Angel Erro.
JIRA

Hator, hator

2019ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Etxera (ahal dutenak!) itzultzeko garaia izaten da honako hau. Etxekoak berriz ikustekoa. Baina baita utzi genuen herria berriz bizitzekoa ere. Aste honetako egun seinalatu batean, aitarenean bazkaltzera joan aurretik, buelta bat eman dut sorterrian. Hemen bizitzen egon bitartean egitera ausartuko ez nintzen zerbait egin dut: ardotara joan naiz bakarka. Taberna batetik bestera handitzen joan zait herrimina. Lehengusu bat topatu dut, baita ikaskide ohi batzuk ere (ez naute guztiek agurtu). Bat-batean toki bizigarria iruditu zait Burlata. Horrelakoetan beti egiten diozu zeure buruari galde zergatik joan ote zinen, erantzuna ongi ezagutu arren. Agian ez nituen egokitutako kartak ongi jokatu. Maitasuna eta, are, sexua ere Euskal Herrian ezin irudikatzera iritsi nintzen. Erretrospektiboki badakit hori ez zela egia (zertan izan). Erretrospektiboki ari naiz sorterria bisitatzen. Pozik edaten bakarka, dagoeneko ez naizelako etsiturik bakarka edaten egonen zen tipo hura. Tarteka erdi ikusten dut neure (orduko) burua, jarrera batzuetan, baina, ez, ez naiz hura. Orain ni naiz hona lasai itzul nintekeen tipoa, beharbada bikotean etorri ere, baina oraindik ez itzultzea erabakita duena, badaezpada (eta ahal duelako!).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.