Angel Erro.
JIRA

16-60

2018ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Anton Figueroa irakaslea hitzaldi bat ematera etorri zitzaigun fakultatera. Artean nik inoiz pentsatu gabeko kontu bat aipatu zuen, gogoan ez dudan olerki bat hizpide. Oker ez banago, poeman aitona eta biloba agertzen ziren (euskarazkoa ez zelako frogabidea dugu amona ez agertzea aitonaren ordez), historiatik kanpo kokatuta dauden bi pertsonaia, azaldu zigunez irakasleak, bi bazterreko: bata lan merkatutik atera delako eta bestea oraindik ez delako sartu; mundua eraldatzeko bi ezgaitu, bi subjektu antzu, bizialdiaren mutur banatan zain egotea beste zereginik gabeak, horrexegatik beragatik elkarrekin bat eginak, zibilizazioaren bazterrean. Euskal iruditegiak kutsatuta egonen nintzen, zeinaren arabera amona eta biloba elkartzeak kultur transmisioa adierazten duen, purutasuna, soka eten ez dela (ik. Lizardi), errebelazio gisa bizi izan bainuen.

Eskola hari esker, ez nau batere harritu Ukrainak ezarri berri duen debekuak: 16-60 urte bitarteko gizon errusiarrak Ukrainara ezin sartzearena, etsaiaren ekintza subertsiborik saiheste aldera. Honako hau ez da gerratik hurbileko egoeraren analisi zorrotza. Hutsalkeria da (barkatu). Literatur topiko baten iraupenaren egiaztatzea. Gerra, mundua, historia nork egiten duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.