Angel Erro.
JIRA

Liburuarena (II)

2020ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Liburu abandonatua ireki eta argazki zahar bat aurkitu dut, ez zuri-beltzezkoa, zahardade berrikoa baizik, kolore biziduneko arropa daraman familia bat edalontzi eta plater marroiz betetako mahai baten inguruan. Nirea izan zitekeen. Guztiek irribarretsu begiratzen diote kamerari. Begiak itxita ageri dira bi. Inperfekzio mota bat, gaur egun argazkia ezabatzera eramanen gintuena. Oraingo argazkietan akatsik gabe agertzen gara, baina, horren trukean, galkorragoak dira.Inork ez du aurkituko gure oraingo argazki bat kalean abandonatutako liburu baten orrialdeen artean, ez inon ere. Gure zoriontasun posatuaren biziraupena aplikazio informatikoaren esku utzi dugu, irakurtzen ez ditugun baldintzen mendean. Oroitzapen horiek guztiak aienatuko direlako susmo lanbrotsuak argazkiak etengabe ateratzera eramaten gaitu. Saturazioz edo zaharkitze programatuaz memoria galtzera kondenatutako mundu baterantz goaz. Halere, presentea presente bizitzeko halako uzkurtasun batek jota gaude. Une iheskorrari heltzeko sakelako telefonoa erabiltzen dugu beti tartekari.

Liburuko argazkia paperontzira bota dut, hemendik urte batzuetara nire familia dela pentsatzeko okerraz babesteko neure burua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.