Angel Erro.
JIRA

Argazki txarrak

2020ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Aplikazio batek orain urtebeteko argazki bat ekarri du orainera. Orain urtebete Aste Santuan geunden. Gaur, zehazki, ostirala zen. Ni beste toki batean nengoen oporretan. Euria egin zigun, barra-barra. Orduko argazkiak ikuskatzen jarraitu dut. Etxetik ezin ateratzeak melankolia errazten du. Lehen bulkadan pentsatu dut haietako asko ezabatu beharko nituzkeela, garbitu beharko nukeela sakelakoaren memoria, Diogenes digital bilakatzeko bidean nabilelako. Bat edo beste desagerrarazi dut (nora joaten dira argazki ezabatuok?), bakarrik ni edo nire bikotekidea guapo azaltzen garenekoak gordetzeko asmoz. Berehala ohartu naiz ezabatutakoak, argazki zahar txarrak, direla oroimenari gehien eragiten diotenak, barrenak gehien mugiarazten dituztenak.

Inon zintzilikatuko ez zenituzkeen, arruntaren arruntaz inori erakutsiko ez zenizkiokeen irudiak izaten dira, batzuk nahi gabe ateratakoak, ez une ikusgarri batean edo oroigarri baten aurrean, ahalik eta txukunen kokatuta, egunerokoaren lekuko fidagarriagoak baizik, galbahe estetiko eta nartzisistatik ausaz libratutakoak, sakelakoaren edukiera eskasak oraindik sakrifikarazi gabeak. Salbuespen zaretelako, maite zaituztet; zorion une ezjakinak dakartzazuelako iraganetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.