Angel Erro.
JIRA

Politikoki zuzena

2019ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Zuzentasun politikoaren aurkako aurreiritzia egoten da. Politikoki zuzenak ez du ospe onegirik. Eztabaida berriro haizatu da orain aste batzuk, Justin Trudeauren argazki zahar batzuek argia ikusi dutenean, non Kanadako presidentea gaztetan agertzen baitzen gizon beltzez mozorrotuta, aurpegia margotuta eta zarpailak jantzita. Duela hogei urtekoari oraingo begietara egoki irizten ez zaionez, iritzi artikuluren bat baino gehiagotan irakurri nuen Trudeau zuzentasun politikoaren gatibu edo biktima zela. Edonor ohartu daiteke berehala arazoa ez dela hori, zuzentasun politiko jakin baten pean egotea baizik, zuzentasun politiko berri baten pean, hain zuzen. Gizartean gauden guztiok beti egoten gara arau sozial batzuen arabera epaituak egoteko mendean. Baina gizartea aldatzen den neurrian, gizarte horrek zuzen edo desegoki irizten duena ere aldatzen doa. Horregatik beren burua politikoki ez-zuzentzat jotzen dutenak atzerakoiak izaten dira (denok ohartuko zineten), lehenagoko gizabidetik mugitu nahi ez dutenak. Horregatik, bai, ohartu naiz, nik maite dut zuzentasun politikoa, gizartea moralki eta politikoki aldatzen doan neurrian onargarria zer den birdefinitzen duen mekanismo gutxi gorabehera askea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.