Angel Erro.
JIRA

Mesfidati

2019ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Monetak gorde, poltsatxo baten bildu eta Hilarion Eslava eta Ermita kaleen kantoira abiatzen ginen tarteka. Hor bankuetxe bat zegoen eta barruan nire adineko iruindar gehienok gogoan izanen duten makinatxo bat, moneten truke topegallo izeneko puntu itsasgarriak ematen zituena. Dagoeneko ez da bankua ez bankuetxea existitzen. Iruñeko kutxa txiki hori, Nafarroakoarekin fusionatu eta hainbat amets megalomano eta arduragaberen ondoren, ketan gelditu da, baina oharkabean, txartel aldaketa luzearen ondoren, La Caixako bezero egin nau, besteak beste, ilusiorik gabea, baina bezero.

Kutxazain automatiko berriak probatzen ari omen dira La Caixakoak, txartel erabili eta zenbaki sekretua sartu behar gabe, aurpegiko hazpegien ezagutza adimendunaz hornitutakoak. Anaia bikirik ez izateak ez nau gehiegi lasaitzen. Nahikoa dakite bankuan nitaz (nire premiez eta nire eskasiez), orain nire keinu, imintzio eta adierazkortasunaren gordailuzain ere izenda dezaten beren burua, dirua atera behar dudanean aurpegian larritasuna irakurri ahal izan diezadaten (zer esanik ez eragiketa gauez egiten badut). Iruñerritarrok mesfidati fama dugu. Horregatik etorri zait, agian, nekazarien kutxa txiki jatorrizko hura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.