Angel Erro.
JIRA

Usainak

2021eko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Kontatuko dizuet zer gertatu zaidan. Gaur Poesiaren Eguna da. Antzinako Musikaren Eguna ere bada. Azken honek nolabaiteko azalpena du Johann Sebastian Bach martxoaren 21 batean jaio izan zelako datuan, nahiz eta data juliotar egutegitik gregoriarrera itzuliz gero hamar egunez atzeratu beharko genukeen. Baina zein da gaur Poesiaren Eguna izatearen zioa? (Ipar hemisferioan) ekinokzioa gaur gertatzea izan daiteke azalpen bat, udaberriak zenbat olerki eragin dituen aintzat hartuta, gehienak txepelak. Baina ez luke horrek poesia eskolako ariketara lerratuko?Ez luke udazkena (olerkietan, nahiago izaten dutenez, larrazken deitutakoa) diskriminatuko?, hark ere hainbeste bertso-lerro inspiratu baititu.

Azalpen argirik gabe, Internetera jo dut. Ikusi dut beste zenbait egun nazioarteko ere ospatzen direla gaur. Basoena edo koloreena, esaterako. Hauek ere udaberriagatik, edo guztiz arbitrarioa da santutegi laiko hau? Kontua da hau guztia gogoan sartu naizela dutxara. Eta gel berriaren usainak iraganeko puntu zehaztugabe batera eraman nau. Nondik datorkit usain ahaztu hau? Zenbat usain galdu dira betiko? Poesia utzi eta horri buruz idaztea erabaki dut. Badaezpada bilatu dut usainek noiz duten nazioarteko eguna. Gaur, haiek ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.