkoa da mugak ezartzea, inguruko eremuetara joan aurretik».

Nafarroako sor-markaren kontseilu arautzaileak, baina, aho batez alboratu du aukera hori. Orain arteko eremuari eustearen aldeko apustua berretsi du, gehienez ere 55 hektareako hazkundea proposatuta —egungo esparruaren %0,5 da—. Erabakiak ez du kalapitarik eragin. «Hein batean, Nafarroan ez dagoelako errentagarritasunik: prezio irrigarrietan saltzen da mahatsa, eta gehiago landuz gero, akabo!», esan du Nafarroako EHNEko teknikari Ruben Osesek.

Ehun kiloko, 72 litro ardo

Eta situazio hori aspalditik dator. «Zoritxarrez, ez da berria, ez; horren erakusle Nafarroako mahastien heren bat erauzi dituztela azken urteotan: lurraldean erabilgarri zeuden 11.000 hektareetatik 7.000 baino ez daude erabilgarri orain; eremuaren %50 galdu dute kasik». Horregatik, hain zuzen, prezioei eustea eta oreka mantentzea erdietsi dute Nafarroan, sor-marka desagertu ez dadin.

Errioxan ere berdina gerta daitekeela dio Bauzak. Heldu den urterako, mahastien eremua %0,6 handitzea proposatuko du hango sor-markako kontseilu arautzaileak. 64.526 hektareako egungo eremuari 387 erantsi beharko dizkiote, beraz. Kopurua, haatik, aldakorra izan daiteke urte batetik bestera. 2016tik aurrera, esaterako, hektareak ere handitu ahalko dira salmentak gora doazen neurrian. Errua erreformari leporatu dio Saezek, erritmoa kolokan jar dezakeela eta. «Normalean, ehun bat kilo mahatseko 70 litro ardo egin ditzakegu. Baina, hurrengo urtetik aurrera, 72 litro ardo egin beharko ditugu ehun kiloko».

Orotara, bildutako mahatsetatik bost milioi litro sortzea eragingo die horrek ekoizleei, eta beldur dira; makalaldian sartzeko arriskua ikusten dute. «Ez du inolako zentzurik», kritikatu du Osesek. Madrilen oniritziaren faltan, zehaztuak dituzte dagoeneko baldintzak, baina, urtero-urtero, berrikusi egin beharko dituzte, irizpideak moldatzen joango baitira salmenten arabera. «Eta 2016ko abuztuaren 31n urteko salmenten igoera %1 baino handiagoa izaten bada, 2017rako irizpideak aldatuko dira: mahastien eremua %0,6 handitu ordez, %1 handitu beharko dugu, 650 hektarea gehituta. 2018an, berdin», dio Bauzak.

Bada, berriz, %0,6 kopuru sinbolikotzat duenik. EHNE sindikatuko kideak oroitarazi du upategien aspaldiko eskaera dela mahastien eremuak handitzearena. «Ez zaie batere axola mahasti jabeei zenbat kostatzen zaien ardoa ekoiztea; lehengaiak nahi dituzte, besterik ez». Bauzak, ordea, zalantza handiak ditu, eta gaztigatu du neurriak sor-marken izaerari berari kalte egin diezaiokeela.

Funtsean, egindako eskaerak kontuan hartzea espero du sektoreak. Erabakiak hartzea haiei dagokiela uste dute Saezek, Bauzak eta Osesek. «Ezer esaten ez badugu eta eskaririk egiten ez badiogu, Madrilek men egingo die Bruselaren nahi guztiei, eta, orduan bai, galtzen irtengo gara», ohartarazi du Osesek. Iritzi bera du Saezek: «Sektoreak, ikerketa ugariren altzoan, eskatu dionari bide ematea litzateke logikoena, sektorearen zati bat kontra agertu arren».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Ekian parke fotovoltaikoa, Erriberabeitin (Araba). ©EKIAN

ENKANTEEN ARO BERRIA

Irune Lasa

Lehenbailehen eta ahalik eta gehien. Klima larrialdiari aurre egiteko, izugarri ugaritu beharko dira argindarra iturri berriztagarrietatik sortzeko instalazioak, eta, helburu hori ganoraz bete nahian, modu antolatuan eta lehia handituz, Espainiako Gobernuak berriztagarrientzako enkanteen sistema aldatu du.
Negoziazioei beste aukera bat ematea hobetsi zuten atzo Boris Johnsonek eta Ursula von der Leyenek. ©VICKIE FLO RES / EFE

Bieiretatik pizzetara

Irune Lasa

'Brexit'-erako trantsizio epea bukatzear, harreman berrirako negoziazio amaigabeetan dihardute Erresuma Batuak eta Europako Batasunak. Gaur Bruselan elkartuko dira bi aldeak berriz.
Denda bat, Bilbon. ©Aritz Loiola / FOKU

Ekonomiak udan izandako erreboteari hiru hamarren gehitu dizkio Jaurlaritzak

Xabier Martin

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako BPGa %15,5 handitu zen uztailetik irailera. Iazko epealdi berarekin alderatuz, %7,2 uzkurtu da ekonomia
Bi kargaontzi Bilboko portuko uretan, eta edukiontzi ugari pilatuta azpiegiturak duen lautadan. ©LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Gaur bukatuko da Bilboko portuko greba, negoziazioei atea irekitzeko

Imanol Magro Eizmendi

57 eguneko protestaldiaren ondoren, zamaketariak ohiko erritmora itzuliko dira goizean. Bilbo Estibak Lan Ministerioaren bide orriari marra gorriak jarri arren, zamaketariek aurrera egin nahi dutela berretsi dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.