Angel Erro.
JIRA

Hizkuntza baizik ez

2020ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Eroso egoten gara euskaldunok hizkuntz kontuetan. Ilargiari gabe, atzamarrari begiratzeko geure modua da. Atzamarrari edo behatzari? Askotan mamira ez jotzeko aringarria ere bada. Tarteka ikusi dut irakurle klubetan. Egon badago jende asko hitz egiten edo idazten dizun lehen aldia akats morfologiko bat zuzentzeko dela, edo hizkuntz kontu bat aipatzeko, gero berriro desagertuko baita hurrengo hanka sartzera arte, hurrengo eztabaidara arte. Hizkuntz kontuek ez dute inor mintzen. Nik saresozialetan aipamen gehienak lortzen ditut @euskaljakintza-k nik erabilitako berba bat #gaurkohitza aukeratzen duenean. Estimatuta dago, nola ez. Eztabaida bizienak eta luzeenak Twitterren filologoen artean ematen dira (ematen ala gertatzen?), zeina ez baita harritzekoa, denok garelako filologoak gurean, ni barne. Arizonan botoak Trumpek ala Bidenek eramanen ote zituen oraindik erabakitzeke zegoenean, askok hizpidera atera zuten iparramerikar estatu horren euskal etimologia ustezkoa, enegarrenez. Batek esan lezake Arizonaz ez dakigula eta ez zaigula interesatzen beste deus, Haritz Ona esan nahi dezakeela baizik. Agian horrela disimulatu nahi dute gutariko askok hizkuntza baizik ez dugula elkarrekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.